
San Ferminetako Lau eta Erdikoak hitzordu bikoitza zuen astearte honetan, Eibarreko Astelenan eta Segurako pilotalekuan. Asperen adarretik bi partida jokoan eta final-laurdenetarako bi txartel zeuden jokoan. Garaileak Peio Etxeberria eta Zabala izan dira, eta hala, Zenotzeko aurrelariak Joseba Ezkurdia izango du aurkari hurrengo fasean; eta errioxarrak, Jokin Altuna, egungo txapelduna.
Oso pilotazale gutxi bildu den Eibarreko Astelenan, Peio Etxeberriak azken denboraldian kaiolan erakusten ari den maila bikaina erakutsi du beste behin partida gogor eta entretenigarri batean. Aurrean Aitor Elordi izan du, eta bizkaitarrak oso zail jarri dizkio gauzak.
Pentsa, Mallabiko aurrelariak Peio Etxeberriak ezarritako erritmoa haustea lortu du. Izan ere, Zenotzekoa 4-8 irabazten joan da patidaren lehen zatian, baina lehenengo atsedenaldira aurretik iristea lortu du Elordik (12-9).
Bizkaitarrak oso joko bikaina erakutsi du momentu horretan, 15-10 aurretik ere ipiniz. Baina Peio Etxeberria ez da amore ematen duen horietakoa, eta 15na berdintzea lortu du nafarrak. Ez hori bakarrik, oldartzea heldu da eta bi paretaz egindako tanto batekin eta sake batekin, 15-18 ipini da aurretik bigarren atsedenaldi luzean.
Zenotzekoak ez du aukera pasatzen utzi eta 22raino iristea lortu du, final-laurdenetarako txartela sinatuz (16-22). Larunbatean, Sopelako pilotalekuan, Joseba Ezkurdiaren aurka arituko da finalerdietarako txartela eskuratzeko lehian.
Zabala, errioxarren artekoan
Segurako Baratze pilotalekuan, errioxarren arteko lehia egon da, baina neurketak ez du espero zen emozioa izan. Zabalak errazegi irabazi dio Dariori (7-22) 47 minutu iraun duen eta 192 pilotaka izan dituen partidan.
Egia da Dario aurretik aritu dela hasierako lehen tantoetan (1-0 eta 3-2), baina Naiarako pilotariak sakearekin min handia egin dio Ezkaraikoari –Zabalak 8 egin ditu lehen jokaldiarekin eta bat ere ez Dariok– eta horrek partida baldintzatu du.
Jokoan, gainera, beste 8 tanto egin ditu Zabalak eta hurrengo aurkaria Jokin Altuna egungo txapelduna izango du igandean, Mungiako pilotalekuan.

Aizarotz, demostración palpable de que hay fórmulas para contrarrestar el despoblamiento rural

«Que Iruñea apueste por la dignidad colectiva ante el genocidio israelí es algo grandioso»

La renovación de Nico Williams, una operación «a lo bajini»

«Matxirulo, zure parranda bukatu da», autodefentsa feministarako deia Iruñean
