NAIZ

Gizon bat atxilotu dute bi emakumeri eraso egiteagatik Andoaingo San Juan jaietan

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du bi emakumeri eraso egiteagatik larunbatean San Juan jaietan, Andoainen. Mugimendu feministak, Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak gaitzetsi egin dute eraso matxista; arratsaldean elkarretaratzea egin dute gertatutakoa salatzeko.

Eraso matxisten aurkako elkarretaratze baten artxiboko irudia.
Eraso matxisten aurkako elkarretaratze baten artxiboko irudia. (@AndoaingoUdala)

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Andoainen bi emakumeri ukituak egiteagatik. Eraso matxistak larunbatean izan ziren, San Juan jaietan.

Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute astelehen arratsaldean gertatutakoa salatzeko. Andoaingo Udalak bat egin du deialdiarekin eta gaitzetsi egin ditu erasoak.

Adierazpen batean azpimarratu duenez, «indarkeria matxista lehen mailako arazo soziala da; indarkeria hori pairatzen duten eta indarkeria horri aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa».

«Indarkeria horren adierazpenak ez dira gertakari isolatuak; aitzitik, gure gizartea egituratzen duen sinesmen sistema batean oinarritutako jokabide eta balio sare baten parte dira. Gure gizartean erroturik dagoen sistema horren ondorioz, emakumeak gizonen mende jartzen dira eta ez zaie lekurik uzten gizartean adierazteko eta jokatzeko beste modu batzuei. Horregatik, azpimarratu nahi dugu erabat arbuiatzen dugula indarkeria matxista oro», gaineratu du Udalak.

Gipuzkoako Aldundiak bat egin du Andoaingo Udalak plazaratu duen gaitzespen adierazpenarekin. Erakundeak nabarmendu duenez, «horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen». 

«Horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean jartzen dugu azpimarra. Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta duintasuna, sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, berriz ere adierazi nahi dugu indarkeria sexistarik gabeko kaleak, auzoak, udalerriak eta hiriak nahi ditugula».