
Max sarietarako izendapenak lortu dituzten artistak elkartu dira astearte goizean Bilboko Campos Eliseos antzokian. Guztira, bost euskal ikuskizun daude hautagaien artean: ‘Esnearen Kolorea’-k bi izendapen lortu ditu, antzerki ikuskizun onenaren sarirako eta Aitziber Garmendia aktore onenaren atalean; ‘Mr. Bo’ obrak beste bi, haur, gazte eta familientzako ikuskizun onenaren sarirako eta jantzien diseinu onenaren sarirako; eta ‘Euskorleans’, kaleko ikuskizun onenaren sarirako.
Ekainaren 16an, astelehena, izango da sarien banaketa Iruñeko Gayarre antzokian. Lehen aldiz, Nafarroako hiriburuan ospatuko da. Aurretik, Bilbon (2021, 2014 eta 2002) eta Donostian (2016) egin dute urteroko gala. 21.00etan hasiko da eta RTVE Play-n ikus daiteke zuzenean edo ‘LA 2’ telebista katean 23.30etatik aurrera, aurrez grabaturik.
Egile eta Editoreen Espainiako Elkarteak, SGAE Fundazioaren bitartez, antolatzen ditu sariak, 1998. urtetik. Hots; aurtengoa, 28. edizioa da. Hainbat epaimahaik aukeratutako hogei ikuskizun saritzen dituzte. Horrez gain, hiru sari berezi ere ematen dituzte urtero: ohorezko Max saria, gizarte arloko Max saria eta publikoaren txaloaren Max saria.
Horren harira, euskal finalistekin topaketa antolatu dute astearte goizean Bilboko Campos Eliseos antzokian. Fran Lasuen Oskorri taldeko kide ohiak gidatu du topaketa. Eibarko kulturgileak jakinarazi duenez, guztira 486 ikuskizun aurkeztu izan dira eta 179 aukeratu izan dira. Haien artean, euskal antzerkiko bost ikuskizun. «Izendapen horiekin frogatzen dugu Euskal Herrian arte eszenikoek indar handia dutela», azpimarratu du Lasuenek.
Hark aurreratu duenez, aurtengo edizioan, Iruñeko Navarro Villoslada antzerki tailerreko arduradunak diren Ignacio Arangurenek eta Vicente Galbetek jasoko dute publikoaren txaloaren Max saria.
«Euskal antzerkiaz harro»
Bilboko Campos Eliseos antzokiak hartu duen artisten topaketan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultura zinegotzia ere agertu da. Olabarriak aitortu du izendapenak «harro» egoteko modukoak direla.
Luis Mari Moreno ‘Euskorleans’ ikuskizunaren bozeramaile gisa azaldu da. Kaleko ikuskizun onenetarikoen artean dago. Euskal doinu ikonikoak uztartzen dituzte jazz musikarekin, eta, esate baterako, Donostiako Jazzaldian egon ziren.
‘Mr. Bo’ obrak, aldiz, gazte eta familientzako ikuskizun onenaren eta jantzien diseinu onenaren (Ikerne Gimenez eta Inma Gomez) sariak lor ditzake. «Oso pozik nago talde honekin lan egiteagatik, izendapenagatik eta konpainiaren kalitatea balioesteagatik», aitortu du Jokin Oregi antzerkigileak.
2017an irabazitako Max Saria gogoratu du Oregik, aurtengoa bereziagoa dela onartu duen arren: «Izendapen hau hobeto jaso dugu, lasaiago gaude, ardura ez da hain handia». ‘Mr. Bo’ umeentzako antzezlan bat da, eta «oso kritika onak» heldu zaizkiela adierazi du Oregik. Ikuskizuna izaten ari den inpaktuari esker, Portugalera, Italiara eta Frantzia aldera joango dira euren obra erakustaraztera.
‘Esnearen Kolorea’ antzezlanak ere beste bi izendapen jaso ditu, ikuskizun onenen artean dago eta Aitziber Garmendia emakumezkoen aktore onenen artean. Ingalaterrako XIX. mendeko nekazari giroko baserri baten testuinguruan jorratzen da istorioa. Garmendia da protagonista eta oso hunkituta azaldu da izendapenarekin: «Duela hogei urteko Aitziber hori gogoan dut orain, ilusio handiarekin hasi nintzen, 24 urte pasa dira oholtza gainean eta aitorpen hau niretzat izugarria da».
Gainera, Talia sarietan beste izendapen bat lortu zuen Aitziber Garmendiak. Antzezlan horrekin horrelako aitorpena lortzeak ilusio berezia egin dio: «Antzezlan hau oso errebindikatiboa da, kontatzen dugun istorioa duela 200 urte pasa zen, eta emakumeen hezkuntza eskubidea errebindikatzen du. Dena den, munduko txoko askotan badaude emakumeak irakurtzen eta idazten ez dakitenak. Orduan, garrantzitsua da niretzako istorio hau kontatzea».

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Periodismo en tiempos de maraña golpista

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?

Sueños de esperanza a la americana
