
Lakuako Gobernuak «presaz» itxi duen Osasun Itunaren prozesua «opakua eta antidemokratikoa» izan dela deitoratu dute Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek (OPA). Izan ere, «gardentasun faltak eta pribatizazioaren aurkako ahotsen bazterketak markatu» dutela uste dute. Proposamen batzuen artean, aurrekontu orokorrean publikoarena %25era igotzea mahaigaineratu dute.
Kritika eta proposamenen nondik norakoak ostiral honetan Gasteizen egindako agerraldi batean eman dituzte Kontxi Rebollo, Jose Ignacio Martinez eta Juan Minner plataformetako kideek. Prozesuarekin batera, Lakuak «diru publikoa enpresa pribatuetara baztertzen duen eredua mantendu» duela salatu dute.
Beraien ustez, «‘lankidetza publiko-pribatua’ eufemismoaren atzean Eusko Jaurlaritzak osasun publikoa ahultzen jarraitzen du, herritarrei egoera hobetu dela sinetsarazi nahian». «Hala ere, murrizketek jarraitzen dute, bereziki Lehen Mailako Arretan, ordutegi murrizketekin, osasun zentroen itxierarekin eta larrialdiren kolapsoarekin», gaineratu dute.
Itxaron zerrenden arazoaren harira, Alberto Martinez sailburua ere zuzenean kritikatu dute. Dionetez «ez du egia esaten» espezialitate batzuetan batez besteko itxaronaldia 57 egunekoa dela esaten duenean, kasu batzuetan «hainbat hilabetetakoak edo urtetakoak» direlako, plataformen arabera.
Gainera, osasun pribatura bideratutako deribazioak murriztu egin direla dio sailburuak, baina helburu horretarako aurrekontua %11,5 handitu da 2025ean, agerraldian esan dutenez.
Lehen Mailako Arreta lehenestea
Egoera honen aurrean, dokumentu batean «kalitatezko eredu baterako» proposamen sorta bat bildu dute OPA Herri Plataformek, «gizarteko sektore ahulenei arreta berezia eskainiz». Honakoak dira neurrion aurtean nagusiak: pribatizaziorik gabeko zerbitzua; lankidetza publiko-pribatuen eta aparteko ordutegien «erabateko bazterketa»; osasun inbertsioa «premiaz» handitzea; aurrez aurreko eta gutxienez 15 minutuko kontsulta denbora eta gehienez bi eguneko itxaronaldia; profesionalen ihesa saihesteko plantilla nahikoa eta egonkorra bermatzea; sistemaren kudeaketa demokratikoa, parte-hartzailea eta gardena eta Tolosaldean ospitale publiko bat sortzea.
Nabarmendu dutenez, eredu honek Lehen Mailako Arreta dauka oinarri, «ekitatiboagoa delako, gastu txikiagoa sortzen duelako, gaixotasunen prebentzioa eta osasun sustapena garatzen duelako, botiken kontsumo handia eta teknologia garestien gehiegizko erabilera murriztuz».
Honekin batera, osasun mentaleko baliabide gehiago behar direla uste dute, pediatrian eta medikuntza orokorrean psikologia anbulatorioak sortuz. Hauek nahasmenduen kronifikazioa prebenitzeko eta psikofarmakoen mendekotasuna murrizteko «funtsezkoak» direla azpimarratu dute.
Mobilizazioak ekainaren 19an
Bestalde, «betiko murrizketa politiken» eta «desmobilizatzeko asmoaren» aurrean, ekainaren 19an, datorren ostegunean, zenbait mobilizazio deitu dituzte hainbat herritan. Bizkaiko elkarretaratzeak Barakaldon (12.00etan, San Eloy Ospitalean), Durangon (19.00etan, Andra Mari elizpean), Elorrion (19.00etan, Gernikako Plazan) eta Larrabetzun (18.45ean, osasun zentroan) izango dira.
Gipuzkoan aurreko egunean hasiko dira, ekainaren 18an, Zumarragan 18.00etan. 19an Lasarte-Orian elkartzeko deia egin dute, 19.00etan.
Arabakoa Gasteizko Santiago Ospitalean egingo da, ostegunean 18.00etan.
Bestalde, Bilboko auzo elkarteen federazioak elkarretaratzeak deitu ditu egun horretarako, 19.00etan, Deustun, Zorrotzan, Abusun, Santutxun, Otxarkoagan, Solokoetxen eta Bilbo Zaharrean. Agerraldian argi utzi dutenez, presio soziala mantendu behar da eta udaren ostean mobilizazioekin jarraituko dute.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
