NAIZ

Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Nazioen Ligarako hautaketa prozesua zilegitzat berretsi du

EEPFk hautatzen prozesua xehe azaltzen duen ohar baten bidez «goitik behera baztertu ditu» Nazioen Liga amaituta hedabideetan azaldu diren zenbait adierazpen, non «pilotari batzuek hautaketatik kanpo geratu izana iradoki» duten, ustezko «bazterketa edo Federazioaren borondaterik ezaren ondorioz».

Espainiako selekzioarekin Nazioen Ligan aritu ziren pilotariek beren borondatez eta bazterketarik gabe egin zuten hautu hori.
Espainiako selekzioarekin Nazioen Ligan aritu ziren pilotariek beren borondatez eta bazterketarik gabe egin zuten hautu hori. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) oharra bidali du eta goitik behera baztertu ditu Nazioen Liga amaitu ostean hedabideetan azaldu diren zenbait adierazpen, non «pilotari batzuek hautaketatik kanpo geratu izana iradoki» duten, ustezko «bazterketa edo Federazioaren borondaterik ezaren ondorioz». Hargatik, «Gernika-Lumon, 2025eko ekainaren 1etik 6ra bitartean egin zen 54 metroko Nazioen Ligarako hautaketa-prozesua» publikoki eta xehetasun osoz azaldu du, nabarmenduz «berak ezarritako irizpide tekniko, erregelamenduzko eta ekitatezkoei jarraituz egin zela».

«Ander Bilbao hautatzailea ofizialki izendatu zen, eta emakumeen eta gizonezkoen aurretiko hautaketa zerrendak egin zituen. Hauek martxoaren 20an eta 25ean bidali ziren, hurrenez hurren, klubetara», aipatzen da oharrean hasteko. «Aurrez hautatutako pertsona guztiei entrenamendu berezietan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien, behin betiko selekzioak osatu aurretik».

«EEPFk argi eta garbi jakinarazi zuen hautaketa-prozesu bakar batean (Euskadikoan edo Estatu espainolekoan) parte har zitekeela, eta hautaketa apirilaren 1eko 20.00ak baino lehen –klubei ofizialki jakinarazitako azken eguna– egin behar zela. Arau hori, aldi berean bi hautaketa prozesutan parte hartzea eragozten duena, Espainiako Pilota Federazioak ere partekatzen zuen», azpimarratzen du adierazpenak, aurrera jarraitu aurretik.

Errespetua

EEPFren oharrean zehazten denez, «zenbait pilotarik Federazioak antolatutako aurretiko aukeraketan parte ez hartzea erabaki zuten». Eta gaineratzen du «EEPFk ez» zuela «azalpenik eskatu, pilotari bakoitzak zein federazio ordezkatu nahi duen erabakitzeko autonomia errespetatzen» duela ziurtatzen baitu, agirian azaltzen den moduan.

Zehazki, Federazioak aurretiko hautaketan aukeratu zituztenen artean ziren «Markina Zesta Eskola klubeko hiru emakumezko pilotarik eta bi gizonezko pilotarik –bata klub berekoa eta bestea Zumaia K.E klubekoa–, Euskal Selekzioaren aurretiko hautaketan parte ez hartzea erabaki zuten, eta azkenean Espainiako Pilota Federazioko selekzioarekin lehiatu ziren Nazioen Ligan», azaltzen du EEPFren oharrak. Zentzu horretan publikoki azaldu dira Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, Espainiako selekzioarekin joateko Roberto Lekue Ondarroako hautatzaileak deialdian sartzeko «segurtasun handiagoa sentitzen» zutela argudiatu zuten.

«Hala eta guztiz ere, txapelketaren ondoren, zenbait adierazpen publiko zabaldu dira hedabideetan, non pilotari batzuk hautaketatik kanpo geratu zirela iradokitzen den, ustezko bazterketa edo federazioaren borondaterik ezaren ondorioz», penatuta azaldu da Euskadiko Euskal Pilota Federazioa. Honi dagokionez, EEPFk adierazi nahi du «Ander Bilbao hautatzaileak aurretiaz hautatutako pilotari guztiak formalki deitu zituztela» fase honetara, «eta euren ez parte hartzea erabaki pertsonal eta librea izan zela, ez baitzuten Federazioak ezarritako prozesu teknikoan parte hartzea onartu».

«Bazterketarik, ez»

«Ez da inor baztertu», azpimarratzen du oharrak. «Aitzitik, prozesua irekia, berdintasunezkoa eta inplikatutako pertsona guztiekiko errespetuzkoa izan zen. Aurretiko aukeraketan parte hartzea ezinbesteko irizpide teknikoa izan zen selekzio ofizialean parte hartu ahal izateko, eta horrela jakinarazi zitzaien argi eta garbi klub guztiei», nabarmentzen du, bestalde.

«Lehiaketa honen kasuan, Gernika-Lumoko Jai Alai bezalako frontoi berezi eta exijente batean jokatzeak are beharrezkoagoa egiten zuen pilotari bakoitzaren kirol errendimendua zuzenean balioztatzea, txapelketaren berezko baldintzetan», zehazten du oharrak.

Amaitzeko, EEPFren oharrak nabarmen lagatzen du Federazioak «errespetu osoa adierazi nahi» diela «hartutako erabaki pertsonalei», baina aldi berean «adierazpen publikoek egiaztatutako gertakarietan oinarritu behar dutela» azpimarratzen die, «are gehiago Federazio honek egiten duen lan zorrotz, profesional eta konprometituari eragiten diotenean».

Azken puntuan, prozesu honetan guztian «erantzukizunez parte hartu zuten klub, talde tekniko eta pilotari guztiei eskerrak ematen» dizkie berriro, eta «kirol merituaren, ekitatearen eta Euskal Pilota Selekzioaren ordezkaritza duinaren printzipioekin dugun konpromisoa berresten» du.