Will Mossek ekarpen handia egin du Kapitaineko 'Freerider'-ekin
20 urteko eskalatzaile estatubatuarrak ibilbide hori 24 ordu baino gutxiagoan igo du flash eran; hori egiten lehen eskalatzailea bihurtu da. Barbara Zangerl austriarrak ere estilo horretan eskalatu zuen, baina lau egun behar izan zituen.

Azken asteotan, Yosemiteko murru enblematikoenetik, Kapitainetik, berri azpimarragarriak iritsi zaizkigu. Gainera, ia denak eskalatzaile gazteek sinatutako igoerak izan dira. Will Moss horietako bat da. New Yorkeko eskalatzaileak 20 urte besterik ez ditu, eta joan den hilabetean gai izan zen jarduera historiko bat egiteko.
'Freerider' (7c+, 1000 m) zuen helburu; hots, Kapitaineko klasiko bat. Apustu handia egin zuen estiloarekin, eta hain zuzen ere, eite horrek ekarpenaren bidetik jarri du. Kilometro luze den marra hori flash eran biribildu du, baina egun bateko jardunean. Iaz, Barbara Zangerlek mugarria ezarri zuen flash eran 'Freerider' igo eta gero. Lau egun behar izan zituen igoera historiko hori egiteko. Bada, Mossek, estilo berean, 24 ordu baino gutxiagoan sinatu du lehen ekinaldian eta erorikorik gabe. Hortaz, historia idatzi berri du gazte horrek.
Bitxia izaten ari da eskalatzaile estatubatuarra egiten ari den ibilbidea. Nahiz eta Yosemiten pare bat denboraldi egin dituen, big-wallean edo hormatzarretan ez du eskarmentu handirik. Berriro diogu oso gaztea da. Halere, sasoi zein teknika ikaragarriak ditu. Eta hori batez ere erakutsi du eskalada tradizionalean. 18 urterekin, eskaladaren komunitatearen zimenduak astindu zituen; izan ere, Shawangunks alderdian 9a maila duen 'Best thing in life are free' bidea kateatu zuen.
Lehiaketetan eta boulderrean gogor estutzen ikusi dugu, baina diogun bezala Kapitaineko ekarpen horrek berriro ekarri du lehen lerrora. Mossek aurreratu du azken urteotan 'Freerider' flash eran egitea helburu izan duela: «Xede hori prestatzen ari nintzela, Zangerl oraindik ez zen igoera historikoarekin egin. Haatik, erronka handi hori ezin nuen burutik kendu. Duela pare bat urte, Zangerl handik agertu aurretik, aitarekin 'Freerider' eskalatzera abitu nintzen. Motibazio handia nuen, baina iritsi eta ikusi genuen erabat bustita zegoela. Hurrengo urteko hitzorduari ez nion hutsik egin. Zoritxarrez klimak ez zidan lagundu. Hirugarren eta azken bisitan, berriz, aukera izan dut arrakasta hori lortzeko. Une egokiaren zain egon nintzen, eta apustua bikain atera zait. Hirugarren bisitan asmatu dut!».
Eskalatzaile gazteak aipatu duenez, hirugarren eta azken bisitan erdietsi du ekarpen historiko hori. Stuart Grossman sokakide zuela, Moss goizeko 5etan hasi zen 'Freerider' eskalatzen. Hogeita bi ordu beranduago, Kapitaineko gailurrean zen ibilbide hori flash eran eskalatu ondoren.
Beste bitxikeria bat. Protagonista honek onartu du marra hori flash eran igotzea xede zuela, baina ez egun bateko eskaladan. Hiru eguneko aurreikuspena egin zuen. Baina Moss bikain baino bikainago prestatuta zegoen Zangerlek eginiko eskaladari kosk egiteko edo, bederen, egun batzuk kentzeko. Aldaketaren giltza Heart Ledge luzean kokatu zuen. Ordura arte, eskalatutako bederatzi luzeetan, erritmo ona eramateaz gain, oso eraginkorra izan zen. Egunean eta flash estiloan saiatzeko asmoa puntu horretan indarrean jarri zuen. Jakina, gaztea pozik zegoen hartutako erabakiarekin; izan ere, aurretik zituen luze guztiak erorikorik gabe eskalatu zituen.
Akatsik ez
Izaera horretako proiektu bat aurrera eramateko, eite asko kontuan izan behar dira. Argi dago Mossek teknikoki gaitasuna duela, baina ezin da gutxietsi behar ibilbide hori ia kilometro luze dela. Hortaz, erresistentziak berebiziko garrantzia du. Horrekin batera, eskalatzaile gazteak onartu du 'Freerider' oso egokia dela bere ezaugarrietarako. Boulderrean ondo moldatzen da, eta, adibidez, Boulder Problem luzea egokia iruditu zitzaion garaiera handia duelako. Plaka leunetan ere ez da atzean geratzen, eta eskalatzaile askorentzat beldurgarriak diren offwidht-etan azken urteotan asko aurreratu du. Oro har, Mossek berak aitortu duenez, bere ibilbide laburrean asko hobetu du.
Grosmanekin soka gerrira lotu eta goizeko bostetan 'Freerider'-en eskalatzen hasi zen. Kopetako-argiaren laguntzarekin, besteak beste, bidearen luze gogorrenetako bat eskalatu behar izan zuen: Enduro Corner. Tarte horri dagokionez, lerrotako protagonistak dio neurri batean luzeak duen maila gutxietsi zuela. Borroka handia egin behar izan zuen, baina, era berean, aitortu du uneoro oso seguru eskalatu zuela. Beste era batera esanda, erorikoaren arriskua ez zuela bizi minutu horietan guztietan.
Ibilbidearen 'mamu' bat gainetik kendu zuen, baina oraindik beste luze gogor batzuk eskalatu behar zituen. Freeblast, adibidez, ez zitzaion batere samurra egin. Plaka horiek biribildu eta Boulder Problem luzera arte azkar eta oso kontzentratuta joan zen. 7c+ mailako metro horiek ez zizkioten buruhauste handirik eragin. Ia irudikatu zuen bezala igo zuen. Zailtasun tekniko handienak menderatuta zituen, baina bazuen eskalatzaile askorentzat arazo bihurtzen den 6c mailako Monster izeneko offwidth-a. Mossek, bederen, ez zuen inolako eragozpenik izan luze horretan; aurreratu duenez, azken bi urteotan offwidth-etan asko entrenatu eta hobetu du.
Hogeita bi orduko borroka handia egin eta gero, Moss Kapitaineko tontorrean zen. Eraginkortasun itzela izan zuen. Hortaz gain, ez zuen akatsik egin, eta horrek erorikorik ez izatera eraman zuen. 20 urteko eskalatzaileak Kapitainen beste langa bat ezarri du. Onartu du oso urduri jardun zuela: «Halere, neure buruari jarri nion dema probatu nahi nuen. Azken bi urteotan jo eta su ibili naiz xede horren atzetik. Nahiz eta arrakastarik ez lortu, eskarmentu hori bizi nahi nuen. Oso epikoa izan da eskalada egun hori; inoiz egin dudan luzeena. Aurreko lanari egundoko garrantzia eman nahi diot. Bi urte oso gogorrak izan dira. Entrenatzeaz gain, 'Freerider'-en inguruko informazio zehatz guztia barneratu behar nuen. Luze bakoitzaren xehetasun guztiak ezagutzen nituen. Bai, hori beharrezkoa zen arrakasta lortu nahi banu. Baina kontuan hartu behar da ere, oso gaztea naizela eta izaera horretako proiektuetan ez dudala eskarmenturik. Hein batean, neure buruarekin erabat harritu naiz. Pozarren nago izan dudan eraginkortasunarekin. Sasoiez oso indartsu nago, baina 'Freerider' oso luzea da eta flash eran igotzeko ezin duzu akatsik izan».

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
