
Nola arautu daiteke internet bezalako eremu zabal bat? Nola egin hori perspektiba feminista batetik? Galdera horiei erantzuten ahalegindu da asteazken goiz honetan Nuria Reche Tello Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitateko doktorea ‘Teknologia berrien arautzea eta perspektiba feminista’ hitzaldian; EHUk eta Emakundek elkarlanean antolatutako Udako Ikastaroen barruan.
Ingurune digitala «etengabe eboluzionatzen eta hedatzen» ari den eremua dela azaldu du hasteko Rechek, eta gure egunerokoa eraikitzen eta baldintzatzen duela. «Gogoratu behar dugu aukera leihoak ere irekitzen dituela, adibidez, interneten hastapenetan emakumeen parte-hartzea indartu zen, baina egun genero estereotipoak eta indarkeria matxista erreproduzitzen den espazioa ere bada», zehaztu du. Bere ustez «teknologia ez da ez ona, ez txarra, erabileraren araberakoa» dela esaten duen baieztapena ez da zuzena: «Teknologiek generoa dute, bere diseinuan eta bere erabileran, gizonek gizonentzat egindakoa da». Eta «guztiz politikoa» denez, arautu beharra aldarrikatu du solasaldian: «Legeek botere harremanak arautu behar dituzte, eta ondorioz, afera honi ere legeak erantzun behar dio».
Datu batzuk mahaigaineratu ditu, horien artean azken urteetan ziber indarkeriaren gorakada, «faltsifikatutako eduki sexualak», edota emakumearen aurkako indarkeria eta jazarpena. Estatu espainolean 2023an 1.084 sexu delitu salatu ziren, eta emakumeak zein adin txikikoak ziren biktimen hiru laurden baino gehiago. Bestalde, emakumea «eztabaida publikotik kanporatzea» ere eragin dutela interneteko zenbait mekanismok ondorioztatu du: «Emakumeen gutxiespena profesionalki eta pertsonalki, autozentsura, online bidezko eztabaida publikoa uztea, eta mundu fisikoan ere eragitea; eta horri diskriminazio algoritmikoa gehitu behar zaio».
Ingurune digitalean genero arrakala ere handia dela nabarmendu du, «erabilerari eta trebetasunari dagokionez emakumeak gailentzen gara, adituen artean ordea, arrakala handia da».
Oinarrizko eskubideak
Testuinguratze labur bat egin ostean, arautzearen inguruko eztabaidan sartu da, eta egun ematen ari diren zenbait joera azaldu ditu adituak. Lehenik eta behin, argitu du oraindik teknologia gizartean modu orokorrean ezarrita ez dagoenez, «errazagoa» izan daitekeela erregulatzea; baina era berean, zailtasunak sortzen ditu etengabean mugimenduan egoteak.
Europar Batasunak (EB) «ardura printzipioa» lehenetsi duela adierazi du, eta «arrisku ikuspegia» kontuan hartuta ari direla arauak osatzen kontatu. Aldi berean, gogoratu du Europar Batasunaren funtzioari men eginez «politika publikoez hitz egitean oinarrizko eskubideak bermatzeaz» hitz egin behar dela, eta horiek eremu digitalera eramatea bermatu behar dela.
«Erabilerari eta trebetasunari dagokionez emakumeak gailentzen gara, adituen artean ordea, arrakala handia da»
Recheren ustez, konstituzionalismo global baterantz joatea izan daiteke arautzea ahalbidetzeko irtenbideetako bat eta hori Nazio Batuen Erakundeak bideratu beharko luke. Horretarako botere politikotik botere ekonomikoa atera beharko lirateke, eta gobernantza eredu berriak martxan jarri.
Helmuga bezala konstituzionalismo global hori hartuz, egun arautzeko egin diren saiakera ezberdinak eta horien aurreak ikuspegi feminista batetik egindako kritikak azaldu ditu doktoreak asteazken honetako hitzaldian.
EBk aurkeztutako ‘2030 hamarkada digitala’ programaz ere aritu da, eta aipatu du «herritar guztiak herritar digitalak» izateko sortutako programa izan arren, eta erakundeko zenbait printzipio babestu arren, besteak beste askatasunarena edota pertsona erdigunean jartzearena, «berdintasun» kontzeptua ez dela aipatu ere egiten salatu du. Eta subjektu politikotzat «pertsonak» izendatzen dituela, eta ondorioz emakumeen zapalkuntzan ez dela arretarik jartzen, politika edo proposamen zehatzik egiten ez delarik.
Emakumeen bazterketaren aipamenik ez
2025eko Eurobarometroaren ondorioak ere plazaratu ditu, izan ere digitalizazioaren eraginarekin «jendartea oro har pozik» dagoela adierazi zuen ikerketak, eta kezka handiena sortzen duena adin txikikoen babesgabetasuna dela. «Txostena irakurrita, ondorioztatu daiteke emakumeen bazterketak eta emakumeok jasaten dugun indarkeriak ez duela jendartea kezkatzen, eta aldarrikatu behar dugu emakumeek oztopoak ditugula ingurune digitalean ere», ohartarazi du.
«Ingurune digitalean emakumeen eta neskatoen inguruko bazterketa eta indarkeria erreproduzitzen da»
Europar Batasuneko programaren inguruan lehenago egindako hausnarketari beste bat gehitu dio amaieran Rechek: «Kontuan hartu behar dugu Europar Batasuna ere bidegurutze batean dagoela. Alde batetik, oinarrizko eskubideak bermatzearen eta babestearen ardura bete behar du, baina beste alde batetik, digitalizazioa moteltzen ari denaren kritikak jasotzen ditu. Eta ez da oreka erraza, babestu behar direlako eskubideak, baina etengabe hazten eta hedatzen ari den ingurune digitala oso azkar doalako».
Baieztapen batetik abiatu da hitzaldiari itxiera emateko: «Ingurune digitalean emakumeen eta neskatoen inguruko bazterketa eta indarkeria erreproduzitzen da». Hori horrela izanik, arautzearen beharra aldarrikatu du beste behin unibertsitateko doktoreak, eta egun transbertsalitatea bermatzeko zailtasunak daudela aitortu. «Europar Batasunean sortu beharreko arauetarako marko jakin bat sortu behar da, ikusi dugu perspektiba integrala falta dela, eta nire ustez zenbait mekanismo bai ala bai jaso beharko lituzke: prebentzioari, arretari, zigorrari eta minaren erreparazioari dagokionez berariazko mekanismoak sortu behar dira», azaldu du.
Baina batez ere, teknologiaren alor guztietan perspektiba feminista integratzea jotzen du ezinbestekotzat eta lehentasunez egin beharreko lantzat.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes

