NAIZ
Iruñea

Iruñean etxegabetzea gelditu eta astebetera, emakumeak etxea utzi behar izan du

Joan den asteazkenean Kontseilu Sozialistako eta Etxebizitza sindikatuko zenbait kidek Iruñeko San Lorenzo kaleko etxegabetze bat gelditzea lortu zuten. Asteazken honetan, Polizia bertan agertu da eta emakumeak etxea utzi behar izan du. Udalarekin akordio bat lortuta, beste bizitoki bat izango du.

Etxegabetze honen aurkako mobilizazioa, joan den astean.
Etxegabetze honen aurkako mobilizazioa, joan den astean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iruñeko San Lorenzo kalean joan den asteazkenean gelditutako etxegabetzearen ondoren, etxe horretan bizi den emakumeak asteazken honetan utzi behar izan du etxebizitza, Polizia goizean agertu ondoren. Udalarekin akordio batera iritsi dela baieztatu dio Ahotsari, bere etxea beste bizitoki baten truke uzteko.

Aipatutako hedabideak eman du honen berri eta, jakinarazi duenez, poliziek goizeko lehen orduan atea jo dute sartzeko eta etxegabetzea jakinarazi diote Ana Beleni. Orduan, babes sozialik gabe zegoenez, bere kabuz ateratzea erabaki du.

Iruñeko Udaleko iturriek Ahotsari azaldu diotenez, emakumeak akordio bat lortu du Udalarekin eta beste bizitoki bat emango zaio. Etxebizitza Sindikatuak, aldiz, ukatu egin du akordio hori zegoenik.

«Etxegabetze ilegal» hau salatzeko, elkarretaratzea deitu dute asteazken arratsaldean Udaletxe Plazan, 18.30ean.

Joan den asteazkenean, dozenaka lagunek, Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak deituta, etxegabetzea saihestu zuten. 7.30ean elkarretaratzea egin zuten San Lorenzo kaleko 17. atariaren aurrean, Polizia espainolak etxegabetzea gauzatu ez zezan. Ia hiru ordu geroago, eta istilurik sortu gabe, agenteek alde egin zuten.

Orduan, bertaratutako gazteek poliziek alde egitea ospatu zuten, eta, ondoren, etxetik bota behar zuten emakumea jaitsi zen, bildutakoei emandako babesa eskertzeko.