Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Santurtzik onenen artera itzultzeko asmoa azaldu du KAE 1 Ligako aurreneko egunean

Astilleroko uretan erlojuaren aurka inor baino hobeto moldatu da ‘Sotera’ eta bederatzi segundoko aldea atera dio Zumaia bigarrenari. Emakumeen ETE Ligan, aldiz, Zarauzko ‘Enbatak’ bere faborito izaera berretsi du San Juanen aurka. KAE 2ko lehenengo saioan Hibaikak sekulako lana burututa irabazi du.

Itsaoko Amak eliteko gorenera itzultzeko aurreneko urratsa eman du Astilleron.
Itsaoko Amak eliteko gorenera itzultzeko aurreneko urratsa eman du Astilleron. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arraun denboraldia motorrak berotzen hasi da duela aste batzuetatik hona eta, hala, gizonezkoen KAE 1 eta KAE2 Ligak eta emakumeen ETE Ligan martxan jarri dira larunbat honetan Astilleroko uretan. Ez da ikusteko modurik entretenigarriena erlojuaren aurkako proba, baina behintzat aurreneko irabazleak ikusi dira ur bare hauetan.

Hala, KAE 1 Ligako aurreneko estropada honetan Santurtziko Itsasoko Amak bere legea ezarri du aurreneko txandan joan den Zumaia gainditu eta gero, Eusko Label Ligara igotzeko hautagai serioa dela erakutsiz. Zumaia, Arkote eta Zarautz izango ditu ‘Sotera» ontziak igandean San Pedroko uretan, traineruak parez pare ikusteko aurreneko aukera eskainiz zaleei.

KAE 2 Ligan, berriz, Hibaikak sekulako egurra eman die bere arerioei, bigarren amaitu duen Portugaleteri ia 23 segundoko aldea atera ostean. Sei ontzi baino ez dira izango «brontzezko liga» honetan, eta bada, badirudi faborito argi batek branka sartu duela dagoeneko.

ETE Ligako estropadarekin hasi da eguerdiko saioa Astilleron bertan Zarauzko ‘Enbata’ ontziak pronostikoak bete ditu. San Juango ‘Batelerak’ ere txukun aritu dira eta bigarren amaitzeko ez dute arazorik izan, zarauztarrengandik bi traineru pasatxora amaitu badute ere.

Ur bareetan indartsu

Etorriko dira kaleen arteko aldeak, etorriko dira mareak gorantz edo beherantz egiten duela-eta mesedea eta kaltea gertatzen diren estropadak, edo olatuak harrapatzeko popareak. Guarnizoko Astilleroko Bandera ur bareetan jokatu da eta indarra, zorioneko watioak, dira hor nagusi. Ondorioz, fisikoki indartsuenak nagusi izan direla esan genezake, nahiz eta bistakoa den arrauna, berdin aulki finkoan nola aulki mugikorrean, oso kirol teknikoa dela.

Nolanahi, eta Zumaiak aurreneko txandan ezarri duen denbora bikainaren erreferentziaren jakitun, Santurtzik aurreneko unetik jo du eta aldeak markatu ditu. Hauxe du bigarren urtea jarraian Itsasoko Amak KAE1 Ligan eta arraunaren historian halako leku berezia duen talde batek ez du onenengandik aparte luzaroan egon nahi. Iaz hirugarren amaitu zuten Fase Erregularra ‘Soterako’ arraunlariek eta arantza hori ateratzeko aurreneko ahalegina egin dute zapatu honetan.

Une oro erreferentziarik onenak markatu dituzte eta azkenean ere Zumaiari hiru traineruko aldea atera diote. Denboraldia hasi besterik ez da egin, noski, eta etorriko dira emaitza eskasagoekin egun petralagoak ere, baina hasteko gauzak bere tokian jartzen asmatu dute Itsasoko Amako arraunlariek.

Zentzu horretan, txalogarria izan da erreferentziarik gabe Zumaiak egin duena lana. Lapurdi eta San Pedroren lanak hobetzen joan dira zumaiarrak eta orotara bigarren denbora onena markatu dute Arkote, Zarautz eta maila oso txukuna eman duen Astillero etxeko ontziaren aurretik. Alabaina, alde txikiagoa atera du Zumaiak bosgarrenarekiko Santurtzik Zumaiarekiko baino. Aintzat hartzeko datua, batez ere ur bareetan jokatzen diren estropadei begira.

XXI. Guarnizoko Astilleroko Bandera

1- Santurtzi 20:13.46 (12)

2- Zumaia 20:22.82 (11)

3- Arkote 20:25.00 (10)

4- Zarautz 20:25.97 (9)

5- Astillero 20:27.40 (8)

6- Pedreña 20:31.90 (7)

7- Lapurdi 20:32.90 (6)

8- Deusto 20:35.70 (5)

9- San Pedro 20:36.66 (4)

10- Hondarribia B 20:54.51 (3)

11- Castreña 21:12.83 (2)

12- Camargo 21:20.04 (1)

Hibaikaren erakustaldia

Esan bezala KAE 2ko aurreneko estropada Hibaikaren erakustaldia izan da goitik behera. Datorren astera arte ez dute arraunean egin beharrik izango eta, beraz, Oreretako taldeak lanerako ez ezik gozatzeko ere tartea izango du astebete honetan.

Erraz esaten da, baina ia 23 segundo zazpi traineruko aldea da eta huraxe izan da Portugaleteri atera dion aldea. Nolanahi, ‘Jarrillera’ ez da oso triste izango Orio B-rekin izan duen buruz burukoan irabazle atera baita traineru bizkaitarra. Handik aurrera, Busturialdea, Laredo eta Lutxana, hurrenez hurren, tokitan geratu dira.

XXI. Guarnizoko Astilleroko Bandera

1- Hibaika 20:49.84 (6)

2- Portugalete 21:12.22 (5)

3- Orio B 21:15.86 (4)

4- Busturialdea 21:47.05 (3)

5- Laredo 22:07.08 (2)

6- Lutxana 22:39.16 (1)

‘Enbatak’ esperotakoa bete du

Nahikari Osa Zarauzko ‘Enbataren’ patroiak jantzi du ETE Ligako liderrari dagokion maillota eta denboraldiko aurreneko bandera ere gustura asko astindu du. Astilleroko erlojuaren aurkako estropadan hasi eta buka trainerurik onena izan da eta, hala, 11 minutuko langa bota duen talde bakarra ere izatea lortu du, nahikoa tarte nabarmenarekin gain era, bi trainerutik gorako aldearekin baita San Juan.

Itsasoak gauzak petralago jartzen dituen egunetan ikusi egin behar nola moldatzen den talde bakoitza. Urrutirago joan gabe, igande eguerdi honetan Adinberri Bandera saio polita izan liteke buruz buruko lehian zein gailentzen den ikusteko. Era berean, hirugarren posturako lehia polita espero da ere kaiku eta Ondarroaren artean. Zapatu honetan Sestaoko taldea nagusitu da, baina Ondarroako ontzia 35 ehunenekora baino ez da geratu.

IV. Guarnizoko Astilleroko Bandera

1- Zarautz 10:57.82 (9)

2- San Juan 11:04.58 (8)

3- Kaiku 11:17.83 (7)

4- Ondarroa 11:18.17 (6)

5- Deusto 11:29.45 (5)

6- Hernani 11:36.09 (4)

7- Portugalete 11:39.46 (3)

8- Isuntza 11:45.68 (2)

9- Camargo 12:11.30 (1)

Honi buruzko guztia: KAE 1