NAIZ
Bilbo

Euskarak normalizazioan aurrera egiteko segurtasun juridikoa aldarrikatu du Aholku Batzordeak

Euskararen Aholku Batzordea Euskaltzaindiaren egoitzan bildu da estreinakoz. Normalizazioan aurrera egiteko legeria eta segurtasun juridikoa beharrezkoak direla aldarrikatu du Imanol Pradales lehendakariak.

Euskararen Aholku Batzordeko kideak, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean.
Euskararen Aholku Batzordeko kideak, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean. (Jon USUAL | IREKIA)

Euskaltzaindiaren egoitzan bildu da estreinakoz Euskararen Aholku Batzordea astelehen honetan. Legealdi berriko lehen osoko bilkura egin dute, Imanol Pradales lehendakaria batzarburu zela, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera. Andres Urrutia euskaltzainburuak egin die harrera, eta euskarak egun «erronka berriak» dituela nabarmendu du.

«Gure ustez, egiteko berehalakoa da euskarak, biziberritzearekin segitzeko, hizkuntzaren presentzia eta erabilera areagotzeko, orain arteko eremuetan sakondu eta, ahul dagoenetan, ahaleginak bizkortu eta indartu behar direla, besteak beste, herri-erakundeetan, eremu sozioekonomikoan, aisialdian, kultur zein kirol eskaintzan, bai eta ingurune digitalean ere. Jakinik, hori bai, Euskal Herri osoa dugula eginkizun, lurralde eta herrialde bakoitzak duen historia, ikuspegia eta errealitatea aintzat hartuta».

Hala, «alderdikeriak» baztertu eta «adostasunak berritu» behar direla gaineratu du Urrutiak. 

Pradales ere etorkizunari begira mintzatu da eta  «jauzi kualitatiboa» emateko premia nabarmendu du. «Egoerak ez du zerikusirik duela 40 urtekoarekin. Asko aldatu dira gizartea, gazteen bizimodua, eta komunikazio eta harreman moldeak», aitortu du Pradalesek. Hori dela-eta, «euskara biziberritzeko ahalegin koordinatua eta planifikatua» eskatu du.

Ildo horretan, euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko paradigma berri bat ezartzeko beharra defendatu du, «konfrontazioa saihestuz». «Gizartearen aktibazioa da gakoa, baina euskarak ere beharrezkoa du legeria eta segurtasun juridikoa», esan du.

Bengoetxeak Euskararen Plan Estrategikoaren eduki nagusiak aurkeztu ditu. Azaldu duenez, planak bi helburu nagusi ditu: euskararen ezagutzan eta erabileran jauzi kualitatiboa ematea. Horretarako, bederatzi ardatz estrategiko identifikatu dira, besteak beste, euskara gaitasuna, transmisioa, lan mundua, aisialdia, ingurune digitala eta etorkinak. Planak, gainera, baliabide ekonomikoak, gobernantza eredua eta jarraipen mekanismoak ere aurreikusten ditu.

Gaurko bileran Euskararen Aholku Batzordeko 26 kidek hartu dute parte, horien artean Lakuako Gobernuko eta erakunde publikoetako ordezkariak nahiz adituak. Amaieran, Batzordeko kideei Euskararen Plan Estrategikoari ekarpenak egiteko bi asteko epea zabaldu zaie. Esan dutenez, helburua da plan ireki eta parte-hartzaile bat garatzea, euskararen normalizazioan aurrerapauso sendoak emateko.