
Istilutsua izan da Sanjoanetako gaua Hernanin. Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez, 17 urteko gazte bat atxilotu dute 3.30ak aldera gertatutako istilu batzuen ondorioz, oraindik argitu gabeak. Eta gutxienez hiru lagun zaurituta leudeke, itxuraz Ertzaintzaren oldartzearen ondorioz. Donostiako Ospitalarekin harremanetan da Udala, egoeraren berri zehatza jasotzeko.
Ertzaintzak emandako informazioaren arabera eta sare sozialetan agerturiko mezuetan aipatzen denez, gaua ospatzen ari ziren pertsona multzo ezberdinen artean borroka piztu da hasieran.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak Radio Euskadin baieztatu duenez, istiluetan zaurituak izan dira eta baten bat (edo batzuk) erietxera eraman behar izan dituztela dirudi, «baina arrazoia ez dakigu momentuz».
Gertatutakoak «dimentsio handia» hartu duela onartu du Lertxundik, besteak beste herrian jende asko zegoelako.
Udaletxean sartzeko saiakera
Gauak aurrera egin ostean, istiluak Udaletxea kokatzen den enparantzan berpiztu dira. Alkateak zehaztu duenez, pertsona bat sartu da bertan babes bila, eta beste asko bere atzetik joan dira bera jipoitzeko asmoz. Udaltzaingoak ez die sartzea baimendu, jakina.
Udaltzaingoak deituta agertu dira ertzainak, Lakuako Segurtasun Sailak berretsi duenez: «Egoera kontrolatzeko esku hartu behar izan dugu», argudiatu du Ertzaintzak.
Iristean, ordea, ertzainak oldartu egin dira gazte multzo ezberdinen aurka, Gudarien Enparantzan hain zuzen ere, eta bertan gertatu da atxiloketa. «Istiluak eragitea» leporatzen diote 17 urteko gazteari eta komisariara eraman dute. Aske utzi dute ondoren, deitzen diotenean epailearen aurrean aurkezteko betebeharrarekin.
Txosnagunea itxita tarte batez
Txosnagunearen aldean ere kargatu egin dutela salatu dute auzokideek, borrak erabiliz, baita pilotak jaurtiz ere. Txosnagunea tarte batean ixtea erabaki du batzordeak, istiluak baretu arte.
Alkateak ETBn aipatu duenez, Ertzaintzaren oldartzeak egoera oraindik gehiago zaildu du.
Dirudienez, aurretik ere izan dira liskarrak, Hernaniko kaleetan zein txosnagunean, baina oraindik aztertzen ari da 3.30etako istilu horiekin zerikusia duten edo ez.
«Benetako informazioa» lortzeko lanean ari direla aipatu du alkateak Radio Euskadin. Bozeramaileen Batzordea bildu dute astearte honetan gertatutakoa aztertu eta baloratzeko. Bitartean «normaltasuna» berreskuratzeko deia egin du Lertxundik, herriarentzat jai egun hauek garrantzi handikoak direlako.
Bizikidetzaren aldeko adierazpena
Bozeramaileak batzartu ostean, Udalak adierazpena kaleratu du, bizikidetzaren alde bereziki. «Ez dira onargarriak, edozein arrazoi dela ere, herritarren osotasun fisikoaren aurka sustatutako oldarraldi eta liskarrak. Elkartasun osoa adierazten diegu gertakari horien ondorioz kaltetuak izan direnei», hasten da.
«Istiluen iturburua izan den gertakariaren inguruko informazio argirik ez dago. Aldiz, hainbat eraso eman dira gauean zehar eta istiluak jai eremu osora zabaldu dira», aitortu du Hernaniko Udalak.
«Beste behin ere, gisa horretako jokabideek gure herriko elkarbizitzan duten eragin kaltegarriaz ohartarazi nahi dugu. Gure artean bizi den pertsona oro komunitate honen parte da, edozein dela ere bere jatorria», nabarmendu du Udalak.
Azken puntuak honako hau dio: «Bizikidetzaren aurkako jokabide bakar bat ere ez da onargarria, datorrenarengandik datorrela. Aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiegu egoera kudeatu eta baretzen lagundu duten txosna batzordeko kide eta herritarrei».
Txosna Batzordearen oharra
Hernaniko Txosna Batzordeak ere oharra kaleratu du, asteleheneko gertakarien harira. «Ez dugu onartzen atzokoa bezalako gertakaririk. Aurretik herrian izandako liskar batzuk aitzakiatzat hartuta, hainbat eraso arrazista (guk dakigula hiru) izan ziren, jipoi masibo eta antolatuen bidez. Liskar edo borrokaldi batek sekula ez du justifikatuko talde eraso antolaturik. Eta horren harira txosnagunean izan zen poliziaren oldarraldi bortitza ere salatu nahi dugu. Gure babes osoa zauritutako kideei», dio oharrak.
Txosna Batzordeak «irmoki» salatu du jazotakoaren ondotik «asmo interesatu batekin zabaltzen ari diren bulo eta gezur arrazistak, baita Hernanin jaien aurretik hedatutakoak ere. Lapurreten eta elkarbizitza urratzen duten jokaeren aurrean ez dago lintxamendua justifikatzerik», nabarmendu du.
Elkarretaratzea arratsaldean
Arratsaldean, gertatutakoa salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute Gudarien Enparantzan Ahmer elkarteak deituta eta herriko hainbat eragilek babestuta, «Arrazakeriaren aurka, Hernanik planto!» lelopean, eta elkarbizitzaren aldeko aldarria egin dute, «pertsona guztien bizitzak erdigunean jarri eta arrazakeriarik gabeko herria aldarrikatzeko».
Ahmer-eko ordezkariek irakurri duten oharrean berretsi dute Hernanin «magrebiar jatorriko herritarren aurkako gorroto mezuek ez dutela lekurik, ezta edozein herritarren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten jarrerek ere».
«Jakitun gara herrian eman diren hainbat gertakarik ezinegona sortzen dutela. Argi utzi nahi dugu elkarbizitza arazoak sortzen dituen pertsona edonor dela ere, ez dela onargarria eta arazo horri heldu egin behar zaiola», erantsi dute.
Nolanahi ere, azkenaldian izan diren gertakarien «jatorri arrazista» ezin dela ukatu adierazi dute, «gisa honetako bestelako liskarren aurrean ez delako modu honetako erantzun antolaturik ematen. Are gehiago, jatorri zehatz batzuetatik datozen herritarren aurkako gorroto mezuak zabaltzen dira, komunitate oso bat kriminalizatu eta arriskuan jarriz», ohartarazi dute.
Amher elkartearen iritziz, «herri bezala horrelako egoerei eman nahi diegun erantzuna da hemen jokoan dagoena». Horrek, beren ustez, komunitate gisa «hausnarketa bat» eskatzen du, «nahi dugun elkarbizitza ereduaren inguruan».
Hala, «egoera konplexuen aurrean irtenbide konplexu eta egiturazkoak behar ditugu, eta ez dugu nahi besteekiko kontrakotasunean eta gutxiespenean eraikitzen den herri izaerarik», amaitu dute.
Harrera Sarea: «Indarkeria arrazistako ekintza»
Harrera Sareak «irmotasun osoz» gaitzetsi du Hernanin gertatukoa, eta «indarkeria arrazistako ekintzatzat» jo du. «Jasotako informazioaren arabera, Hernaniko eta magrebtar jatorriko gazteen arteko liskar batekin hasi da dena. Gazte horietako bat zauritu egin da, eta salaketa bat ere jarri du. Hala ere, gertaera horiek aitzakia izan dira ‘mairuen’ aurkako ehiza bat egiteko Hernaniko kaleetan, jatorrizko gertakariekin zerikusirik ez zuten gazte magrebtarren aurka», salatu du sareak ohar batean.
Harrera Sarearen arabera, poliziak udaletxe barruan sartu behar izan zuen gazte bat, «hil ez zezaten». Horretaz gain, «beste bi gazte magrebtarrek ere erasi bortitzak» jasan zituzten, «hasierako gertakariekin zerikusirik ez zutenek». Azkenean, X sare sozialaren kontu batzuk salatu nahi izan dute gertatutakoari buruzko «gezurrak zabaltzeagatik».

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Uno de los detenidos en Ordizia va a prisión y el otro queda libre

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala
