Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Bettylou Sakura Johnson eta Yado Dora garaile, CT itzuliko zortzigarren txapelketan

Kaliforniako Trestles urautsi mitikoan egin zen CT itzuliko zortzigarren txapelketa Bettylou Sakura Johnson hawaiiarrak eta Yago Dora brasildarrak irabazi zuten. Gabriela Bryan eta Jordy Smithek jarraitzen dute rankingeko buru izaten.

Trestlesko finalistak oholtzan.
Trestlesko finalistak oholtzan. (WSL)

Azken lau urteetan Championship Tour itzulia amaitzeko Final Handia egiten zen urautsian egin zen aurtengo zirkuituko zortzigarren txapelketa; ondorioz, azken urteetan lehen bost sailkatuen artean izan ez ziren lehiakideak lehen aldiz lehiatu ziren bertan. Horixe izan zen ekainaren 14an txapelketa irabazi zuten bi surflarien kasua.

Bettylou Sakura Johnson eta Yago Dora Trestleseko txapeldun izendatu ostean, rankingeko lehen postuetan aldaketa esanguratsuak izan dira, batez ere mutilen kategorian, baina Jordy Smith eta Gabriela Bryanek lidergoari eusten diote. Lehiakide bakoitzak egiten dituen sei emaitza hoberenak hartzen dira kontuan; beraz, aurrerantzean, denboraldi erdiko mozketa gainditu zuten 26 mutil eta 12 nesken helburua orain artekoa hobetzea da. Horrela, lehen bost postuetako batean sartu eta abuztu amaieran Fijjin egingo den Final Handian lehiatu ahal izateko.

Bitartean, zirkuituak aurrera jarraitzen du eta Brasilera bidean dira CTko lehiakideak, han hasiko baita itzuliko bederatzigarren txapelketa, Saquaremako hondartzan, ekainaren 21ean.

Ikuskizuna

Olatu handiak eskaintzen ez dituen arren, eta tuboak egiteko leku aproposa ez den arren, ezker-eskuin lehertzen diren olatu luzeak izaten dira Trestlesen, eta lehiakideek mota guztietako ariketak egiten dituzte. Maila ertaineko edozein surflarik amesten duen olatu mota da Kalifornia hegoaldean kokatzen den urautsi mitikoa, eta bertan munduko surflari hoberenak ikustea plazera da, horregatik du hainbesteko arrakasta Trestleseko lehiaketak.

Final Handian soilik rankingeko lehen bost lehiakideak lehiatzen ziren formatua 2021ean ezarri zen, eta ordutik, Trestlesen  erabaki dira WSLko titulu mundialak. Aurten, ordea, Final Handia Fijjiko ezker olatu indartsuetan egingo da. Gauzak honela, lehen mailako lehiakide gehienentzat, Kalifornia hegoaldeko urautsi mitikoan lehiatzen ziren lehen aldia zen. Horien artean ziren Bettylou Sakura Johnson, 20 urteko hawaiiarra, eta Yago Dora, 29 urteko brasildarra. Gainera, aurtengo denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuten biek.

Sakura Johnsonek Gold Coasten irabazi zuen aurtengo denboraldiko lehen txapela, Burleight Heatseko eskuin olatuetan, eta ordutik, aurtengo titulua eskura dezaketen hamar surflarien taldekoa da. Bigarren garaipenari esker, rankingean hiru postu gora egin eta laugarren postuan kokatzea lortu du.

Gaztea izan arren, esperientzia handia du txapelketetan hawaiiarrak. Aurtengoa lehen mailan lehiatzen den laugarren urtea du, eta horrela jarraitzen badu titulu mundiala eskuratzeko aukera asko izango ditu. «Irabazteko sekretua zoriontsu mantentzea eta maite dituzunez inguratuta egotea da», jakinarazi zion WSLko kazetariari Sakura Johnsonek. Txanda osteko elkarrizketan adierazi zuenez, aurten «sekulako babesa» jasotzen ari da eta «oso eskertuta» dago. Eta aurrera begira egin beharreko bidea zein den ere azaldu zuen: «Olatuz olatu noa eta prozesuaz gozatzen ari naiz, egin behar dudan gauza bakarra lasaitasunari eustea da».

Jordy Smith hegoafrikarra, gaur egun mutilen rankingeko burua. (WSL)

Yago Dorak ere aurtengo bigarren garaipena lortu zuen, aireko ikusgarriak eginez. Lehen garaipena Portugalen eskuratu zuen, martxoan egin zen CT itzuliko hirugarren txapelketan, eta bigarren garaipen honi esker postu bat gora egin du, berriz ere rankingeko bigarren postuan kokatu delarik. «Asko itxaron behar izan dut txapelketa honetan lehiatu ahal izateko, eta lehiatu ostean garaipena eskuratzea sekulakoa da», aitortu zuen brasildarrak.

Hurrengo geldialdia Brasilen izango denez, itxaropentsu azaldu zen Dora, han lortu baitzuen bere karrerako lehen garaipena CT txapelketa batean, 2023. urtean.

Lehia bizia

Norgehiagoka bortitza izan zen Trestlesen. Buruz buruko txandek pilota partida baten antza zuten, lehiakide batek olatu bat egiten zuen eta arerioak ia segidan erantzuten zion beste batekin. Lehiatzeko modu bizi horrek surflariak ariketa zailak egitera eta arriskatzera bultzatzen dituenez, puntuazioak altuak izan ziren eta ikusleek gozatu egin zuten. Finalak, txapelketan zehar ikusi zenaren ispilu izan ziren.

Molly Picklum 22 urteko australiarrak Caity Simmers kaliforniarra kaleratu behar izan zuen finalera iristeko, eta, gainera, nesken denboraldiko puntuazio altuena jaso zuen olatu batean, 9’60 puntu. Lekuko surflari faboritoa garaitzeko gai izan bazen, txapela eskuratzeko ere aukera asko zituela pentsa zitekeen, baina arerio oso gogorra izan zuen parean. Nesken finalean, guztira 8 olatu baino ez zituzten hartu txandak iraun zituen 35 minutuetan. Picklumek bost olatu hartu zituen eta 14’23 puntu bildu zituen (6’00 + 8’23).

Sakura Johnsonek, ostera, sekulako odol hotza erakutsi zuen. Olatu hoberenak nahi zituen, baina uhin lerroen artean denbora asko pasatzen zen. Hiru olatu bakarrik hartu zituen hawaiiarrak, baina nahikoa izan zen bere bi olatu hoberenekin 17 puntu batzeko (8’00 + 9’00).

Lehen aldiz postu onetan daude surflari japoniarrak. (WSL)

Mutilen kategorian ere ez zuten bide xamurra izan finalera iritsi ziren Yago Dora eta Kanoa Igarashik. Brasildarrak, esaterako, Griffin Colapinto bertako surflaria garaitu behar izan zuen finalerdietan.

Finala sekulako indarrarekin hasi zuen Dorak. Lehen minutuan 9’53 puntu jaso zituen ezker olatu bat egin zuen, eta ostean, airekoak bata bestearen atzetik egiten jarraitu zuen brasildarrak. Guztira 8 olatu hartu zituen, eta 17’99 puntu bildu zituen. Aitzitik, Kanoa Igarashik, 27 urteko japoniarrak, 10 olatu hartu zituen eta 14’23 puntu bildu zituen bi olatu hoberenekin.