J.S.

Autokarabana berri bakoitzeko, bigarren eskuko hiru

Urtea hasi denetik, autokarabana eta kanper furgoneta berrien salmentek ez dute burua altxatzea lortu eta maiatzean %15,27 jaitsi dira. Alderantziz, bigarren eskukoen salmentak %11,5 igo dira, eta une honetan hirukoiztu egiten dituzte matrikulazio berrien datuak.

Autokarabana bat eta bi kanper furgoneta, Bilboko Kobetamendi gunean. Autokarabana bat eta bi kanper furgoneta, Bilboko Kobetamendi gunean.
Autokarabana bat eta bi kanper furgoneta, Bilboko Kobetamendi gunean. Autokarabana bat eta bi kanper furgoneta, Bilboko Kobetamendi gunean. (Monika DEl VALLE | FOKU)

Autokarabana eta kanper furgonetek bidaiatzeko askatasun handia eskaintzen dute eta toki berriak ezagutzeko alternatiba interesgarri bihurtzen dira. Pandemiaz geroztik, gainera, ibilgailu hauek interes gero eta handiagoa piztu dute, oporrak aire librean igarotzeko aukera ematen dutelako. Baina datuek argi uzten dute erosleak ez direla ibilgailu berriak erostera animatzen. Automozio sektoreak bizi izan dituen arazoak eta inflazioak eragindako prezioen igoerak direla eta, erosleek nahiago dituzte bigarren eskuko ibilgailuak.

Autokarabana berriei dagokienez, 2024. urtea susperraldiaren urtea zela zirudien, 2020az geroztik salmentak igo ziren lehen urtea izan zelako. Espainiako Caravaning Industria eta Merkataritza Elkartearen (ASEICAR) datuen arabera, guztira 6.459 ibilgailu matrikulatu ziren merkatu espainolean, aurreko urtean baino %22,12 gehiago.

Aurten, ordea, zenbaki gorriak itzuli dira: 2025eko lehen hiru hilabeteetan ibilgailu berrien salmentek behera egin zuten; apirilean %8,5 igotzea lortu zuten; baina maiatzean, berriro, salmentek behera egin dute, eta ez gutxi: %15,27. Guztira, 672 autokarabana eta kanper furgoneta berri saldu dira merkatu espainol osoan (369 eta 303, hurrenez hurren).

KANPER FURGONETAK

Jaitsiera handiena kanper furgonetena izan da. Izan ere, 2024ko maiatzean 419 saldu ziren bitartean, aurtengo maiatzean 303 besterik ez dira saldu (%27,7 gutxiago). Ibilgailu horien artean gehien jaitsi direnak «urban van» izenez ezagutzen direnak dira, hau da, tamaina ertaina dutenak (VW Transporter, Mercedes Vito, Ford Tourneo Custom eta antzekoak). Iazko maiatzean ibilgailu horiek kanper guztien ia erdia izan ziren bitartean, aurten laurdena izatera ere ez dira iristen (303 ibilgailutik 59 besterik ez).

Beraz, hilabete honetako jaitsiera, batez ere, «urban van» gutxiago matrikulatu izanak eragin du; izan ere, iaz gorakada handia izan zuen ibilgailu mota horrek, baina azken hilabeteetan arintzen joan da.

Era berean, alokairuko autokarabana eta kanperren matrikulazioek ere behera egin dute maiatzean.

Alderantziz, eta ibilgailu berrien salmentek behera egin duten bitartean, bigarren eskukoek gora egin dute. Horrela, 2024ko maiatzean 1.932 autokarabana eta kanper furgoneta saldu ziren bitartean, aurtengo hilabete berean 2.155 saldu dira, hau da, %11,5 gehiago. Kopuru horrek hirukoiztu egin ditu autokarabana eta kanper furgoneta berrien datuak.

Azkenik, autoari lotuta eramateko karabanen salmentak igo egin dira, bai berrien kasuan (127 karabana, %8,5 gehiago), baita bigarren eskukoetan ere (731, %10,25 gehiago).