NAIZ

Gipuzkoako eraikuntza sektoreak 2019ko maila berreskuratu gabe itxi zuen 2024a

Eraikuntzaren sektorea %1,6 hazi zen 2024an, Gipuzkoako ekonomiaren batez bestekoaren atzetik, eta 2019ko mailak berreskuratzen atzeratuena izaten jarraitzen du. Haren ekarpena Gipuzkoako BEGd-aren %5,3ra eta enpleguaren %6ra jausi zen.

Eraikuntza lanak Zarautzen.
Eraikuntza lanak Zarautzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako eraikuntza sektorearen egoera ez da positiboa izan 2024an, Ascongik egindako ‘Construccion en Gipuzkoa 2024’ txostenaren arabera. Eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko segmentuetako produkzioa minimo historikoetan dago, nahiz eta obra zibileko segmentuan (sektorearen %30 inguru) jarduera gero eta handiagoa izan.

Eraikuntzaren sektorea %1,6 hazi zen iaz, Gipuzkoako ekonomiaren batez bestekoaren atzetik, eta 2019ko mailak berreskuratzeko atzeratuena izaten jarraitzen du. Bere ekarpena lurraldeko BEGaren %5,3ra eta enpleguaren %6ra jausi zen, nahiz eta azken urte honetan Gipuzkoako eraikuntzaren sektoreko lanaren itxurazko produktibitatea %1,4 hazi zen, Gipuzkoako ekonomia osoaren %0,4aren gainetik.

Eraikuntzaren Koiunturaren Indizeak ere erakusten du jarduera %2,3 bakarrik hazi zela EAEn 2024an, 2020tik izandako txikiena, obra zibilaren igoera nabarmenarekin (+%7,3), baina eraikuntzaren gutxienekoa (%0,7ko igoera, higiezinen sustapena kenduta, %3,1eko jaitsiera dakarrena). Ildo beretik, Foru Ogasunak adierazi du Gipuzkoako eraikuntzako salmentak %3,9 jaitsi direla eta enplegua %0,9.

Gizarte Segurantzako afiliazio datuek erakusten dutenez, sektoreko guztizko enpleguak behera egin zuen bigarren urtez jarraian 2024an: 18.178 pertsona afiliatu ziren batez bestekoan, aurreko urtean baino 280 gutxiago (-%1,5). Erregistratutako langabezia, aldiz, urteko batez besteko 1.287 langabera murrizten da, minimo historiko berria.

Eustaten Jarduera Ekonomikoen Direktorioak egoitza soziala Gipuzkoan duten 6.159 enpresa eta eraikuntzan diharduten 6.414 establezimendu biltzen ditu guztira, hau da, 190 enpresa eta 173 establezimendu gutxiago eta 2008an zeuden enpresa/establezimenduen erdia baino gutxiago. Enpresa kopuruaren murrizketa horrek tamaina txikiagokoei bakarrik eragiten die, eta, horregatik, sektoreak dimentsio handiagoa hartzen jarraitzen du: 2017an establezimendu bakoitzeko 2,17 enplegu izatetik 2024an 2,7 izatera igaro da batez beste.