NAIZ

‘Tabakalera belaunaldia’ goratu dute Donostian

Tabakalera euskal zinema garaikidearentzako «ekosistema paregabea» izan dela sinetsita, ‘Tabakalera belaunaldia’ goratu dute Donostiako kultura garaikidearen zentroan, honen 10. urteurrenaren testuinguruan.

‘Tabakalera Belaunaldia’ osatzen duten zenbait zinemagile.
‘Tabakalera Belaunaldia’ osatzen duten zenbait zinemagile. (Jon URBE | FOKU)

Tabakalera 10. urteurrena betetzen ari den honetan, Donostiako kultura garaikidearen zentroan ernatu den ‘Tabakalera Belaunaldia’ goratu dute ostiral honetan, eta asteburura begirako ekitaldi programa ere antolatu dute.

Topaketan «kultur ekosistema paregabe» honetan sortu diren zinemagile hasiberriak elkartu dira eraikineko Prisman, eta bertan izan dira  belaunaldi honetako hogeita hamar bat zinemagile: Estibaliz Urresola, Mikel Gurrea, Maria Elorza, Maider Oleaga eta Sara Fantova, besteak beste. 

«Sorkuntzari laguntzeko sistema hau arretaz eraiki da urteetan zehar, sektorearen beharretara egokituta, eta ingurune emankor eta iraunkor bat sortzea ahalbidetu du, zinemagileek lanerako espazioa eta denbora ez ezik, prozesuak eta esperientziak ere parteka ditzaten, elkar aberasten duen komunitate sortzaile eta kolaboratzaile bat landuz», adierazi dute Tabakaleratik.

Tabakalerako zirkuitua zinemagile bakoitzari bere proiektuaren hasierako fasetik azken aurkezpenera arte laguntzeko artikulatuta dagoela ere nabarmendu dute, eta horrela bakoitzak ekosistemaren barruan bere ibilbidea aurki dezala ahalbidetzen dela. Hala, adierazi dute egun ‘Tabakalera Belaunaldia’ osatzen duten pertsonen ibilbideetako askok bide bera egin dutela: «EQZEn trebatu dira; beren proiektua Noka edo Ikusmira Berriak bezalako programetan garatu dute, gidaritza profesionalarekin; postprodukzioa Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Laborategian landu dute, eta filma nazioarteko jaialdi nagusietan aurkeztu dute, hala nola, Donostia, Cannes, Venezia edo Berlinalen. Prozesu horrek zinema egiteko modu berezi bat islatzen du: zinema denboraz, komunitatean eta nazioarteko bokazioarekin egitearen aldeko apustua».

Ospakizunaren parte, ‘Tabakalera Belaunaldia’ proiekzio-zikloa prestatu du Tabakalerak ekainak 13 eta 14 bitartean. Programazioan lau film luze eta film labur bat proiektatuko dira, «kontu handiz» aukeratuak, «etorkizun handiko belaunaldi hau osatzen duten zinemagileen kolektiboaren aberastasun formala eta ibilbide arrakastatsua erakusteko».

Ostiralean 17.00etan Jaime Puertas Castilloren ‘Historia de pastores’ (2024) emango da eta 19.00etan Andrea Sanchezen ‘Frialdad’ (2024) eta Mikel Gurrearen ‘Suro’ (2002). Larunbatean, aldiz, 17.00etan Jaine Cambordaren ‘O Corno’ (2023) eta 19.00etan Ernesto Martinez Bucioren ‘El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja)’ (2023). Kasu guztietan zuzendarien aurkezpena eta zenbaitetan solasaldia ere izango da.

Sarrerak Tabakalerako Informazio Puntuan edo bere webgunean eros daitezke.

‘Tabakalera Belaunaldia’ osatzen duten euskal zinemagileak honakoak dira: Jaione Camborda, Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maddi Barber, Maider Oleaga, Mikele Landa, Maria Elorza, Marina Palacio, Mikel Gurrea, Amaia Merino, Aitor Merino, Maider Fernandez, Arantza Santesteban, Aitziber Olaskoaga, Sara Fantova, Clara Rus, Itziar Leemans, Tamara Lucarini, Maria Ines Gonçalves, Andrea Sánchez, Ainhoa Gutiérrez, Joana Moya, Nerea Castro, Zaira Zanguiti, Maria Monreal, Nagore Eceiza, David Perez Sañudo, Arriguri, Asier Urbieta, Ainhoa Artetxe, Ainize Sarasola, Maria Garcia Marraco, Maia Iribarne, Alba Lozano, Ione Atenea, Saioa Miguel.