Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Zaldibarko Lau eta Erdiko ‘Iron Mana’ Bakaikoa ‘Burdinazko Gizonak’ irabazi du (22-21)

Ostiralean Asier Agirreri 20-22 irabazi eta gero, Iraitz Zubizarretaren aurka are eta norgehiagoka gogorragoa atera du aurrera Etxarri Aranazko aurrelariak. Orotara 405 pilotakada jo dituzte eta ataundarra 20-21 aurretik izan da azkenean errematerik jarri ezinda geratu bada ere.

Joanes Bakaikoak partida gogorrak irabazteko sekulako abilezia duela erakutsi du beste behin.
Joanes Bakaikoak partida gogorrak irabazteko sekulako abilezia duela erakutsi du beste behin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

BAKAIKOA 22

ZUBIZARRETA III 21

«Iron Man» adieraren itzulpena literala «burdinazko gizona» da eta San Fermin Torneoko Lau eta Erdiko hau jokatzen ari direnen artean burdinazko gizonik baldin bada, hori Joanes Bakaikoa da. Ostiral arratsaldean Agirreren aurka 20-22 irabazi zuen ia 400 pilotakada jo eta gero. Ez dira 48 ordu pasatu eta Etxarri Arantzekoak 405 pilotakadaren ostean 22-21 irabazi dio Senarren aurka 22-8 irabaztetik zetorren Iraitz Zubizarretari. Ikusita bakarri gogorra eta nekagarria izan bada, zer ez ote da izan bi protagonistentzat!

Izan ere, batak bezala besteak ere irabazterik izan du, bai markagailuak izan dituen irauliengatik, baita Zaldibarko Olazar pilotalekuan egindako merezimenduengatik. Ostiraleko tratuari buelta ezin emanik, bere buruarekin pozik aurkitu ezinik ekin dio aurrelari nafarrak, Jon Mariezkurrena botileroaren aholku baikorrak antidoto gisa dituela. Bai antidoto bikaina, hain zuzen, akordatzerako 5-0 aurreratu baita.

Nabarmena izan da ordurako estrategia: txokoan luze eta txokoan luze berriro, Zubizarreta III.aren ezkerra bilatuz, Ataungo aurrelaria mugiaraziz pazientzia galdu arte. Langile hutsa da Bakaikoa, ez artista, baina lanari beldurrik ez diolako, hain zuzen, partidak gogortzeko prest azaltzen da frontoira, eta horri atera dio etekina, Mariezkurrenak behin eta berriz «sufritzeko» emandako agindua zintzo demonio beteaz.

Kale edo bale

Zubizarreta, alabaina, ez da atzera begira egoteko etorri Zaldibar aldera. Atzetik 5-0 hasi bada ere, 8nakoaz geroztik lubakietako gudu antzeko bat hasi dute ataundarrak eta Etxarri Aranatzekoak. Kolpe freskoagoa erakutsi du gipuzkoarrak, baita ausardia handiagoa ere oro har errematea botatzeko, bi hormakoa bereziki, eta markagailuan aurretik jartzea ere lortu du; esaterako 9-11.

Baina ez du alde handiagorik hartu eta, hala, aurreneko atseden luzera Bakaikoa 12-11 aurretik iritsi da. Egia da, bestalde, Zubizarretak sakez egindako falta biak ere akordatzeko modukoak izan direla, aldea hartzeko abagunea eten diotelako. Hala ere, lanari honek ere ez dio beldurrik eta gorputzez gorputz lehia oso gogorra burutu dute biek ala biek, 70 minututik gora luzatu den lana, pilotalekuan bero handia eginagatik.

Zubizarretak 16-18 aurretik jartzea lortu du eta orduan iritsi da Bakaikoaren planaren bigarren fasea: errematean gehiago ausartzea. Txokoan luze jotzeaz gain erremate sorta zabalagoa ere baduela erakutsi du nafarrak, 20-18 aurreratzea lortuz, baina Zubizarreta ez da etsitzeko egon eta berdindu ez ezik, 20-21eko markagailua ezarri du.

«Ezkerkada horri buelta asko ematen ari naiz. Ona izan da, baina kontrakantxara alde egin dit. Hemendik egun batzuetara agian bestela ikusiko dut, baina orain min handia ematen ari zait porrot hau», onartu du Iraitz Zubizarretak.

Piloteo gogor askoan murgilduta, ezkerrez zeharka zabaltzen ahalegindu da ataundarra, eta barruan izan balitz gorriak eta beltzak ikusaraziko zizkiokeen Bakaikoari, baina azken honen zorionerako kanpoan eman du botea eta azken sakea berari egokitu zaio.

Ezker gantxoz zabalean amaitu du partida Bakaikoak eta bere burua lurrera botata ospatu du, Zaldibarren bilduriko zaleen eta Mariezkurrenaren zorionak jaso aurretik. Leher eginda amaitu du, eta asteazkenean, San Juan egunez, Hernaniko Udal Kiroldegian, Iñaki Artolaren kontra San Fermin Torneoko final-laurdenak jokatuko ditu Etxarri Aranatzekoak. Baina egin kasu Joanes Bakaikoak berak esandakoari. «Gorengo mailan jokatzeko aukera gutxi dauzkat eta aprobetxatu behar ditut. Beraz, bihar bertan ere –astelehenean– jokatuko nuke». Burdinazko Gizonaren hitza.

PARTIDAKO FITXA

Iraupena: 72.42 minutu. Pilotakadak: 405. Sakez: 1 Bakaikoak eta 2 eta falta 2 Zubizarretak. Jokoan tantoak: 12 Bakaikoak eta 14 Zubizarretak. Galdutako tantoak: 5 Bakaikoak eta 7 Zubizarretak. Markagailua: 1-0, 5-0, 5-1, 6-1, 6-2, 6-4, 7-4, 8-4, 8-5, 8-9, 9-9, 9-10, 9-11, 10-11, 11-11, 12-11, 12-12, 13-12, 13-13, 13-14, 14-14, 15-14, 16-14, 16-15, 16-18, 17-18, 20-18, 20-19, 20-21, 21-21, 22-21. Gorabeherak: San Fermin Torneoko Lau eta Erdiko kanporaketa, Zaldibarko Olazar pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.