Aktualitateko erredaktorea

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute 56 enpresak

Gehiengo sindikalak Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propio bat aldarrikatu du Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean. Iragarri dutenez, Lanbide Arteko Akordioaren eta Herri Ekimen Legegilearen bideak ireki dituzte. 56 enpresatako langileen ordezkariek mozioak aurkeztu dituzte dagoeneko.

Gehiengo sindikalaren agerraldia Bilbon gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzearen alde.
Gehiengo sindikalaren agerraldia Bilbon gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzearen alde. (Marisol Ramírez | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek agerraldia egin dute Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean gutxieneko soldata «duin eta erreal bat» exijitzeko Hego Euskal Herriko langile guztientzat. Jakinarazi dutenez, gutxieneko soldatak «bereziki» eragingo dien sektoreetako ordezkariek soldata propioaren aldeko mozioak jaso dituzte beren enpresetan.

Azaldu dutenez, gutxieneko soldata propioa lortzeko xedez, bi bide abiatu dituzte. Bata, bertako eskumenen baitan Lanbide Arteko Akordio bidez patronalarekin negoziazioa hastea. Bestea, Herri Ekimen Legegilearen bidez, autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea, eta horretarako milaka sinadura biltzen ari dira ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak.

Hala ere, salatu dutenez, Confebask eta CEN patronalek «ezezko borobilarekin» erantzun diote lehenengo bideari. «Munduko toki guztietan gutxieneko soldata kohesiorako eta pobreziatik ateratzeko tresna da, Confebaskek eta CENek uko egin diote hori hemen negoziatzeari, eta gaurko argazkiarekin erakutsi nahi izan dugu nor utzi dituzten atzean», gaineratu du Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak.

Bigarren ekimena, ordea, martxan jarri dutela jakinarazi dute sindikatuek. Hain zuzen ere, gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute 56 enpresak. «Mozioa jaso dute gutxieneko soldata propio batek zuzenean eragingo lieketen sektoreetako ordezkariek, hala nola, Arabako adinekoen egoitzetakoek, osasun klinika txikietakoek, hoteletako langileek, Bizkaiko elikagaien merkataritzakoek, lorezainek, Enplegu Zentro Berezietakoek, bulegoetako langileek, telemarketingeko langileek eta Amazoneko langileek», azaldu dute.

Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak aldarrikatu du gutxieneko soldata propio batek «bereziki» eragingo liekeela «gizartean lan baldintza okerrenak dituzten sektoreei». Onuradunak izango liratekeen langileak, nagusiki, emakumeak, gazteak, zaintzaileak, ostalaritzako langileak, langile migratu eta arrazializatuak direla esplikatu du Lopetegik.

Dinamika horrekin, gutxieneko soldata propio baten alde, «prekarietatearen aurkako sindikalismo feminista, antiarrazista eta soberanista» egiten ari direla defendatu du.

56 enpresaren babesa

Bilbon egindako agerraldian, sindikatuek dei egin diete euskal langileei «modu masiboan» eman dezaten bere sinadura. Ildo beretik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 enpresak babestu dute gehiengo sindikalak bultzatutako Herri Ekimena. Haien artean, besteak beste, honakoak daude: Sanitas adinekoen egoitza, Garbident klinika pribatua, EHU Garbikuntza, Bilboko kiroldegiak, Zara ehunen merkataritza, Gipuzkoako anbulantziak, epaitegietako garbiketa, Ercilla Hotela eta abar.

Oihana Lopetegik ekimenaren garrantzia nabarmendu du: «56 enpresatan mozioak aurkeztu ditugu gutxieneko soldataren alde lan egiteko abiatu dugun ekimenarekin bat eginez, sinadura bilketa enpresa horietan konpromisoa hartuz, patronala interpelatuz negoziazio mahaian eser dadin eta Lakua eta Nafarroako Gobernua interpelatuz Herri Ekimen Legegilearen bat egin eta bete dezan».

Madrilen gutxieneko soldata erabakitzeak hemengo langileen «egoera okertzen» duela gogorarazi du Lopetegik: «Gaur egungo Espainiako gutxieneko soldatak ez du bermatzen bertako langileek euren bizitza modu duinean garatu ahal izatea. Gainera, prezioak gorantz doaz eta enpresen irabaziak marka historikoetara iristen ari dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da gutxieneko soldata hemen erabakitzea eta Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari egokitzea».