
Sorkunde Aiarza museoko zuzendariaren gidaritzapean, Bilboko Euskal Museoren eraberritzeko obrak ikusteko aukera izan dute Bilboko eta Bizkaiko kargu instituzionalek, obraren arduradunekin eta arkitektoekin batera. Bisitan, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, egon dira.
2022ko urrian itxi zituen ateak Euskal Museoak «berritze integrala» burutzeko asmoz. Egun, eraberritzeko obrak hazkundearen azken fasean sartu dira, eta Aiarzak jakinarazi duenez, 2026ko maiatzean irekiko dituzte berriz ere ateak. Horrez gain, berritasun handi bat iragarri du museoaren zuzendariak: 6.400 m2 baino gehiagoko azalera izango du museoak, lehen baino %38 handiagoa.
Hazkunde-fase horretan murgilduta, lau eraikinetako (Kurtze, Miserikordia, Unamuno eta Klaustroa) solairuak «armatzen» ari direla esplikatu du Aiartzak. Egituren ezaugarriak direla eta, «oso konplexua» izan dela aitortu du.
Lehenengo eta bigarren solairuaren azken aurrerapenak ikusteko aukera izan dute bisitariek. Dena den, Aiarzak geldialdi bat egin du museoaren «harribitxia» izango dena erakusteko: Miserikordia eraikinaren ‘enbor arina’. Funtsezko arkitektura-piezetako bat instalatzeko zailtasuna hurbiletik ikusi ahal izan dute.
Momentu horretan, museoa berritzeko ardura duen Antonio Vaillo arkitektoak hitza hartu du eta enbor arinari buruz mintzatu da: «Elementu arkitektoniko horrek modu metaforikoan irudikatzen du euskal kulturaren euskarri den zuhaitzaren enborra».
Elementu arkitektoniko berezi hori Miserikordia eraikinean dago. Eraikin horretan dagoeneko erabat hustu dituzte forjatuak eta estalkiak. Enbor arinaren xehetasun tekniko eta kontzeptualei dagokienez, modu berezian gauzatu nahi izan da ‘Aretz bizia’ kontzeptua; luzetarako nabe horretan eraikitzen ari diren atari handian, proiektu arkitektoniko eta museografiko honen balioak irudikatzen eta adierazten dituen espazio bihurtzeko.
Hala, ‘enbor huts’ gisa sartzen da, egurrez egindako forjatuak berregituratuta, grabitaterik gabeko espazio handi baten sentsazioa sortzeko; azkenik, estalkia berregituratu da, eta zurezko zertxa handiekin berreraiki da, baserrien estalkien eraikuntza eta itsasontzien eraikuntza gogorarazteko.
Bilboko Euskal Museoaren zuzendariak, honako hau azpimarratu du: «Enbor arin horren azpian, Miserikordia eraikinaren beheko aldean, Euskal Museoaren bildumako tamaina handiko piezak erakutsiko dira, orain arte lekurik ez zutenak eta erakundearentzat bereziki bereizgarriak direnak».
Miserikordia eraikina bisitatu ondoren, museoaren zati hori Kurtze eraikinarekin lotzeko egin den galeria ezagutu dute. Pasabide ikusgarri horrek argi naturalez beteko duen kristalezko horma izango du.
Bestalde, kanpotik ere ikusi ahal izan dute Unamunoko fatxada, bere garaian aldatu behar izan zena, arazorik ez zegoela bermatzeko, eta hori dagoeneko erabat konpondu da.
20 milioi euroko inbertsioa
Bilboko Euskal Museoaren berritze osoa «azken hazkunde-fasean» dagoen honetan, Juan Mari Aburtok informatu du Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 20.077.966,83 euroko inbertsioa egin dutela museoren itxuraldaketan.
Bisita amaitu ondoren eta proiektua aurrera doala ikusita, «izugarrizko poza» hartu duela aitortu du Aburtok. Batez ere, azken urteetan eduki dituzten oztopoak kontuan harturik. Aiarzak ziurtatu duenez, lanen atzerapenak proiektuaren konplexutasunari erantzuten dio, «zimendatze lan ugari» eta «Unamunoren fatxada desmuntatzea» baititu, erortzeko arriskua saihesteko.
Izan ere, birmoldaketa lanen xedea da «museoa abangoardiako zentro» bihurtzea eta euskal kulturarako nazioarteko «ate bat» izatea, adierazi du museoko zuzendariak.
2026, museoen urtea
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Diputatu Nagusia obraren aurrerapenei buruz mintzatu da bisitaldia egin ostean. «Kanpotik datozen bisitariek gure kulturarekiko eta gure hizkuntzarekiko jakin-mina asetzeko aukera paregabea da», esan du.
Horrez gain, Bizkaiko hiriburuan kulturak hartzen duen «izugarrizko garrantzia» nabarmendu du. Izan ere, 2026an Bilboko Euskal Museoa ez ezik, Bilboko Arte Ederren museoak ere ateak irekiko ditu berriz ere. «2026a garrantzitsua izango da Bilboko eta Bizkaiko museogintzarako. Euskalduna Jauregian ‘European Museum of the Year Awards’ (EMYA) sarien banaketa jasoko dugu, eta, beraz, museogintzako epizentroa Bizkaiko hiriburuan izango dugu», gaineratu du.

Aizarotz, demostración palpable de que hay fórmulas para contrarrestar el despoblamiento rural

«Que Iruñea apueste por la dignidad colectiva ante el genocidio israelí es algo grandioso»

La renovación de Nico Williams, una operación «a lo bajini»

«Matxirulo, zure parranda bukatu da», autodefentsa feministarako deia Iruñean
