«Pixka bat presioa kentzen saiatzen egon naiz negu osoan eta orain libreago sentitzen naiz»
Piraguismo eslalomeko Munduko Kopan sekulako bi asteburu izan ditu Miren Lazkanok (Donostia, 1997). Lehenik eta behin, La Seu d’Urgellen, kayak krosean urrea eta C1ean zilarra kolkoratu zituen. Eta asteburu honetan, Pauen, urrezko domina errepikatu du modalitate berri horretan.
«Pixka bat presioa kentzen saiatzen egon naiz negu osoan eta orain libreago sentitzen naiz»

Euskal piraguistek beti maila ematen dute, baina Pauen gertaturikoa gutxitan ikusten da: Miren Lazkanok eta Pau Echanizek urrea lortu zuten, eta Maialen Chourrautek, brontzea. Donostiarrak sentsazioak nabarmendu ditu gauza guztien artean. Badaki une txarrak etor daitezkeela, baina oraina ospatu nahi du. Hori bai, duela gutxi hil den amaren «indarra» lagun izan duela onartu du.
A ze asteak bizitakoak! Pauko Munduko Kopan kayak krosean urrezko domina lortu duzu asteburuan, eta iragan asteburuan La Seu d'Urgellen ere zilarrezko domina eskuratu zenuen C1ean. Ikaragarria egiten ari zarena.
Bai. Gainera, sentsazioak ere oso onak dira. Uretan disfrutatzen ari naiz benetan. Horrekin geratzen naiz, momentu eta sentsazio horiekin.
Maila hau ematea espero al zenuen?
Pixka bat presioa kentzen saiatzen egon naiz negu osoan eta, egia esan, orain libreago sentitzen naiz. Banekien ondo nengoela, baina inoiz ez dakizu, azkenean lehiaketa bakoitza ezberdina da eta. Sentsazioak oso onak dira eta pozik nago.
Kayak kroseko finalean Maialen Chourrautekin lehiatu behar izan zenuen.
Egia esan, izugarrizkoa izan zen. Irailean hasi ginen batera entrenatzen, eta asko entrenatu dugu. Konfrontazioak ez ditugu askotan egiten, baina, biak finalean sartu ginenean, bagenekien bietako batek domina edukiko zuela. Estrategiaren bat egiteko hitz egin genuen, baina azkenean pentsatu genuen egokiena zela bakoitzak berea egitea. Bakoitzak berea egin zuen, eta, azkenean biok domina lortu genuenez, oso pozik.
Elkarrekin entrenatzen duzue. Baina pentsatzen dut berezia izango zela, zure erreferentzietako bat izango zelako.
Bai, hori dudarik gabe. Batera entrenatzeko zortea dudala esaten dudanean, benetan esaten dut. Berarekin entrenatzeak eta egunero egoteak asko ematen du. Asko aportatzen du, eta ni oso pribilegiatu sentitzen naiz.
Kayak kros modalitate berria dugu. Nolakoa izan da zure egokitzapena?
Maitatzen ikasi dut. Hasieran, hasi zenean, ez zitzaidan asko gustatzen. Niri ez zait asko gustatzen konfrontazioa. Baina pixkanaka ikasi dugu estrategia gehiago bilatzen, konfrontazio zuzen hori baino. Urduritasun puntu handia ematen du, baina hala ere oso entretenigarria da ikusteko eta bizitzeko.
Konfrontazioa, azkenean, zikina izatera iritsi daiteke, bata besteari erdi bultzaka.
Bai, hori da. Azkenean inoiz ez dakizu besteak nola jokatuko duen, eta pentsatzen duzu zuk egingo zenuena egingo duela, eta ez badu egiten, har dezakezu era pertsonal batean eta hori da arriskutsua, anker jokatzea beste kirolariekin. Joko bat bezala hartu behar da eta ikasi behar da pertsona ez doala zuregana. Egokitzea eta zorte apur bat behar dira.

Sekulako maila ematen ari zarete euskaldunak.
Pozik gaude. Gutxienez, sartu ditugun ordu horiek hor islatzea polita iruditzen zaigu.
Ez da aipatzea atsegina egiten den kontua, baina amaren heriotza etorri zaizu berriki. Esango zenuke honek, nolabait, indarra eman dizula?
Indarra, ziur. Bera hor dago niri indarra bidaltzen. Ni beti izan naiz oso beldurtia eta beti demostratzeko nahi hori izan dut. Baina honelako gauza bat gertatzen zaizunean, bizitzako gauzak aldatzen dira eta helburuak beste batzuk dira. Eta hor nago, dolua pasatzen, nire bizitza pixka bat eraikitzen. Uste dut pentsamendu horrek ere laguntzen didala.
Denboraldi hasiera bikaina izan duzu, baina asko geratzen da aurretik. Zein dira zure hurrengo erronkak?
Ostegunean Pragara goaz, ostiralean, larunbatean eta igandean txapelketa dugulako. Ondoren, atseden pixka bat hartu eta abuztu bukaeran eta irailean beste bi munduko kopa dauzkagu, eta Mundiala.
Amaitzeko, ez dugu presiorik sartu nahi, eta Maialen Chourraut ez dugu behar baino lehenago jubilatu nahi, baina sentitzen al duzu, nolabait, orain zure ordua iritsi dela?
Beti pentsatu izan dut emaitzak datozen bezala joan daitezkeela. Niretzat garrantzitsuena sentsazioak dira, nabigazio polit bat lortzea. Uste dut horrekin errazago etor daitezkeela emaitzak. Baina obsesionatu gabe. Nik ez dut pentsatu nahi, orain bi txapelketa on egin ditudanez, beti izango ditugula albiste onak. Ez dakit nire momenturik onenean nagoen. Ni pozik nago, entrenatzen ari naiz, gustura, disfrutatzen uretan, eta horrekin geratzen naiz.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

