Kazetaria / Periodista

‘Erregerik ez’, milioika herritar irten dira Trumpen aurka protestan

Estatu Batuetako hiri guztietan antolatu diren elkarretaratze jendetsuek Trumpen autoritarismoa salatu dute, ‘Erregerik ez’ lemapean. Bitartean, presidenteak bere urtebetetzea eta armadaren urteurrena ospatu ditu Washingtonen egindako desfile militarrean.

Arrandia eta zeremonia handiz egin zioten ongi etorri Trumpi Etxe Zuriaren parean altxatutako podiumera. Agur egiteko 21 kanoikada izan ziren, eta ikusleek ‘Zorionak zuri’ kantatu zioten. Izan ere, Trumpek bere 79. urtemugan ospatu nahi izan Washingtonen mende honetan egindako lehen desfilea, Armadaren 250. urteurrenaren aitzakian. Egun osoko ekitaldietan ikusi zen iragarritako baino askoz jende gutxiago joan zela. Hala ere, Etxe Zuriak bere gidoiari jarraitu zion, eta 250.000 lagun izan zirela esan zuen.

Desfilea ordu erdi aurreratu zuten, ekaitza baitzegoen iragarrita. Aire-erakustaldietako batzuk bertan behera utzi zituzten, baina ia 7.000 soldadu eta 70 tonako tankeak Constitution Avenuen ibili ziren. Behingoagatik, presidenteak ere hitzaldi laburra egin zuen, militarista eta patriotikoa, baina etxeko edo atzerriko auzi zehatzei heldu gabe. Aste osoan zehar egin diote kritika, teorian Armada lehia politikotik kanpo dagoen instituzioa baita. Kongresuko kide errepublikano gehienak ere ez ziren joan.

Herrialde guztian antolatutako protesten aldean, hiriburuan txikiagoa izan zen, No Kings deitzaileek Filadelfia joateko dei egin baitzieten washingtondarrei, desfilearekin istilurik ez egoteko. Azkenean, zenbait auzunetako izan ziren protestak, eta erdigunean kolektibo antifaxista batek ere ehunka lagun eraman zituen Etxe Zuriaren kanpoalderaino.

Bertan hitza hartu zutenen artean, Armadako beterano batek salatu zuen desfilean 45 milioi dolar gastatzea osasungintzarako sosa eteten den bitartean, eta El Salvadorreko etorkin batek Trumpen politika ankerrak gaitzetsi zituen: «Umeak eskolara doaz jakin gabe etxera itzultzean gurasoak ikusiko dituzten».

Herrialdearen gainerako hiri eta herrietan jendetza irten zen kalera. Filadelfian, San Frantziskon, Seattlen eta beste hiri askotan ehunka mila lagun elkartu ziren ‘Erregerik ez’ aldarrikatuz. AEBko memoria kolektiboan garrantzi handia dauka Europako monarkia kolonial baten aurka matxinatuta herriak egindako errepublikaren ideiak.

Trumpen desfilean erakutsitako megalomaniak, Los Angeleseko protestetan izandako autoritarismoak eta immigrazioaren aurkako operazioetan geroz eta gehiago ageri diren irudi ankerrak bultzatu zuten jendea kalera. Beste manifestari batzuek lehen hilabete hauetan kaleratutako langile federalak eta oinarrizko zerbitzuetan gertatzen ari diren mozketak aipatu zituzten.

Protesta gehienak jai-giroan izan ziren, estatu errepublikano batzuek, Texasek kasu, guardia nazionala deitu bazuen ere. Las Vegasen eta Salt Lake Cityn zenbait manifestari atxilotu zituzten, etaLos Angelesen ke poteak izan ziren eraikin federalaren inguruan, manifestazioaren zati handiena arazorik gabe joan bazen ere. Minnesotan protesta batzuk bertan behera utzi zituzten kongresuko kide demokraten aurkako atentatuagatik, baina milaka lagunek parte hartu zuten Minneapoliseko protestan.