Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Nahi ala ez, Everestek berriro bereganatu ditu foku guztiak

Amaitu berri den Himalaiako udaberriko denboraldian munduko mendi garaienak 800 igoera izan ditu. Soilik bi mendizalek ez zuten oxigeno gehigarririk erabili: Anja Blacha alemaniarrak eta Pato Arevalo ekuadortarrak.

Amaitu berri den udaberriko denboraldian Everestek 800 igoera izan ditu.
Amaitu berri den udaberriko denboraldian Everestek 800 igoera izan ditu. (Seven Summit Treks)

Azken urteotan, publiko orokorraren eta hedabide zein mendizale askoren aldetik ateraldi bitxiak izaten ari dira udaberriro Everesten gertatzen denaren inguruan. Zerrenda luzea da, baina oso erabilita dauden iritzi horiek alde batera utziko ditugu, oro har, amaitu berri den montzoi aurreko denboraldian Himalaian izan diren emaitzen inguruan aipamena egiteko.

Eta jasotako informazioa ikusi ondoren, ohartuko gara, nahi ala ez, Everest izan dela foku guztiak bereganatu dituena. Denboraldi honetan Himalaiako zortzimilako guztiak berriro erabat komertzializatuta egon dira. Gainera, erraldoi horietatik kanpo, hots, mendi txikiagoetan, ez da ia mugimendurik izan. Libratu den bakarra (?) Nives Meroi, Romano Benet eta Pete Hamorrek osatutako espedizioa dugu. Hirukote horrek Kabru mendian (7.412 m) ukitu gabe zegoen mendebaldeko isurian ‘Himalayan trad’ ibilbide berria eskalatu zuen.

Baina itzul gaitezen Everestera; izan ere, beste zortzimilakoak ez bezala, informazio iturri bilakatu da. Udaberriko denboraldi ofiziala maiatzaren 29an amaitu zen. Khumbuko glaziarra ekipatzen duen ‘Icefall Doctors’ taldeak soka finko eta eskailera guztiak kendu zituen. Hots, ibilbide hori "itxi” eta denboraldia amaitutzat jo zuten.

Hortik aurrera, munduko mendi garaienean izan diren datu esanguratsuenak zabaldu dira. Igoerei dagokienez, erabat baieztatu ez badago ere, 800 izan daitezke. Hegoaldeko isuriari dagokionez, Nepalgo Turismo sailak esan du 694 mendizalek gailurra erdietsi zutela: «Bederatzi espedizio ezberdinetan parte hartu zuten gure herrialdeko mendizaleak izan ziren eta 257 atzerritarrak. Horiei guztiei beste 421 gehitu behar zaizkie. Hain zuzen ere, mendiko langileak, mendi gidariak eta gailurreraino soka finkoak ekipatu zituztenak izan ziren».

Hori Nepalgo isurian izan diren igoerak dira. Iparraldekoan edo Tibetekoan, berriz, gutxi gorabehera ehun izan dira. Denera, 800era iritsi daitezke. Gai horri dagokionez, amaitu berri den denboraldian ez da errekorrik izan. Momentuz, 2019. urteak du kopuru handiena: 885 igoera.

Aurtengoei erreparatzen badiegu, beste denboraldi batez, ia eskalada guztiak oxigeno gehigarriarekin egin dira. Soilik bi mendizale libratu dira erabilera horretaz: Anja Blacha alemaniarra eta Pato Arevalo ekuadortarra. Bi besterik ez. Halere, datu horiek oso normalak dira Everesteko igoeren inguruan hitz egiten denean. Gogoratu behar dugu gailur hori (8.848 m) 11.000tik gora mendizalek zapaldu dutela. Eta horietatik %2k ez dute botilarik erabili; gutxi gorabehera, 200 mendizalek.

Blacha aipatu dugunez, esan behar dugu zortzimilakoen bere ibilbidean ez duela oxigeno artifizialik erabili. Eta dagoeneko, 34 urteko alpinistak hamabi ditu. Bi falta zaizkio: Lhotse eta Shisha Pangma. Beste datu argigarri bat: Gerlinde Kaltenbrunner eta Nives Meroi dira hamalau zortzimilakoen zerrenda bootilarik gabe sinatu duten bakarrak.

Errekorrak

Munduko mendi garaienak ere ateak zabaltzen dizkie marka berriak bilatzen dituztenei. Hots, errekor zaleei. Bada, amaitu berri den udaberriko denboraldian batzuk-batzuk izan dira.

Hasteko eta behin, bi mendi gidari protagonista izan dira: Kami Rita Xerpa eta Kenton Cool. 55 urteko nepaldarrak, adibidez, hogeita hamaika gailur ditu. Britainiarrak, berriz, hemeretzi. Jakina, azkenak maiatzean lortutakoak. Beste langile batek, Tashi Gyalzen Xerpak, lau aldiz zapaldu du tontorra udaberriko denboraldian. Horietako bat ibilbidea soka finkoak ekipatzen ari zen bitartean, eta beste hirurak bezeroak gidatzen.

Abiaduraren eitea kontuan hartzen badugu, gai horretan berri txundigarriak izan dira. Beste kronika batean aipatu genuen xenon gasa erabili zuten lau mendizale britainiarren kasua: Londres eta Everesteko gailurra bost egunetan lotu zuten. Eta itzuliko bidaia gehitzen badugu, denera, astebete.

Bada beste kasu bat, baina oraindik erabat argitu ez dena. Hainbat berriemailek diote Elited Exped agentziaren bezero Andrew Ushakovek New York eta aipatu dugun gailurra lau egunetan lotu zituela. Ez zuen xenon gasa erabili; bai, ordea, oxigeno gehigarria kanpaleku nagusitik bertatik.

Amaitzeko, fastest known time edo ezagutzen den denbora azkarrena kontzeptuaren zaleak Everesten ikusi dira. Bi hain zuzen ere: Tyler Andrews estatubatuarra eta Karl Egloff ekuadortar-suitzarra. Biak ala biak traileko profesionalak. Saiatu dira errekor berriak ezartzen, baina etxera esku hutsik itzuli dira.

Andrewsek hiru ekinaldi egin ditu, eta azkenekoan 8.300 metrora zela atzera egin zuen. Egloffek, berriz, saialdi bakarra egin zuen. Hirugarren kanpalekutik gertu, 7.300 metrora, erronka bertan behera utzi zuen.