
Donostiako EH Bilduk ekitaldi berezia antolatu du ostiral honetan, 19.00etan hasita, Blas de Otero plazan. Legegintzaldiaren bigarren erdia hasia delarik, egindakoa azaldu, asmoak partekatu eta 2027ko hauteskundeen ostean hiria berriz gobernatzeko erronkari heltzen diola irudikatu nahi du.
Zenbait krisialdik jota ageri da hiriaren kudeaketa azken boladan (etxebizitza larrialdia, turismoaren hazkundearen inguruko kontrol falta, Bretxa edota San Bartolomeko egitasmoen inguruan dauden arazoak...) EAJko alkate Eneko Goia hiriburuetako agintarien artean inkestetan balorazio okerrena jasotzen duena bilakatu da.
Juan Karlos Izagirre udal taldeko bozeramailearen aburuz, «EH Bilduk lidergo argia du Donostiako hainbat alor estrategikotan: etxebizitza, turismo, gizarte zerbitzuak, mugikortasuna edota herritarrekin elkarlanean aritzea, besteak beste. Gai askotan, Udal Gobernuak gure planteamenduen norabidean diskurtsoak aldatzen hasi dira, aurrerapauso txiki batzuk eman dituzte, baina betiko inertziek jarraitzen dute nagusi. Guretzat garrantzitsuena da herritarrek berretsi dutela gure bidea dela jarraitu beharrekoa».
Maria Irigoienek, Donostiako EH Bilduren arduradun politikoak, ekimenaren helburuetako bat nabarmendu du: «‘Bidean gara gehiago / Un camino compartido’ lemapean, gure komunitatearen indarra erakutsi eta partekatuko dugu. Legealdi erdiko talaiak aukera ematen digu patxadaz, baina ausardiaz, orain arteko lana baloratzeko eta aurrera begirako pausoei buruz hitz egiteko. Ekitaldian gurekin bidea egin duten kide zahar eta berriak bilduko dira, eta haiekin marraztuko dugu etorkizunerako bide kolektibo eta ilusionagarri hau».
Ekitaldia hasiera batean Gladys Enean egitekoa zela zabaldu bazen ere, azkenean Blas de Otero plazan izango da, Egia auzoan. Amaieran, mokadutxo bat eskainiko da, eta Asammer Band talde amazig-ak kontzertu bat eskainiko du. EH Bilduren proiektuarekin bat egiten duen edonor dago gonbidatua.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
