
Egutegian eta txapelketa ereduan aldaketa nabarmenak izango dira 2026ko Championship Tour itzulian, eta berrikuntzek Challenger Series itzulian ere eragina izango dute. Esate baterako, nesken kopurua 18tik 24ra igoko da CT mailan, lehenengo errondako kanporatuek ez dute bigarren aukerarik izango, eta denboraldi erdiko mozketa ez da denboraldi erdian egingo, irailean baizik. Egutegia ere luzatu egingo da eta CT itzuliko azken txapelketa Pipelinen egingo da.
WSL erakundeak (izen desberdinekin) 50 urte betetzen dituela ospatzeko, hainbat ekitaldi egingo dituela iragarri zuen Ryan Cosbyk, World Surf League erakundeko zuzendariak, eta, horrekin batera, lehen mailan izango diren aldaketen berri ere eman zuen. Aldaketa hauek gainerako mailetan nola eragingo duten ikusteko dago, baina lehen ondorio ikusgarria CS mailan izan dela esan daiteke. Aurtengo itzulia luzatu behar izan dute, bi txapelketa gehituz, horietako bat Pipelinen egingo dela.
Artean, CT zirkuituko 9. txapelketa egiten ari dira egunotan Brasilgo Saquarema hondartzan. Ekainaren 22an egin zituzten lehen errondak, eta datozen egunetan amaituko da txapelketa.
Neska gehiago eta mozketa beranduago
Orain arte 18 neska eta 36 mutil lehiatzen ziren lehen mailan; datorren urtean, ordea, 6 neska gehiago izango dira CT itzulian, eta mozketaren ondoren ere nesken kopurua orain artekoa baino handiagoa izango da. Horrela, mozketaren ostean mutilen kopurua 36tik 24 jaitsiko da, eta neskena, 24tik 16ra.
Aitzitik, denboraldi erdiko mozketa ez da gehiago denboraldi erdian egingo. Itzuliko 9. txapelketaren ondoren egingo da, alegia, irail aldera. Kontuan hartu behar da azken urteetan CT zirkuitua urtarrilean hasi eta irailean amaitzen zela. Denboraldi erdiko mozketa maiatz amaieran edo ekain hasieran egiten zen, eta kanporatuak ziren lehiakideak bigarren mailara jaisten ziren. Hurrengo urtean, ordea, mozketa ez da denboraldi erdian egingo, itzuliko bederatzigarren txapelketaren ostean baizik. Kontuan hartuta zirkuitua apirilean hasiko dela, mozketa irailean egin daiteke, Trestleseko txapelketan.
Laburbilduz, hiru zati izango ditu 2026ko CT itzuliak. Lehen 9 txapelketek «denboraldi erregularra» osatuko dute. Hor mozketa egingo da, eta jarraian beste bi txapelketa egingo dira; horri «denboraldi ostea» deitu diote. Eta, azkenik, Pipelinen bukatuko da CT itzulia, txapelketa berezi batekin.
Pipelineren itzulia
Lehen egiten zen bezala, berriz ere CT itzulia Hawaiiko olatu beldurgarrienean amaituko da, alegia, Pipelinen, eta gainera lehen mailako lehiakide guztiak lehiatu ahal izango dira, baita mozketa ondotik kanporatuak diren surflariak ere.
Hau da, bederatzigarren txapelketaren ostean mozketa egingo da, kaleratuak izan ez diren 24 mutil eta 16 neskek beste bi txapelketa egingo dituzte, bata Jefrreys Bayen (Hegoafrikan) eta bestea Teahupoon (Tahitin). Baina denboraldiari amaiera emateko Pipelinen egingo den txapelketan berriz ere denak batuko dira; mozketa gainditu dutenak eta baita gainditu ez dutenak ere. Dena den, une horretan nesken zein mutilen rankingeko lehen zortzi postuetan diren lehiakideek abantaila bat izango dute Pipelinen, lehen erronda gainditua izango baitute.
Zirkuituko lehen zatian (denboraldi erregularrean) egingo diren bederatzi txapelketatik soilik zazpi emaitza hoberenak kontuan hartuko dira rankingerako; zirkuitua osorik amaitzen denean, 12 txapelketetatik bederatzi emaitza hoberenak kontuan hartuko dira rankingerako. Hortaz, mozketa gaindituko duten lehiakideek puntu gehiago izateko aukera edukiko dute, kanporatuak izango direnek baino bi txapelketa gehiago jokatuko baitituzte.
Horrez gain, Pipelineko txapelketak balio erantsia izango du, izan ere irabazleak 15.000 puntu irabaziko ditu. Hau da, ohiko CT txapelketa batek baino 1’5 puntu gehiago emango ditu Pipelineko txapelketak. Horrela, azken urteetan galdu duen protagonismoa berreskuratuko du surfaren historian itzal luzea duen kondairazko urautsiak.
Aitzitik, abenduan Pipelinen egingo den txapelketa, urteko garrantzitsuena izan arren, ez da urautsi mitikoan egingo den goi mailako txapelketa bakarra izango. Egutegi aldaketak CS mailako zirkuitua egokitzera bultzatu dituenez, lehen aldiz CS zirkuituan Pipelineko txapelketa gehitzea erabaki baitu WSL erakundeak.
Aurten ekainean Newcastlen (Australian) hasi den CS zirkuitua, leku berean bukatuko da 2026ko apirilean, baina aurrez Pipelinen izango dira CSko 80 mutil eta 48 neskak, eta haien artean bigarren mailan lehiatzen diren bost euskal surflariak: Adur Amatriain, Keoni Lasa, Jago Dominguez, Nadia Erostarbe eta Annette Gonzalez Etxabarri.
CT mailako zirkuitura itzuliz, egutegi aldaketak izan duen beste albo kaltea Bells Beacheko txapelketa kentzea izan da. Australiako eskuin olatua urte luzez izan da lehen mailako surflariek irabazi nahi zuten ametsetako txapelketa, baina 2026an ez da CTko egutegian egongo; bai ordea, Australiako beste bi urautsi famatu: Margaret River eta Snapper Rocks. Gainerako txapelketak aurtengo denboraldiko berberak izango dira, data desberdinetan.

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso

Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Donostiako Piratek, Pentsiodunen Mugimendua ardatz
