NAIZ

‘Beldur Barik’ jaietan eraso matxistarik gabe gozatzeko gida banatu dute

‘Beldur Barik Jaiak’ kanpaina abiatu dute, udarekin batera zabalduko diren jai-guneetan parte hartuko duten gazteei zuzenduta, errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatzeko asmoz. Emakundek gida argitaratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Eudelekin lankidetzan.

‘Beldur Barik Jaiak’ kanpaina aurkeztu dute ostiral honetan Emakundek, Eudelek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek.
‘Beldur Barik Jaiak’ kanpaina aurkeztu dute ostiral honetan Emakundek, Eudelek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek. (IREKIA)

Emakundek, Eudelek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek ‘Beldur Barik Jaiak’ kanpainaren berri eman dute. Kanpaina horren helburua da «gazteei baliabide praktikoak ematea indarkeria matxista identifikatzeko eta horri aurre egiteko, eta errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatzea jaietako eta gizarteko jarduera guztietan».

Udarekin batera jaiak hasiko dira hainbat herritan, eta eraso sexisten prebentzioa kezka orokorra denez, aipatutako erakundeek ‘Beldur Barik’ gida argitaratu dute, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzeko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan banatuko da argitalpena. Bertan, errespetuzko eremuak sortzeko jarraibideak jasotzen dira, baita eraso baten aurrean nola jokatu behar den adierazten dutenak ere, bai biktimarentzat berarentzat eta bai eraso baten testigu izan direnentzat.

Eragile guztiak inplikatuz

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren esanetan, «herri bakoitzean erasoak prebenitzeko dinamikak eta prozesuak sortzea eta indartzea» bilatzen dute, jaietako eragile guztiak inplikatuz.

«Azken helburua da pertsona guztiek jaiak beldurrik gabe eta askatasunean gozatu ahal izatea. Pertsona guztiekiko errespetua bermatzea, ezerk ez baitu justifikatzen eraso matxista bat», azpimarratu du.

Esther Apraiz Eudeleko presidenteak, bestetik, herritarren konplizitatea eskatu du erakundeekin elkarlanean aritzeko. «Gure jaietan poza nahi dugu, ez beldurra; errespetua eta berdintasuna nahi ditugu, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabe».

Gogorarazi duenez, gidak «kontzientziatzea bilatzen du, pertsona bakoitzak jakin dezan gorputzak ez direla baimenik gabe ukitzen. Ez dago festarik, ez dago dantzarik, ez dago balio duen topaketarik ‘bai’ argi eta libre bat ez badago», azpimarratu du.

Gazteen begirada kritikoa

Ildo beretik mintzatu da Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatua ere. «Pertsona bakoitzaren erantzukizun eta konpromiso indibiduala eskatu behar dugu berriro ere». Indarkeria sexista detektatzeko eta horren aurrean jarduteko tresnak erabiltzera animatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasik gazteen zeregina nabarmendu du: «Sarritan, neska gazteak dira eraso matxisten aurrean zaurgarrienak, baina, aldi berean, gazteek kultur aldaketa bultzatzeko gaitasun handia dute: haien begirada kritikoa eta konpromisoa ezinbestekoak dira errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai eredu bat eraikitzeko».

Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailetik, Oscar Seco Zuzendariak azpimarratu du funtsezkoa dela gazteek edozein indarkeria mota identifikatzeko eta geldiarazteko tresnak izatea.

Kanpainak presentzia izango du sare sozialetan eta irratietan, gazterian zuzenean eragiteko. Materialak esteka honetan deskarga daitezke.