NAIZ

Ivan Romeo espainiarra Dauphineko etapa garaile eta lider berria aztiena izateagatik

Movistar taldeko gaztelarrak Florian Lipowitzek eta Mathieu van der Poel xaxatu eta gidaturiko ihesaldia baliatu du Dauphineko hirugarren egunean gailendu eta maillot horia janzteko. Faborito nagusiak, asteazkeneko erlojupekoa buruan, ez dira mugitu eguneko muino gogorrean.

Ivan Romeo gaztea, pozarren eta sinetsi ezinda Dauphineko hirugarren etapa irabaztean.
Ivan Romeo gaztea, pozarren eta sinetsi ezinda Dauphineko hirugarren etapa irabaztean. (Anne-Chiristine POUJOULAT | AFP PHOTO)

21 urte baino ez ditu Movistar taldeko Ivan Romeo espainiarrak. Iaz pasa zen profesionaletara eta 23 urtez azpiko kategorian erlojuaren kontra Mundoko Txapelketa irabazteaz gain, dagoeneko bi garaipen baditu profesionaletan. Aurrenekoa, Valentzian eskuratu zuen denboraldi hasieran, eta bigarrena, astearte honetan Dauphineko hirugarren etapa, maila itzeleko ihesaldi bati errematea jarriz. Ez etapa bakarrik, baizik eta sailkapen nagusiko lidergoa ere eskuratu du, egun gutxiren buruan faboritoen maillot horia kenduko badiote ere.

Brioude eta Charantonnay artean 207 kilometro pasatxo egin ditu tropelak eta abiada bizian egin ere. Dauphine Kriteriuma irabazteko faborito diren Pogacar, Vingegaard eta Evenepoel ezustean harrapatu ditu 13 lagunek osaturiko ihesaldi bikain batek. Mathieu van der Poel berbera eta Euskal Herriko Itzuliaren lehian ibili den Florian Lipowitz izan dira ihesaldi hau xaxatu, hauspotu eta gidatu dutenak. Tropelean UAE, Visma eta Soudal lanean aritu dira, batez ere Lipowitzek alde handirik ez hartzeko, baina ez dira iheslariak atzemateko kapaz izan.

Izan ere, 13 lagun asko dira, batez ere tropelarekiko lehian ados baldin badaude. Helmugara iritsi baino 20 kilometro lehenago laugarren mailako gain labur bezain gogor bat izan dute aurrean txirrindulariek. Aurrean izan dira mugimenduak eta neurri baten bakandu da taldetxoa, Lipowitz eta abarren lanari esker. Tropel nagusian, aldiz, Jonathan Milan liderrak amore eman behar izan du aldapa gogorraren eta erritmo biziaren aurrean. Alabaina, faboritoak ez dira mugitu. Dauphinek erlojuaren aurkako saioa izango du asteazken honetan: Charmes sur Rhône eta Saint Péray arteko ibilbide laua. Akaso horri begira, faboritoak isilik eta geldi geratu dira.

Garaipenaren jokoa

Aurrean, hala, etapa garaipena eta lidergoa jokatzeko aukera zabaldu zaie iheslariei. Saiakerak bata bestearen atzetik egin dituzte txirrindulariek, bereziki Florian Lipowitzek. Aldapa gora Ivan Romeo berak ere saiakera egin du, baina bere 193 zentimetroak hobeto moldatzen dira zelaian aldapa gora baino.

Hargatik bigarren eraso kolpea izan da balekoa. Lipowitz atera da espainiarraren atzetik, Van der Poel gurpilean duela. Alemaniarrak herbeheretarrari erreleboa eskatu dio, baina honek ez dio jaramon egin eta hantxe zabaldu zaio garaipenerako atea Romeori. Bere iheskideak mokoka hasi dira, orain erasoa eta geldialdia gero, eta Valladolideko gizasemea, berriz, ekin eta jarrai, 23 urtez azpikoetan zerbaitegatik atera zela Munduko Txapeldun frogatu nahian.

Indartsuena ez zen izango agian, baina bai aztiena eta aukera baliatzen jakin duelako eraman du Movistar taldeko txirrindulari gazteak hain garaipen bikaina, eta baita liderraren maillota ere. 

Tropel nagusia irabazlearengandik minutu pasatxora helmugaratu da. Ondorioz, faborito nagusiek galdu duten denbora buelta ematea posible dute. Nolanahi, Florian Lipowitz ezusteko aurkari petrala ere gainditu beharko dute hurrengo jardunaldietan. Ivan Romeok, berriz, akaso, erlojupekoan maillot horiari eutsiko dio, baina hala ez balitz ere, helburuak bikain beteta amaituko du Dauphine Kriteriuma.