
Automobilaren sektorea etengabeko eboluzioan bizi izan da beti, baina azken urteetan industria horrek ezagutu dituen aldaketen abiadura eta sakontasuna areagotu egin dira. Etorkizun hurbil batean, gainera, auto autonomoek erabat aldatuko dute mugikortasuna ulertzeko dugun modua.
Gaur egun autoak askoz seguruagoak dira orain dela hamar edo hogei urte baino, batez ere gidatzeari laguntzeko teknologia berriei esker. ADAS (Advanced Driver Assistance Systems) izenez ezagutzen diren teknologia horien artean hauek dira ezagunenak: erreiaren nahigabeko aldaketaren alerta, larrialdiko balaztatze sistema, trafiko gurutzatuaren alerta, oinezko edo txirrindulariak detektatzeko sistema, angelu hilaren abisua, atzera martxako kamera edo 360 graduko kamera...
Lagun Aroko autoen arloko arduradun Asier Miguelen hitzetan, «denek istripuak saihesteko laguntza eskaintzen dute. Ondorioz, lesioak eta lesio larriak saihesteko balio dutenez, onuragarriak dira gizarte mugikortasunerako». Aseguru etxeetan aurrerapen horien jarraipena egiten dute eta ondorioak ateratzen dituzte, «gure aseguruen primak etorkizunean moldatzeko».
Izan ere, arlo ekonomikoan ondorio bikoitza dutela nabarmendu du Asier Miguelek. «Alde batetik, argi dago ezbehar gutxiago izaten laguntzen dutela, eta, ezbeharra gertatuz gero, kalteak ez dira hain larriak izaten. Baina bestetik –gaineratu du–, konponketen kostua handitu egin daiteke, ibilgailuak teknologikoki aurreratuagoak direlako eta dispositibo horiek garestiagoak direlako».
AUTOA, ORDENAGAILU BAT
Horrela, aseguru etxeak etengabe aurrerakuntza horiek aztertzen ari dira, beren primen zenbatekoa egokitzeko. Hala ere, batzuetan ez dela erraza izaten azaldu du Lagun Aroko arduradunak, batez ere auto bakoitzak dituen ADAS sistemei buruzko informazio guztia ez dutelako.
Gero eta gehiago, autoa ordenagailu bat da; honenbestez, ibilgailuaren datuetara sarbidea izatea eta sistema horietako datuak partekatu ahal izatea funtsezkoa izango da aseguru etxeentzat.
Edonola ere, aldaketa prozesu hori ez dela bat-batekoa izango, «progresiboa» baizik, uste du Miguelek, batez ere automobilen parkea oso mantso berriztatzen ari delako. Hala ere, zalantzarik ez dauka ezbehar tasa murrizten joango dela eta beren erronka nagusia egoera berria kudeatzen asmatzea izango dela.
Modu batera edo bestera, errepideko segurtasuna areagotzeko aurrerapen teknologiko guztiak «berri ona» direla adierazi du, ez bakarrik gizartearentzat, «baita pertsonei errepideko segurtasuna emateko lan egiten dugun guztiontzat ere».

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala

«Maria Josefa Sansberrok muga asko gainditu zituen, fisikoak eta moralak»

Detenido el conductor del turismo implicado en la muerte de un ciclista el viernes en Anoeta
