NAIZ

Irurtzungo Atakandoa ikastetxean gelak ikaslez gainezka egongo direla salatu dute

Irurtzungo Atakondoa ikastetxean hurrengo ikasturtean 2. DBHko geletan 32 edo 33 ikasle egongo direla esan diete. Egoera horretan ezin dela kalitatezko hezkuntza bermatu salatzeko gurasoek protesta egin dute.

Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoak seme-alaben tokietan eserita, gelen masifikazioa salatzeko.
Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoak seme-alaben tokietan eserita, gelen masifikazioa salatzeko. (Itziar MATXAIN)

Irurtzungo Atakondoa ikastetxean datorren ikasturtean 2. DBHko geletan 32 edo 33 ikasle izango direla salatzeko ekimena egin dute. «Agerian jarri nahi izan dugu Nafarroako beste edozein ikasleri gerta dakiokena, baina, tamalez, gureei gertatuko zaiena. Indarrean dagoen hezkuntza politikak eta azken itunak gure haurren eskubide oinarrizkoenak urratzen dituzte», azaldu dute. 

Araudiak 30eko geheineko kopurua ezartzen badu ezartzen badu ere, Irurtzunen datorren ikasturtean 32 eta 33 ikasle bildu dituztela helerazi diete gurasoei.

Gauzak horrela, kezkatuta azaldu dira. Izan ere, 50 minutuko saio batean 1,5 minutu baino ez zaio egokituko ikasle bakoitzari. «Horixe al da hezkuntza pertsonalizatua?», galdetu dute.

Behar bereziak dituzten ikasleak atenditzeko ere arazoak egongo direla aurreikusten dute.

Galdera ugari

«Izango al du irakasleak behar besteko denbora jazarpen, liskar edo gatazka guztiak bideratzeko? Edo ‘parteak’ eta kanporatzeak izango dira irtenbide bakarra? Alegia, pedagogikoki eskasa den bide bat? Zenbat denbora eskaini ahal izango dio tutoreak ikasle bakoitzari? Zein jarrerarekin sartuko da irakaslea egunero 33 ikaslerekin betetako gela batera? Gogoz ala estutasunez? Zer-nolako bizikidetza izango da 12-13 urteko 32 ikasle gela batean pilatuta daudenean, ia mugitzeko tokirik gabe, haizeztapen eskasean eta batzuk ezin izanik arbelera ere begiratu?» dira plazaratu dituzten beste galdera batzuk.

Honekin batera, ikasle bakoitzak 1,7 metro koadroko azalera izango duela eta aire berrikuntzarako arazoak ere izango direla gaineratu dute.

«Zenbakiak baino ez dituzte ikusten»

«Hezkuntza Departamenduak zenbakiak baino ez ditu ikusten. Baina zenbaki horien atzean ikasleak eta familiak gaude, eta guztioak biziko dugu bidegabekeria hau, kalitatezko hezkuntza bermatu gabe egiten ari dena», salatu dute.

Hori dela eta, Hezkuntza Departamendua berehala taldea banatzeko eskatu diote «gure seme-alabentzako hezkuntza diin, gizatiar eta segururak bermatzeko».