
Evelyn Hugo zinema izar estatubatuarrak isiltasuna haustea erabakitzen du 79 urterekin, fokuetatik urrun; Monique Grant kazetari ezezaguna aukeratu du bere egia kontatzeko. Zinema izarraren eta kazetariaren istorioak gurutzatzen ditu ‘Evelyn Hugoren zazpi senarrak’ eleberriak eta, mundu osoan 5.000.000 ale baino gehiago saldu ostean, euskarara ekarri du Ibai Sarasuak Taylor Jenkins Reidek idatzitakoa.
Astelehen goiz honetan aurkeztu du Erein argitaletxeak eleberria, Donostian, Inazio Mujika argitaletxeko ordezkaria eta Ibai Sarasua itzultzailea lagun zirela. Mujikak nabarmendu du Jenkins idazlearen lanetan zinema oso presente egon ohi dela, eta gehitu du: «Narrazio indartsuak idatzi ohi ditu emakumea ardatz duela». Eta kasu honetan ere, hala egin duela, bi emakume parez pare jarrita, anbizioa eta erresilientzia etengabean mahaigainean jarriz.
«Inor begira ez dugunean nolakoak garen kontatzen du liburuak, eta horrek ematen du zer hausnartua», ohartarazi du Mujikak, eta Sarasua ere bat etorri da hausnarketa horrekin. Berak azaldu duenez, Evelynen bi bizitzak aurkezten zaizkigu eleberrian: «Bere bizitza publikoa, eta bere bizitzaren funtsa; mitoaren eta gizakiaren arteko tirabirak».
Izenburuak hala iradoki dezakeen arren, editoreak ohartarazi du ez dela «zazpi senarren desfile bat», etengabean zinema izarra dela protagonista eta lehen pertsonan kontatutako istorioa dela. Horri lotuta argitu dute, liburu osoa lehen pertsonan idatzita badago ere, batzuetan Evelyn Hugo bera dela lehen pertsona hori, eta beste batzuetan Monique Grant kazetaria. Horrez gain, prentsan ateratako albisteen zatiak ere tartekatzen dira, «barre pixka bat egiten da» aitortu du Mujikak.
Sekretu bat hasieratik
Hasieratik «harrapatzen» zaituen eleberria da Sarasuaren ustez: «Sekretu bat aurkezten zaigu hasieran, Evelynek berak esaten dio Moniqueri amaieran kontatuko diola sekretu hori». Eta sekretu horri jarraika, Hollywoodeko argiez eta ilunez blaituta egiaren inguruko hausnarketak jasotzen dira eleberrian, itzultzailearen esanetan: «Egia nola irudikatzen den azaltzen da, egia bere anbibalentzia eta erabilerarekin, errealitatea zer den eta nola agertzen den hausnartuz».
Lehen kolpean «maitasun istorio arrunt» bat dela irudi badezake ere, Sarasuak nabarmendu du maitasunaren «ulerkera konplexua» aurkezten duela. «Maitasuna ez da absolutua», egin du aldarri, eta lagunen edota senideen arteko maitasun harremanen ingurua ere mintzo da eleberria. Ausardia, anbizioa, desira, sexua, arrazakeria, klasismoa, auto-irudia, boterea, erresilientzia, identitate sexuala, ospea… Gai horiek dira liburuak modu batera edo bestera jasotzen dituenak, itzultzailearen arabera.
«Ukazioa ere oso presente dago, norberaren printzipioei uko egin beharra arrakastaren izenean», kontatu du itzultzaileak. Eta gaineratu du bi emakumeren bizitzak biltzen direla eleberrian, pertsonaia bakoitzaren gatazkak kontatzen dira, batzuetan antzekoak izan daitezkeela esan du, eta beste batzuetan talka egiten dutela, 50. hamarkadatik gaur egunera arteko bidea egiten baitu istorioak.
Hollywoodeko prisma
Hala ere, ohartarazpen bat egin du: «Optika oso estatubatuarretik dago idatzita, ezerezetik dena izatera igaro zaitezkeen amets hori presente dago, eta horrek ere ematen du bere jolasa».
Itzultzerako momentuan ere, optika horrez gain hizkera moldatzea ere erronka izan dela kontatu du Sarasuak: «Uste dugu Hollywood ezagutzen dugula, baina ez da hala. Eta gainera, euskaraz Hollywoodeko hizkera ez dugu hain landua, zein unibertso sortzen dira bertan euskaraz? Gurera ekartzeko lana egin dut, mundu ezaguna den arren erronka bat izan da».

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso

Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Donostiako Piratek, Pentsiodunen Mugimendua ardatz
