NAIZ

Bi greba egun deitu dituzte Lezoko Interal enpresan 85 kaleratzeren aurka

Lezoko Interal enpresako zuzendaritzak plantillaren herenari eragingo dion EEE bat iragarri du, 85 kaleratze ekarriko lituzkeena. Batzordeak bi greba egun deitu ditu ekainaren 26rako eta uztailaren 2rako, eta ez du baztertzen greba mugagabera jotzea.

2022an Interal enpresan izandako mobilizazioak.
2022an Interal enpresan izandako mobilizazioak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lezon dagoen Interal enpresako zuzendaritzak Enplegu Erregulazioko Espediente (EEE) bat iragarri du, plantilla osatzen duten 226 pertsonetatik 85 kaleratzea ekarriko lukeena. Erabaki horren aurrean, langile batzordeak (5 ELA, 5 UGT eta 3 CCOO) bi greba egun deitu ditu ekainaren 26rako eta uztailaren 2rako, eta ez du baztertzen uztailaren 8tik aurrera greba mugagabera joatea, egoera iraultzen ez bada.

Abisuak langileen artean sortu duen ezinegona salatu du batzordeak astelehen honetan komunikabideei bidalitako ohar batean; izan ere, 85 pertsona zehatzi eragingo lieke EEEak. Gainera, batzordearen esanetan, erabaki «oso traumatikoa» izango litzateke, plantillaren heren bat kaleratzea ekarriko lukeelako.

Enpresa batzordearen arabera, EEEa ez dago justifikatuta, azken urteetan enpresak etekin historikoak lortu baititu, baita dibidenduak banatu ere.

Interalek saldak, zopak, saltsak eta prestatutako beste elikagai batzuk ekoizten ditu, eta marka zurien hornitzailea da Mercadona, Aldi eta Lidl bezalako konpainientzat.

2022an mobilizazioak eta greba egunak deitu zituzten sindikatuek Interal enpresan, «hitzarmen duina» aldarrikatzeko. Orain mobilizazioak izango dira langile guztien lanpostuak defendatzeko.