
Legealdiaren ekuatorera iritsi berri, Donostiako EH Bilduk ekitaldia egin du ostiral arratsalde honetan Egia auzoan, 2027a du begiz jota, udal hauteskundeen urtea, eta gaurdanik «Donostiak behar duen norabide aldaketa bultzatzeko» agente aktibo izango direla aurreratu dute, «politika hurbilagoa, gardenagoa eta zintzoagoa eginez».
Alderdi batek izan dezakeen «altxorrik preziatuena» bere kidegoa eta militantzia dela aitortu dute, eta ekitaldiaren izenak berak ere horri egiten zion erreferentzia, ‘Bidean gara gehiago. Un camino compartido’.
Horren erakusgarri izan da EH Bilduren komunitateaz inguraturik irudikatutako bidaia. Donostiak mugarri berriak dituela iritzita, baina jada hainbat mugarri bizi izan dituztenaren segurantzarekin, 2011ko «gau magikotik» abiatuta gaur egunerako bidea egin dute etorkizuna irudikatzeraino, hamaika kideren parte hartzearekin. Eta hitzartze bakoitzarekin Donostia koloretsu bat osatzen duen puzzle-mosaikoa eratu dute, bakoitzak beretik emanda parte hartzaileak hunkitzeraino.
2011ko hauteskunde kanpaina aipatu dute lehendabizi, eta galdera bat luzatu diete bertaratutakoei: «Gogoratzen duzue hauteskundeak irabazi genuen gau hori?». Eta orduan egindakoan berretsi dira, «gobernatu genuen, gauzak beste era batera egiten aritu ginen».
Jarraian hurbildu da plazara Reyes Carrere. Aitortu du ez zela legealdi erraza izan beraiena, oposizioan lan egitea ez delako batere erraza, baina une oro helburua oso argi izan zutela gogoratu du: «Pertsonen ongizatea eta duintasuna bermatzea». Urte haietatik jasotako irakasgai handiena jendea dela azaldu du, eta orain ere horri eutsi behar zaiola: «Desberdinak izanik ere helburu bera dugu, Donostia justuagoa, feministagoa, ekologistagoa eta euskaldunagoa egitea. Zerumuga urruti dugu, baina bihotza hemen: komunitatean» esanez amaitu du, eta txaloek hartu dute plaza.
Instituzioak eta kalea
Instituzioetan egindako lanarekin batera, auzoz auzo antolatuz eta kalean egindakoa ere txalotu dute, eta mezu argi bat helarazi dute: «Jende gehiago behar dugu, sustengatuko gaituen jendea behar dugu, hauteskunde garaiaz harago». Eta aldi berean Donostiarentzako proiektu sendo bat dutela adierazi dute, «eta geroz eta jende gehiagoren sinesgarritasuna eta babesa».
Juan Karlos Izagirrek hartu du hitza, lehenik eta behin urteetan EH Bilduren komunitatea osatzen duen kide bakoitzari eskerrak eman eta aitortza egin nahi izan die. Eta urteetan ikasitakoa nabarmendu nahi izan du: «Zer edo zer ikasi badugu, hori izan da taldea zaindu behar dela, elkar zaindu behar garela».
Balorazio azkar bat egin du jarraian: «Asmatu dugu hiriak dituen erronkak identifikatzen, eta jendartearen kezkekin konektatu dugu hiritarrak entzun ditugulako eta haien interesak lehenetsi ditugulako partikularren gainetik».
Etxebizitza da EH Bilduren lehentasunetako bat, eta aldarrikatu dute irtenbideak badaudela, eta horiek egingarriak direla, «borondate politikoa badago posible direnak», zehaztu dute. Eta gogoratu dute Etxebizitza Plan Integral bat aurkeztu zutela, «neurri zehatzekin».
Herritarrei entzun
Herritarrekin konektatzea eta entzutea ere ezinbestekoa iruditzen zaiela azaldu du Izagirrek, eta kritika egin die egun gobernatzen duten alderdiei: «Erabakiak bulego itxietan hartzen dituen Udal Gobernu baten aurrean, entzuketa aktiboa, parte hartzea eta gobernantza kolaboratiboak proposatzen ditugu EH Bildutik».
Egungo Udal Gobernua ordea, ez doala zentzu horretan azpimarratu du, «diskurtsoa pixka bat aldatu dute, baina ez dituzte irtenbideak proposatu, eta gureei ezetz esan diete. Hiri honetan ezezkoaren klub bat baldin badago, klub hori egungo Udal Gobernua da».
«Administrazio publikotik hiriko sektore eta esparru ezberdinetan hartu beharreko norabidea gidatzeari uko egiten zaionean, desgobernua sortzen da eta, ondorioz, publiko ez direnen esku uzten da arazoen konponbidea», adierazi du EH Bilduko eledunak, eta gehitu du etxebizitzaren, turismoaren industriaren, ostalaritzaren edo makro merkataritzaren gaiekin horixe gertatu dela.
Aldaketa, 2027a zerumuga
Horregatik, Donostiak «aldaketa» bat behar duela aldarrikatu dute, eta etsipena ez dela irtenbidea. «Konformismo horren aurrean daukagun antidotoa EH Bildu da. Zuek zarete antidotoa. Askok eta askok partekatzen dugun ideiaren igorle izan gaitezen: beste Donostia bat posible da eta hiri hau birbideratu daiteke politika hurbilagoa, gardenagoa eta zintzoagoa eginez».
EH Bilduk bere kidegoari dei egin dio 2027an eman beharreko «jauzi erraldoiaren» parte izateko. «Duela bi urte ia irabazi genuen, hemendik bi urtera esaldi hau “ia” rik gabe esango dugu, 2027an Donostia irabaztera goaz», esan eta txaloek hartu dute plaza berriro ere.
«Etsipenetik atera nahian dabiltzan donostiar horiek guztiak EH Bildun arnasgunea aurkituko dutela adierazi nahi diegu. Norabide aldaketarako, lidergotza hartzeko prest gaude, eta prestatuak», esanez amaitu du.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)


