NAIZ

Gizarte bazterketa arriskuan dauden lagunek kudeatuko duten supermerkatua ireki dute Basaurin

Ostegunean Eroski frankiziako supermerkatu berri bat irekiko du Basauriko Ramon y Kareaga kaleko 1 eta 2 zenbakien artean. Eroski kooperatibaren eta Lanerako enpresaren arteko lankidetzari esker, gizarte bazterketa arriskuan dauden lagunek kudeatuko dute, sei langilerekin.

Supermerkatuan arituko diren zenbait lagun, asteazken honetan eginiko ekitaldian.
Supermerkatuan arituko diren zenbait lagun, asteazken honetan eginiko ekitaldian. (Aritz Loiola | Foku)

Eroski kooperatiba eta Lanerako laneratze enpresa elkarlanean ari dira ekonomia sozialaren arloko proiektu batean eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonek kudeatutako supermerkatu bat irekiko dute Basaurin.

Berrikuntza sozialaren arloko proiektua izanik, ekimenaren asmoa da enplegua sorrarazteko aukera berriak bilatzea lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenentzat, bai eta beste jarduera sektore batzuetako beharrak detektatzea ere, enplegu aukera bihur daitezen, bi erakundeek jakinarazi dutenez.

Eroskiren frankizia erako supermerkatu berria Basauriko Ramon y Kareaga kaleko 1 eta 2 zenbakien artean dago eta sei langile izango ditu. Saltokia 09.00etatik 21.00etara egongo da irekita astelehenetik larunbatera, eta 09:00etatik 14:00etara igandeetan.

Eroski/City izenekoa da, eta, bezeroarenganako arreta pertsonalagoa eman ez ezik, «apustu indartsua» egingo du tokian tokiko produktuen eta sasoiko elikagai freskoen alde. Elikagai osasungarriak sustatuko ditu, eta dirua aurrezteko modu berriak eskainiko ditu eguneroko erosketetan.

Supermerkatu berriak ostegunean irekiko ditu ateak, ekainaren 12an, 09:00etan, baina Eroskiko langileek eta senideek asteazken honetan inauguratuko dute, 18:30ean, erakunde eta enpresa ordezkari ugarirekin batera.

Alberto Madariaga Eroskiko Supermerkatuen eta Prozesuen arloko zuzendariak adierazi duenez, «proiektu honekin aurrerapausoak eman ditugu enplegu sozialaren arloan ditugun konpromisoetan. Frankizia erako gure denda ereduaren lehiatortasuna irekita adgo ekintzaileentzat, kooperatibentzat eta ekonomia sozialeko enpresentzat, eta helburu du gure inguruko enplegu sozialaren dibertsifikazioaren aurrerapausoak ematea».

Bestalde, Lanerako sozietatearen Proiektuen arloko zuzendari Ernesto Callejok azaldu du Eroskirekin duten lankidetza proiektuaren xedea dela «kualifikazio profesionaleko aukerak sorraraztea supermerkatuen sektorean eta, behin kualifikazio profesionala eta esperientzia lortzean, sektorean modu egonkorrean sartzea».

«Enplegua sortzeko aukera zabalak ematen dituen sektorea da. Horregatik, baloratu dugu Eroskiekin indartzea laneratzeko proiektu hau», gaineratu du.