
San Fermin Torneoko Lau eta Erdikoak ostiral arratsalde sargori honetan izan du hasiera eta Joanes Bakaikoa eta Iraitz Zubizarreta nagusitu dira. Ondorioz, igandean Zaldibarko Olazar pilotalekuan biak ala biak neurtuko dira hurrengo kanporaketan.
Berdin dio aurkaria zenbatean uzten den, norberak 22 tanto eginez gero, baina ezin esan Asier Agirreren aurka Bakaikoak atera duen 20-22koa eta Zubizarreta III.ak Senar erkidea 22-8 mendean hartu izana gauza berbera direnik. Esan gabe doa pilotariak gaur egun goi mailako kirolariak direla eta Zaldibarko hitzordua berme guztiarekin jokatuko duela Bakaikoak, baina egia da, halaber, Zubizarretak ondotxo lan gutxiago eginda atera duela bere kanporaketa eta, hala, ataundarrak Etxarri Aranazko semea baino freskoago egon beharko luke igandeko partidara begira.
B Serieko finala 15-22 amaitu zen Joanes Bakaikoaren alde, baina orduan ere Asier Agirrek lana beltz egitera behartu zuen. Ostiral honetan ez da gutxiago izan, aurrelari iruindarra ezer baldin bada, gogorra baita. Orotara 15na tanto amaitu dituzte biek ala biek, baina partida erdi aldera 10-15 eta 14-19 bere aldera ekarri du Bakaikoak; zer hoberik norbere herrian profeta izatea baino. Hori baldin bazuen helburu, erdietsi du Etxarri Aranazkoak, baina ez Agirrek partida opari eman diolako. 14-19koaren ostean dejada bat, bi sake eta Bakaikoari Lau eta Erdiko arrastoaz harago joan zaio pilota baten ostean 18-19 hurbildu da Agirre eta herriko lagunak ez ezik, apustulariak ere kezkatu dira dexente.
Eutsi dio, hala ere Bakaikoak, aurrean bolea bilatuz eta pilota bortizki moztuta, azkenean 20-22koraino gidatu du partida, 63 minutu eta 381 pilotakada jo ostean.
Aukerak baliatzea
Iraitz Zubizarretak sakez zortzi tanto sartu dizkio Senarri ataundarren arteko kanporaketan. Saketik zortzi tanto «irensteaz» gain, beste zazpi hutsegite egin ditu urdinez aritu den pilotariak. Ez du askotan Zubizarreta III.ak hainbeste opari egiten dio aurkari batekin jokatzeko pagotxa izango.
Beroa dela, urduritasuna dela... Senar ez da bere mailan aritu eta 43 minutuan eta 192 pilotakadaren ostean 22-8 nahikoa erraz nagusitu zaio Zubizarreta. Azken baten, honek bere lana txukun bete du; hau da, aurkariaren opariak baliatu eta lan egitea egokitu zaionean ere moldatu da. Hortik emaitza hain nabarmena.
Gezurra dirudien arren, 0-2 aurreratu da Senar, baina 12-0ko partziala sartu dio Zubizarretak akordatzerako; horietatik hiru, sakez. Eta begiak birritan kliskatu dituztenerako, 19-4 jarri du markagailua Iraitz Zubizarretak.
Handik aurrerakoa tipikoa eta topikoa izan da. Senar etsiak hartuta markagailua itxuratzen ahalegindu da eta erabat lortu ez badu ere, amaiera duinagoa eman dio bere neurketa traketsari. Zubizarreta III.ak, berriz, igandean Joanes Bakaikoa bezalako arerio gogorrari nola irabazi pentsatzen jarri beharko du.
Larunbatean, berriz, bi jaialdi izango dira: Muskizen Jaka eta Larrazabal neurtuko dira eta Barañaingo Retegi pilotalekuan, berriz, Elordi eta Salaberria ariko dira nor baino nor.

Aizarotz, demostración palpable de que hay fórmulas para contrarrestar el despoblamiento rural

«Que Iruñea apueste por la dignidad colectiva ante el genocidio israelí es algo grandioso»

La renovación de Nico Williams, una operación «a lo bajini»

«Matxirulo, zure parranda bukatu da», autodefentsa feministarako deia Iruñean
