NAIZ
Iruñea

Kalejira eta ‘Etxera eguna’ ospatuko dituzte Sarek eta Etxeratek sanferminen bueltan

Euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea aldarri, bi ekimen antolatu dituzte Etxeratek eta Sarek sanferminen bueltan. Uztailaren 4an kalejira egingo dute eta hilaren 8an, aldiz, egun osoko egitaraua antolatu dute, ‘Etxera eguna’ ospatzeko.

Agerraldia egin dute Iruñean Sarek eta Etxeratek, ekimenak aurkezteko.
Agerraldia egin dute Iruñean Sarek eta Etxeratek, ekimenak aurkezteko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sanferminetarako hilabete baino gutxiago falta den honetan, agerraldia egin dute Iruñean Sarek eta Etxeratek. Festa, musika, dantza eta brindis artean ere, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea izango dute aldarri, «ezin dugulako ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko», agerraldian adierazi dutenez. Hori dela eta, ekimenak antolatu dituzte uztailaren 4an eta 8an.

«Zinez» uste dute badela garaia ‘Etxera’ aldarrikapena izatetik lorpen izatera igaro dadin, «aurrerapauso bat, denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle eginen gaituena». Izan ere, sinetsita daude denok garela irabazle «salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean» eta «sufrimendua ekuazio politikotik kanpo uzten dugunean, atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara».

Xede hori jomugan, uztailaren 4an eta 8an ekimenak antolatu dituzte eta bertan parte hartzeko gonbita zabaldu dute. Lehen hitzorduan azken urteetan egin izan duten sanfermin aurreko mobilizazioa egingo dute. Horrela, ordurako jendez lepo egongo den Iruñeko erdigunean arreta piztu nahi dute, ‘Etxera kalejira’-rekin.

Hilaren 8an, aldiz, ‘Etxera Eguna’ antolatu dute eta egun osokoa izango da egitaraua. Bazkari herrikoia izango da, baita ekitaldia, elektrotxarangak girotutako kalejira eta kontzertuak ere.