Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Iñaki Etxaberen hilketa ikertuz «gerra zikinaren hastapenak» ekarri ditu argitara Pako Aristik

Etxabetar familiaz inguratuta aurkeztu du Pako Aristik ‘Iñaki bota daue. Kanpanzar, 1975. Gerra zikinaren hastapena’ izenburua duen liburua, ostegun goiz honetan. Etxabe nork eta zergatik hil zuen ikertzen ibili ostean idatzi du narrazioa, eta lortu ditu zenbait erantzun.

Pako Aristik ostegun honetan aurkeztu du liburua.
Pako Aristik ostegun honetan aurkeztu du liburua. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Iñaki bota daue. Kanpanzar, 1975. Gerra zikinaren hastapena’ izenburupean argituratu du Pako Aristik Iñaki Etxaberen hilketaren inguruko liburua, Erein argitaletxearen eskutik. 1975eko udazkenean aurpegia estalita zuten hiru gizonek Etxabe metrailatu zuten Kanpanzar gainean zuen ostatuan. Iñigo Iruin abokatuaren hitzetan, bera da «estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen biktima».

Aristik testigantzak eta datuak josi eta Etxabe nork eta zergatik hil zuen ikertu du ostegun goiz honetan aurkeztutako liburuan. Ariketa bera egin zuen idazleak ‘Irunberri, 1990: Arroilaren negarra’ liburuan.

Idazlearekin batera Inazio Mujika Ereingo kidea, Olatz Etxabe protagonistaren alaba eta Ander Lizarralde Geure Bazterrak elkarteko kidea izan dira aurkezpenean. Mujikak nabarmendu du Etxaberen kasua ez dela sekula ikertu, eta horrek saiakera dela liburua, garai hartako gertakariak 20 egunetan kontatuta.

Aristik adierazi du Gure Bazterrak elkarteko kideek izugarrizko lana egin dutela urteetan informazioa biltzen, eta bere lana jasotako hori «baloratu, filtratu eta galbahe lana egin ondoren narrazio lan bat» egitea izan dela. Aitortu du Etxaberen inguruko kasua ikertzen ari zirela, baina «kate batean bezala» elkarri lotutako beste hainbat kontakizun eta protagonista ere bildu dituztela, besteak beste German Agirre taxilariaren hilketa, Zelaia enpresariaren aurkako erasoak edota Juan Jose Etxabe eta Agurtzane Arregiren aurkako atentatua.

Etxaberen senide eta lagunak aurkezpenean.
Etxaberen senide eta lagunak aurkezpenean.


«Iñaki Etxaberen kasura etorrita, bi galdera erantzun nahi genituen: Nork hil du Iñaki Etxabe? Eta zergatik hil dute?», adierazi du Aristik. Eta bigarren galderatik abiatu da. Etxabe hil aurreko egunak jada nahasiak izan ziren, izan ere, Arantzazuko santutegian ikurrina bat agertu zen, garaian debekatuta zegoelarik, eta Guardia Zibilak kendu zuen. Baina ikurrina kendu ostean jaitsi ziren eta ETAk jarritako lehergailua lehertu zen. Bost polizietatik hiru hil ziren.

Zergatik eta nork?

«Arantzazun egindako atentatuaren ostean mendeku gisa hil zuten Iñaki. Poliziak zailtasuna handiak zituen ETAko buruzagiak harrapatzeko, eta orduan, errazena beren senideetako bat harrapatzea zen. Iñaki ez zen arrainik handiena, baina bere anaia garai batean ETAko buruzagitzan egon zenez, pieza errez bat izan zitekeen», azaldu du idazleak. Izan ere, Etxabek jatetxea zuzenez, bazekiten non egongo zen, «arrisku txikiko hilketa» bat izango zela, eta oihartzun handia izango zuela anaia buruzagi militarra zelako.

Eta mendekuaz gain, gizarteari mezu bat zabaltzeko ere baliatu zuten hilketa hura Aristiren arabera: «ETAri ezein laguntza eta azpiegitura eskaintzen dion oro arriskuan egongo da hemendik aurrera». Izan ere, ordura arte «ondasunak kaltetu zituzten siglak jendea hiltzen hasten dira», baieztatu du idazleak.

Zergatik hil zutenaren azalpena topatu zuten, beraz. Baina gehiago kosta zitzaien nork hil zuen bilatzea: «Inoiz ez da egoten froga garbi bat, saiatu gara pistak elkarrekin lotu eta bide bat egiten, gezi bat atera zaigu eta pertsona bat seinalatzen du, dedukzio bat da, baina seguru xamar gaude Francisco Burgos Nuñezek, Gernikako kuarteleko Guardia Zibilak hil zuela».

Gizarteari mezu zuzena helarazi nahia: «ETAri ezein laguntza eta azpiegitura eskaintzen dion oro arriskuan egongo da hemendik aurrera»



Guardia Zibilaren hierarkiak nola funtzionatzen zuen ikertzea eta Josefi Sagastibeltzaren testigantza izan ziren horra iristeko gakoak. Organigramari begira hausnartu du idazleak: «Uste dugu guztiek erantzun zietela goikoen aginduei, Juan Atares garaian Euskaldi deiturikoaren ofizial generala zen, berak Manuel Hidalgori emango zion agindua, Gernikako kuarteleko ofizialari, eta berak bidaliko zuen Burgos Nuñez».

Bestetik, Etxabe hil zuten gauean Gernikako kuartelean atxilotuta zegoen Sagastibeltza, eta berak kontatua da, gaueko 00.00ak inguruan Burgos Nuñez kuartelera iritsi zenean Hidalgok galdetu ziola ea zer moduz joan zen, «bat bakarrik harrapatu dugu, baina beno, bat gutxiago», guardiaren erantzuna. Handik egun batzuetara, Sagastibeltzak kalea zapaldu zuenean lotu zuen guztia Etxaberen hilketarekin, orduek ere bat egiten baitute.

Nuñez «misterio» bat dela ohartarazi du idazleak, izan ere bere inguruan jada ez dela deus ere agertzen kontatu du. «Tejeroren kolpean agertzen da, eta bertan sekulako protagonismoa du, komunikabideek ‘el hombre del anorak verde’ deitzen diote, bera izan zen Suarez presidenteari isiltzeko eskatu ziona», kontatu du, eta harrez geroztik bere arrastorik ez dagoela kritikatu.

German Agirre

Bi galdera horiei jarraika zebiltzala egin zuten topo German Agirre taxi gidariaren hilketarekin. Astebetera agertu zen Etxabe bezala balaz josita, eta herrian bi zurrumurru zabaldu ziren: bata, Guardia Zibilak hil zuela ETArekin harremana zuelako; eta bestea, ETAk hil zuela «txibato» bat zelako.

 

«Balio beza zurrumurru horiei bukaera jartzeko, German Guardia Zibilaren txibatoa izan zela esaten duen zurrumurrua gelditu dezagun»



Urteetan bi bertsioak «flotatzen» geratu zirela aipatu du idazleak, eta hamarkadetan hala egon ostean dokumentu garrantzitsu batekin egin dutela orain topo: «Sabien Arrieta Arrasateko kooperatiba bateko kidea zen, sarritan eramaten zuen taxi gidariak iparraldera bertan zituen negozioetara. Oso lagunak egin ziren, eta erakundeko kideekin bildu zen ea beraiek hil zuten Agirre galdetzeko. Idatziz paper bat eman zioten, ETAren komunikatu klasiko bat, familiari emateko, orain arte ez genekien existitzen zenik ere. Bertan ETAk esaten du ez zuela taxi gidaria berak hil, eta doluminak bidaltzen dizkio familiari». Liburuan bertan txertatu dute dokumentu hori, eta Iñaki Egaña historialariak jakinarazi dienez, idatzita dagoen «estiloagatik» Jose Manuel Pagoaga ‘Peixotok’ idatzitako da.

«Balio beza zurrumurru horiei bukaera jartzeko, German Guardia Zibilaren txibatoa izan zela esaten duen zurrumurrua gelditu dezagun», egin du aldarri Aristik.

Juan Jose Etxabe eta Agurtzane Arregi

Hiru urte beranduago Etxabe familiak beste kolpe bat bizi izan zuen. Iñakiren anaia Juan Jose eta bere emazte Agurtzane Arregiren aurkako atentatua. Jada Amnistiaren Legea onartuta, hainbat iheslari Hego Euskal Herrira joaten hasi ziren garaian kokatzen da, Juan Josek jada erakundea utzita zuen eta Donibane Lohizunen jatetxe bat zuen emaztearekin batera.

«Hasiera batean uste genuen zor zaharrak zituelako egin ziotela eraso», kontatu du Aristik, baina gero beste helburu batzuk ere izango zituztela ondorioztatu zuten. Suarezen Gobernuak ETArekin negoziazio prozesu bat hasi nahi zuen idazleak azaldu duenaren arabera, eta horretarako Portell kazetaria Etxaberekin biltzen hasi zen bitartekari lanak egin asmoz. «ETAk hori ez zuen begi honez ikusi, uste zuten enboskada bat zela buruzagiak atxilotzeko, eta Portell hil zuten, handik lau egunera Batallon Vasco Españolek aldarrikatu zuen Etxaberen aurkako atentatua», argitu du.

Eta gaineratu, Etxaberen atentatuaren nondik norakoak ikertuz gero ingurukoak beldurtzea ere helburu zutela: «Jatetxearen parean zegoen Etxabe, tirokatu beharrean Agurtzane kotxera iritsi arte itxaroten dute eta orduan tirokatzen dute, horrek esan nahi du Agurtzane ere harrapatu nahi zutela. Horrek, estatu terrorismoaren beste ezaugarri bat adierazten du: etsaiaren eliminazioa eta etsaiari laguntzen diotenak beldurtzea». Bertan hil zen Arregi, eta zaurituta atera zen Etxabe.

Kontakizunaren garrantzia

«Liburu honetan min asko dago, baina balio du garai horiek ezagutzeko, 75eko garaiaren kronika bat da, ekintza horiek agertzen direna, baina historian zeharreko pertsonen arteko kronika bat ere bada, humanitate hori erakusten du», amaitu du hitzaldia Mujikak argitaletxearen izenean.

Olatz Etxabe, alaba: «Estatu espainolaren erantzukizuna eta inpunitatea agerian uzten du liburuak»

Elkartearen eta idazlearen ustez, ikertu gabe zegoen kasua ikertzea eta argitara ateratzea ere lortzen du liburuak, eta Olatz Etxabe alabak «Estatuaren erantzukizuna eta inpunitatea» agerian uzten duela liburuak azpimarratu du.

Sekretu ofizialen legeari begira egotea edo Lakuari begira egoteak esan nahi du denbora Estatuak kudeatuko duela, eta guk markatu behar dugu errelatoaren erritmoa eta denbora», egin du aldarri Ander Lizarralde elkarteko kideak.