NAIZ

Udako zesta-punta denboraldia ostiral honetan hasiko da Markina-Xemeinen

Ekainaren 13tik uztailaren 16ra pilotaririk onenak arituko dira Uni-an. Ostiral honetan lehen jardunaldia izango da, 19.00etan hasita, eta sei jardunaldi izango dira guztira: Grand Slameko bost eta Karmen Eguneko jaialdi berezia.

Udako denboraldian parte hartuko duten puntistak, astearte honetan Markina-Xemeinen.
Udako denboraldian parte hartuko duten puntistak, astearte honetan Markina-Xemeinen. (ERAMAN JAI ALAI)

Ostiral honetan hasiko da udako zesta-punta denboraldia Markina Xemeingo “Uni” udal pilotalekuan. Nazioen Ligako aste intentsioa gaindituta, bueltan dira Jai Alai League-ko lehiaketa ofizialak, kasu honetan, Slam kategoriako (maila goreneko) txapelketa batekin. Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez, Nazioen Ligako txapeldunek Markina-Xemeinen estreinatuko dute beraien nazioarteko titulua eta gainera, biek ala biek, markinar bana izango dute kantxan lagun. Erkiagak Ibarluzea eta Lopezek, Alex Goitiandia.

Ion Ibarluzea markinarra seigarrena da Jai Alai Leagueko rankingean. 4.910 puntu lortu ditu orain arte, batez ere Eusko Label Winter Series eta Bilboko Iron Cup txapelketan egindako lan onari esker. Txapeldun izan zen Winterrean (bi urtez jarraian) eta finalerdietara heldu da Bilboko Deportivon. Denboraldi amaieran (irailean) Final Four-eko azken fasea jokatuko da Donostian eta bertara sailkatzea da goi-goian dabiltzan pilotari guztien helburua. Lau aurrelari eta lau atzelari sailkatuko dira Final Four-era eta Ibarluzea, momentu honetan sailkapeneko laugarren atzelaria da, Manci mutrikuarrarekin borroka estuan (bosgarren atzelaria, 4.280 punturekin). Beraz, Markina-Xemeingo Grand Slama eta herritarren babesa garrantzitsuak izango dira Ion-entzat, Mancirekiko abantaila handitzeko.

Hiru markinar kantxan

Ibarluzeaz gain, Grand Slam honetan beste bi markinar izango dira: Jon Zabala atzelaria (duela hiru urteko txapelduna) eta Alex Goitiandia, Estatu Batuetan Magic City-ko frontoi laburrean jokatzen aritu dena. Zabalak Johan Sorozabal izango du aurrean lagun, eta Alex Goitiak, Imanol Lopez zumaiarra: Nazioen Ligako txapelduna eta Markina-Xemeingo Grand Slameko egungo txapelduna.

Gainerako bikoteak Laduche-Lekerika, Goixerri-Manci eta Urreisti-Basque dira. Azken hauek aurre-kanporaketa fasea gainditu behar izan dute Markina-Xemeingo “Uni”-an Grand Slama jokatzeko. Azken urteetan pilotari bikainak ari dira ateratzen Mutrikutik ere eta horren erakusgarri, Grand Slam honetan hiru mutrikuar izango direla: Eñaut Urreisti, Mikel Mancisidor eta Ekaitz Mendizabal “Goixerri”. Markina-Xemein eta Mutriku artean 15 kilometro besterik ez daude.

Emakumeen bi partida

Grand Slameko final handia uztailaren 13an jokatuko da eta handik hiru egunera, uztailaren 16an, Karmen Eguneko urteroko jaialdi berezia. Finalaren egunean (uztailaren 13an) emakumeen ordubeteko kiniela bat jokatuko dute lau bikotek: Erika-Oaia, Helena-Arai, Lur-Maia eta Maite-Alize. Bi bikote onenek, Karmen Eguneko jaialdian jokatuko dute.