Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Ander Gorostidi
Tarragonako Nastic-eko jokalaria

«Sanseren aurka pastelaren ginga jarri behar dugu iazko arantza kendu ahal izateko»

Sanse utzi zuenetik bost urte daramatza etxetik kanpo  Gorostidik (Tolosa, 1996). Alcorconen pausoak ematen jarraitu eta gero, 2022an, Natstic-era egin zuen salto. Iaz Bigarren Mailara igotzetik gertu egon ziren, eta oraingoan arantza kendu nahi dute, «oso berezia» izango den joan-etorriko lehian.

Audio_placeholder

«Sanseren aurka pastelaren ginga jarri behar dugu iazko arantza kendu ahal izateko»

Loading player...
Ander Gorostidi, Tarragonako Nastic-ekin partida batean.
Ander Gorostidi, Tarragonako Nastic-ekin partida batean. (NASTIC TARRAGONA)

Etxean bezala sentitzen da erdilari gipuzkoarra Tarragonan. Taldean beste bi euskaldun ditu ondoan –Roberto Torres Osasunako jokalari ohia eta Gorka Perez–, eta larunbat honetan eta hilaren 22an Sanseren aurka jokatuko dute Bigarren Mailara igotzeko txartela. Taldearengan konfiantza du Ander Gorostidik.

Bigarren Mailara igotzeko azken pausoa falta dela, play-offetako finalean eta noren eta Sanseren aurka. Bertan hazi zinen zu jokalari gisa. Pentsatzen dut ilusio berezia egingo dizula finala haien  aurka izango dela jakiteak.

Egia esan, bai. Partida berezia; urte asko pasa ditut han Zubietan, eta berezia izango da.

12 urterekin iritsi zinen Zubietara eta 2017an egin zenuen debuta Sanserekin. Zein oroitzapen dituzu?

Denak onak. Azkenean, familia handi bat da, tratua oso gertukoa eta ona izaten da, eta oso oroitzapen politak ditut.

Orain berezia izango da berriro ere etxean, Zubietan, jokatzea, aurkari gisa.

Oso berezia. Urduritasuna nabaria da, baina uste dut kapazak garela emaitza on bat ateratzeko hemen, etxean. Eta gero, Zubietan aspaldiko lagun asko ikusiko ditut, baina momentuz sentimenduak alde batera utziko ditut eta ea gauzak ondo ateratzen zaizkigun.

Bost urte etxetik kanpo. Faltan sumatzen al da etxekoa?

Egia esan, gustura ari naiz. Esperientzia berriak bizitzea gustatzen zait. Tarragonan hiru urte dira jada eta etxean bezala sentitzen naiz. Hemengo, hiriko, jendearekin eta afizioarekin oso giro polita dago. Ondo bizi naiz hemen.

Zure hirugarren denboraldia da Nasticen. Nolakoa izaten ari da esperientzia?

Oso ona. Hemen bizi kalitate handia dago. Gertuko jende asko daukat, jende asko ezagutu dut eta, egia esan, etxean bezala sentitzen naiz.

Iaz ere Bigarren Mailara igotzeko borrokan aritu zineten, baina azkenean, polemika handiarekin ere, Malagaren aurka ezin izan zenuten.

Desilusio handia izan zen. Ilusio handia genuen igotzeko. Denok dakigu zer pasa zen, zorte txarra izan genuen... Baina pasatakoa ahaztuta, orain bi aste geratzen zaizkigu helburua lortzeko.

«Oso oroitzapen politak ditut Sansen. Zubietan aspaldiko lagun asko ikusiko ditut, baina momentuz sentimenduak alde batera utziko ditut eta ea gauzak ondo ateratzen zaizkigun»

Dani Vidalekin hasi zenuten urtea eta Luis Cesar Sampedrok hartu du orain haren lekua, fase erregularra amaitzeko jardunaldi baten faltan...

Ezustean harrapatu gintuen. Ez genuen espero, baina klubak dudak zituen eta azkenean entrenatzailea aldatzea erabaki zuten. Gauza ezberdinak aportatzen dizkigu, kontrol pixka bat gehiago, lasaitasun handiagoa baloiarekin, protagonismo handiagoa... Entrenatzaile bat edo beste bat izan, guk gure lana ondo egin behar dugu zelaian.

Eta zer moduz ari zarete entrenatzaile berriarekin?

Egia esan, ondo. Oker ez banago, bi garaipen eta bi berdinketa lortu ditugu. Momentuz, gauzak ondo ateratzen ari zaizkigu, baina urteko bi aste garrantzitsuenak orain gerturatzen ari zaizkigu eta gauzak ondo egin behar dira. Iritsi gara bukaeraraino eta orain pastelaren ginga jarri behar da. Uste dut kapazak garela kanporaketa aurrera ateratzeko.

Nola dago taldea?

Ondo. Urduritasuna nabaria da, kanporaketa oso garrantzitsua baita, baina ilusio handiarekin gaude; iazko arantza hori kentzeko gogo handia dugu. Momentu gogorrak bizi izan genituen. Taldea oso ondo ari da lanean; hamaika hilabete daramatzagu lan saio asko egiten eta poz  handi bat behar eta merezi dugula uste dut.

Denboraldian zehar 2-1 irabazi zenioten Sanseri Tarragonan eta bana berdindu zenuten Zubietan. Aurrekariak ez dira txarrak. Antzeko partidak espero al dituzu?

Denboraldia gauza bat da eta play-offa, beste bat. Play-offetan beste lehiakortasun maila bat dago. Desberdina da, baina ondo ezagutzen ditugu, badakigu nola jokatu behar dugun eta abantaila horrekin jokatzen dugu. Konfiantza dugu eta seguru gure gauzak ondo eginda irabazteko gai garela.

Alor pertsonalean, kontratua aurten amaitzen zaizu. Zein asmo duzu?

Momentuz ez dugu ezer hitz egin klubarekin. Gauden momentuan, nik uste dut ez dela momentu aproposena hitz egiteko. Ea dena ondo amaitzen den eta hemendik bi astetara klubarekin hitz egiten dudan eta gauzak ondo joaten diren.

Etxera itzuli ala kanpoan jarraitu nahiko zenuke?

Kanpoan jarraitu nahi dut. Esperientzia politak izan ditut etxetik kanpo, bai Alcorconen baita Tarragonan ere, eta momentuz oso pozik nago eta ez daukat etxera bueltatzeko asmorik.