Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bakaikoa Buruz Buruko txapeldunak Bizkaia Torneoaren finalerako txartela eman dio Solluberi

Lau eta erdian Sollubek 2-1 irabazita eta binakakoan Kolitzak kanporaketa berdinduta (1-2), erantzukizun guztia buruz burukoan egon da. Azken partida horretan, Etxarri Aranatzeko aurrelaria Beñat Senar baino indartsuagoa izan da 2-1 irabazteko.

Bakaikoak sakearekin min handia egin dio Senarri.
Bakaikoak sakearekin min handia egin dio Senarri. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pilotarientzat ez da batere erraza, garai hauetan, oporretara astebete edo bi aste joan eta berriro lehiaketara itzultzea. Buruz Burukoa amaitu zela aste gutxi batzuk pasa dira, eta asteburu honetan Bizkaia Torneoak hartu dio lekukoa. Ostiralean Oizek lortu zuen finalerdietarako txartela Gorbeari irabazita eta larunbat honetan Sollubek abuztuaren 18an izango den finalerako sailkatu da Kolitzari 2-1 irabazi eta gero. Aurkaria Oiz edo Anboto izango da.

Hirugarren partidan, buruz burukoan, erabaki da dema. Erantzukizun guztia Joanes Bakaikoa egungo B Serieko Buruz Buruko txapeldunari eta Beñat Senarri utzi diete. Etxarri Aranatzeko aurrelariak hobeto kontrolatu du urduritasuna eta, nahiz eta sufritu behar izan duen, hiru setetan irabaztea lortu du (10-4, 5-10 eta 5-0).

Nafarrak sakearekin min handia egin dio Senarri. Lehen joko horretan, azken bost tantoak lehen pilotakadarekin lortu ditu, 5-4tik 10-4ra pasaz. Hor ez da misterio askorik egon.

Bigarren setean, aldiz, gauzak orekatu egin dira. Senarrek abantaila polita hatu du (0-3), baina Buruz Buruko txapeldunak ez du amore eman eta hiruna, launa eta bosna berdintzea lortu du. Orduan iritsi da Senarren berpiztea, bost tanto jarraian eginda eta partida berdinduz (5-10).

Honek amorrazioa piztu du Bakaikoarengan, azken set erabakigarrian 5-0 irabazi baitio, Solluberi finalerako txartela eskainiz.

Lau eta erdian, Agirre nagusi

Jaialdiko lehen partidan, Asier Agirrek nahi baino gehiago sufritu behar izan du Solluberi lehen puntua emateko. Lehen setean ikusitakoaren arabera, pilotariek izan dituzten oportxoak hobeto etorri zaizkio gorriz jantzitako pilotariari. Izan ere, aukera gutxi eman gabe, oso erraz gailendu da 10-2 irabaziz.

Hori bai, partidaren hasiera nahiko arraroa izan da. Zubizarretak luzeegi atera du sakean, eta ondorengoan, Agirrek motzegi. Hala ere, Sollubekoa 8-1 aurreratu da, erakustaldia emanda. Aipatu behar da Zubizarretak Jaka ordezkatu behar izan duela, eta faktore honek eragina izan duela, batez ere lehen setean.

8-2koa Agirreren huts batekin izan da eta ondoren gorriak ez du hutsik egin lehen seta eramateko.

Bigarrenean gauzak oso ezberdinak izan dira. Agirre 5-0 aurreratu bada ere, Zubizarretak indarrak azpi-azpitik atera eta 6-6 berdintzea lortu du. Hasiera batean ez da nahikoa izan, Agirre berriro ere 8-6 eta 9-7raino joan baita. Baina bere bi hutsek eta Zubizarretak ezker airez txokoan egindako beste tanto batekin buelta eman eta partida berdintzea lortu du urdinak (9-10).

Hirugarrenean, nekea nabaria zen eta hor Asier Agirrek hobeto aprobetxatu du lehia ixteko eta Solluberi lehen puntua emateko.

Binakakoan, Kolitzak markagailua irauli

Jaialdiko bigarren partidan, oreka nabaria izan da Artola-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II.aren artean. Lehen setean, gorriak hobeto konpondu dira beraien artean. Hori bai, Larrazabalen ezker gantxo zital bat ikusteko aukera egon da.

6-5ekoa zen tanto hori. Gortik aurrera, seta nahiko orekatua joan da, baina Mariezkurrenaren huts batek tantoa eta jokoa eman die gorriei (10-9).

Dena bere alde zuen Sollubek finalerako txartela eskuratzeko. Baina bigarren setean beherakada nabarmena izan dute Artolak eta Albisuk. Ataundarra atzean ezin zuen bere indarra inposatu, Artolak pilota gutxi izan ditu, eta urdinek oso ondo aprobetxatu dute aldeak handitzeko (2-7).

Joko honetan Artolaren beste tanto polit bat ikusteko aukera izan da. Gorriak aldeak murritzen zetozen eta Alegiako aurrelariak hiru pilotakada bota ditu jarraian zabalera, hirugarrengoan tantoa egiteko (7-8).

Ez da nahikoa izan; Mariezkurrenak, atzean, eta Artolaren huts batek partida berdindu baitu (7-10).

Azken jokoan urdinak askoz ere hobeagoak izan dira. Gainera, Mariezkurrenak aurrelari lanak egin ditu 1-4koan, bi pareta azkarrak erabiliz. Berriozarreko atzelariak berak amaitu du partida 1-5koan, atzean, buruz buruko azken partidarako dena utziz.