Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Kate Kelleghanek eta Laura Pineauk historia egin dute Yosemiten

Joan den 8an, bi eskalatzaileok Triple Crown proiektua biribildu zuten. Hots, Watkins, Kapitan eta Half Dome 23 ordu eta 36 minutuan lotu zituzten. Hori egiten lehen emakumezkoak bihurtu dira.

Pineau Half Domeko erlaitz ikusgarrian; hirugarren horma izan zen.
Pineau Half Domeko erlaitz ikusgarrian; hirugarren horma izan zen. (Thibaut MAROT)

Yosemiteko hormatzarretan dunbots ederra entzun berri da. Atsegina zein historikoa ere. Kate Kelleghan eta Laura Pineau izan dira protagonistak. Baina, zer egin ote dute bi eskalatzaileok hedabideen lehen lerroetan beren buruak kokatzeko? Bada, joan den 8an, Triple Crown proiektu erakargarria zein oso zaila sinatu zuten. 25 eta 34 urteko protagonistok gai izan dira Yosemiteko murru luzeenak, Watkins, Kapitain eta Half Dome, 24 ordu baino gutxiagoan eskalatzeko eta lotzeko. Zehatz esanda: 23 ordu eta 36 minutu!

Ibar horretako espezialistek eta adituek diote Yosemiteko erronka zailena dela. Eskalada luzea eta zaila egiteaz gain, hiru paretak oinez (29 kilometro) lotzen dira. Batzuek diote ere, bi eskalatzaileok hormatzarretako espezialitatean garai bateko generoen artean zegoen hesia puskatu dutela. Eta neurri handi batean arrazoi osoa dute: Triple Crown-en lehen neskak izateaz gain, mutilez osatutako oso sokada gutxi xede hori egin dute.

Arrakasta horren giltzak ertz ezberdinak ditu. Kelleghanek eta Pineauk onartu dute azken urteotan proiektu horretan ordu asko egin dituztela. Entrenamenduak, azterketak, bide bakoitzaren igoerak… Bai, jakin bazekiten 24 ordu baino gutxiagoan biribiltzeko Watkins bost ordu baino gutxiagoan igo behar zutela, Kapitan (“The Nose”) zazpi baino gutxiagoan eta Half Dome sei baino gutxiagoan.

Taktikak ere berebiziko garrantzia du. Horrekin esan nahi dugu 77 luze (2.200 metroko eskalada) horietan errelebo gutxi egiten direla. Blokeka (5, 6 edo 7 luze) eskalatzen da, abiadura bizian, tresneria gutxi jartzen… Hitz gutxitan esanda, protagonistok zati askotan arriskuak hartu behar izan zituzten. Zalantzarik gabe, jarduera aparta izan da erresistentzia eta gaitasun tekniko handia erakutsi dutelako. Jakina, esfortzu mentalak eta arriskua hartzeko konpromisoaren mailak berebiziko garrantzia izan dute.

Pineauri hitza eman diogu eta arrakasta horren giltza edo sekretuaren inguruan NAIZi hitz egin dio: «Katerekin hainbat urtez entrenatzen egon naiz, eta nire aldetik bada eite bat garrantzi handia duena: eskalada librean dudan eskarmentuak azkarragoa joatea lagundu zidan. Inoiz egin dudan eskalada arriskutsuena izan da; arrisku handiak hartu genituen amets hori egia bihurtzeko. Eta lortu genuen! Pozarren nago proiektu hori amaitu dudalako eta egin duguna eskalada seguruarekin eta normalarekin inolako harremana izan ez duelako. Beste giltza bat gure entrenamenduetan erabilitako Coros ordularia izan da. Gure energia maila, eskalatutako luzeak, lo egiteko azterketa eta errekuperazioak jasotzen ditu. Elektrolitoak eta karbohidratoak ere erabili ditu».

Kelleghanek eta Pineauk Triple Crown proiektuan arrakasta itzela lortu dute. (Jacek WEJSTER)

Eskaladako jarduera hori testuinguruan jarri ondoren, esan behar dugu Triple Crown goizeko hamaiketan hasi zutela. Bihozkada ala ez, baina Watkins eskalatzeko prest zirenean trumoi hotsak entzun ziren. Hormara hurbiltzeko hiru ordu eta erdi behar izan zuten oinez. Zorionez, ekaitza ez zen lehertu eta horma horren gailurrean ziren denbora oso on batekin; hain zuzen ere, entrenamenduetan eginikoa baino 40 minutu gutxiago. Denera, 4 ordu eta 10 minutuko igoera izan zen. Ordubeteko jaitsierak aparkalekuan utzi zituen. Ordubetean Kapitainen ziren. Denbora hori aprobetxatu zuten jateko, hozkailu eramangarri batean oinak hoztutzeko, burua pixka bat lasaitzeko eta “The Nose” bidearen eskalada antolatzeko.

Ibilbide mitiko horretan honako denbora egin zuten: 7 ordu eta 25 minutu. Arratsaldeko 6ak ziren. Gailurretik autora mila metroko jaitsiera egin zuten. Berriro errepidean jarri eta 20 minutu beranduago Half Domeko oinarrian ziren. Urduritasuna bi eskalatzaileon buruetan kokatu zen. Triple Crown 24 ordu baino gutxiago sinatzeko, sei ordu geratzen zitzaizkien. Entrenamenduetan eginiko denbora onena sei ordu eta bost minutukoa zen. Elkar animatu eta eskalatu beharreko blokeak banatzen hasi ziren. Azkena Pineauren ardura izan zen. Ekaitz elektriko batek harrapatu zituen, baina protagonistok mamu horri uko egin eta eskalatzen jarraitu zuten. Gailurrera heldu bezain laster, soka finkatu eta Kelleghan ziztu bizian igo zen. Elkartu zirenean, berriz, kronoa gelditu eta 23 ordu eta 36 minutu markatzen zuen. Justu bada ere, erronka gainditu zuten, eta horri esker Pineau eta Kelleghan Yosemiteko historian sartu dira.

Lehenak

Bi eskalatzaileon arteko harremana bitxia izan daiteke. Kelleghan estatubatuarra da, eta Yosemiteko hormatzarrak bikain ezagutzen ditu. Pareta luze horietan eskarmentu handia izateaz gain, YOSAR edo Yosemiteko erreskate taldeko kidea da.

Pineauren Yosemiteko ibilbidea, berriz, askoz ere txikiagoa da. Muturreko artesietan erakutsi du gaitasun itzela duela, baina hormatzar horietan egiten diren abiadura helburuetan ez zuen eskarmenturik. Frantziarrak adierazi du ibarrean egin zuen lehen bisitan erabat harrapatuta geratu zela murru horiekin zein eskalada estiloarekin: «Hori bai, egoa sarreran utzi behar duzu. Izan ere, pazientzia handia izan behar da. Konturatu nintzen bertako eskalatzaileek behin eta berriz hitz bat errepikatzen zutela: NIAD (“The Nose” bidea egun bateko eskalada kontzeptua). Abiadura estilo horren inguruan makina bat istorio kontatu zizkidaten, eta lehen aldiz Triple Crown izeneko proiektua entzun nuen. Gizonezkoek osatutako bederatzi taldek soilik lortu dute erronka hori. Emakumezkoen artean, bat bera ere ez. Iazko urteko apirilean esan zidaten Kate sokakide bat bilatzen ari zela abentura hori egiteko. Ez dakit jarrera eroren bat izan ote zen, baina Kateri idatzi eta esan nion prest nengoela erronka horretan parte hartzeko. Gehitu nion ere, abiadura eskaladetan ez nuela eskarmenturik. Astebete beranduago, “The Nose” hamabi orduan igo nuen. Denbora hori ikusi eta gero, baieztatu nion bat egingo nuela Triple Crown proiektuarekin».

Pineau (ezkerra) eta Kelleghan, pozarren, erronkaren amaieran. (Thibaut MAROT)

Argi dagoena da eskalatzaile frantziarrak oso denbora gutxi behar izan duela abiadura estilo horretara egokitzeko. Kelleghanen eskarmentuari esker, entrenamenduetan murru bakoitzean denborak hobetzen joan ziren. Watkinsen, adibidez, 9 ordutik 7ra igaro ziren. “The Nose”-n, berriz, ia 13 ordutik 7 ordura. Eta Half Domen, azkenik, 9 ordutik 6ra.

Triple Crown testuinguruan kokatu dugu, eta Pineauk beste datu esanguratsu batzuk gehitu nahi izan ditu: «Onartu behar dut Kapitaineko mila metroko pareta hori ziztu bizian igotzea adiktiboa dela. Baina abiaduraren aldeko apustu sutsua egiten denean, aurreratu behar dut ez dela soilik eskalatzea. Arrisku handiak hartu behar dira, eta oso erne egon behar duzu. Ezin duzu akatsik egin. Finean, ariketa horretan oreka mentalak garrantzia handia du. 24 orduko jardunean %100ean kontzentratuta zoaz. Oso harro nago lortutako emaitzarekin. Baina batez ere amaiera arte erronkari eutsi diodalako».