NAIZ

Non eta mugan, euskararen egoera aztertzeko gazte-topaketa Bastidan

Non eta Mugan ekimena euskararen alde lan egiten duten Euskal Herriko periferiako ikastolei aitortza egiteko sortutako topaketa da. Aurten, Bastidan burutu dute, gazte-topaketa formatuan, eta bertan Euskal Herriko hainbat ikastoletatik joandako 14 eta 16 urte bitarteko ikasleak bildu dira.

Periferiako ikastoletako eta aurtengo jaiak antolatzen dituzten ikastoletako ikasleek hartu zuten parte apirileko topaketan.
Periferiako ikastoletako eta aurtengo jaiak antolatzen dituzten ikastoletako ikasleek hartu zuten parte apirileko topaketan. (NAIZ)

Euskararen alde lan egiten duten eragile ugari dauzkagu Euskal Herrian. Hauen artean, inolako zalantzarik gabe, Ikastolen Mugimendua. Aurten,  aipamen berezia egin nahi zaie periferiako ikastolei, egin duten lan txalogarria nolabait  eskertzearren. Mugaldeko ikastola hauek, hiri eta herri nagusienetatik urrun dauden arren, inguru erdaldunetan gehienetan, ezinbesteko hauspoa dira euskararen suak piztuta iraun dezan, gure kulturaren zohargia itzali ez dadin.

Periferiako ikastolen egoera sozio-politikoa sekula ez da erraza izan. Oztopo eta zailtasun handiak gainditu behar izan dituzte maiz, bai administrazioaren aldetik, bai gizartearen ulermena eta babesa bereganatzeko orduan. Hala ere, etenik eta nekerik gabe jardun dute, grina eta militantzia ikaragarriaz, euskararen eta euskal kulturaren aldeko bideak jorratuz. Beraz, ezinbestekoa da merezi duten aitortza eta babesa ematea, egindako guztia eskertzeko.

2025eko apirilaren 4ean Bastidan ospatu zen Non eta Mugan gazte topaketan, ikasleek euskararen egoera eta erabilera periferiako eremuetan aztertu zituzten, baita euskal kulturaren presentzia eta gazteen arteko harremanak indartzeko moduak ere. Topaketan parte hartu zuten ikastoletako ikasleek euren esperientziak eta ikuspegiak partekatu zituzten. Horrez gain, Bastida eta Arabako Errioxa osoan ikastolak duen eraginaren berri zuzena jaso zuten.

Topaketa honen helburu nagusietako bat aisialdian euskararen erabilera areagotzea zen, bai ikastolen artean, bai herri guztietan. Gazteek euskarak aisialdian duen presentzia murritzaren zergatiei buruzko hausnarketa sakona egin zuten. Ikastolak egoera horren aurrean egin beharreko lanaz eztabaidatu zuten ere.

Topaketak goiz eta arratsaldez jarraitu zuen. Hainbat ekintza eta lanketa burutu ziren, eta euskarak dituen hizkera eta izaera anitzak ezaguzeko eta partekatzeko aukera aparta izan zuten bertara joandako neska-mutilek.

Euskal Herriko ikastoletako ordezkari batzuek parte hartu zuten ekimenen honetan, tartean periferiako ikastolak (San Bizente, Assa, Zubi Zaharra, Argia, Bernat Etxepare Lizeoa) eta ikastolen jaien antolatzaileak (Bastida, Elgoibar, Paz de Ziganda, Eguzkibegi eta Baionako Bernat Etxepare). Guztira, 300 eta 400 lagun artean bildu ziren, eta eguraldi eskasa pairatu arren, giro beroa eta parte-hartze handia izan da.

Ketxu Bedialauneta, Bastida Ikastolako zuzendariaren hitzetan, «ekitaldi horrek nire ustea berretsi egin zidan: indarra eta harrobia dauzkagu euskara aurrera eramateko, eta borondate sendoa aurrera jarraitzeko».

Hitz hauek ekimenaren garrantzia eta indarra adierazten dute: euskararen aldeko lana ez da hizkuntza bat sustatzea, gure nortasuna eta gure kulturaren etorkizuna bermatzea baizik.