NAIZ

Akordioa Gipuzkoako Eraikuntzan, soldata igoerekin eta lanaldiaren murrizketarekin

ELAk ohar batean nabarmendu duenez, Gipuzkoako Eraikuntzan lortutako akordioak langileen erosahalmena bermatu eta kontziliazioa hobetuko ditu. Sindikatuak %74ko ordezkaritza du sektorean.

ELAren esanetan, azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker lortu da akordioa
ELAren esanetan, azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker lortu da akordioa (ELA)

Sinatu berri da Gipuzkoako Eraikuntzako hitzarmena. ELAk du gehiengo absolutua sektorean (%74) eta pozik azaldu da lortutako edukiekin.

Ohar batean azaldu duenez, hitzarmenak lau urtetarako indarraldia izango du (2025-2028). Soldatari dagokionez, KPI+0,9ko soldata igoera izango dute lehen urtean eta KPI-ko soldata igoerak gainontzekoetan.

Langileen kontziliazioa eta bizitza errazteko bidean, zortzi orduko lanaldi murrizketa adostu da.

Badira, gainera, prekaritateari aurre egiteko zenbait artikulu ere. ELAk azpimarratu duenez, «kontratazio prekarioek langileei ziurgabetasuna eragiten diete, eta lan istripuekin lotura zuzena dute».

Besteak beste, aldi baterako laneko enpresen bidezko kontrataziorik ezingo da egin aurrerantzean, ez obran ezta mantenimentuko lanetan ere. Eta modu egonkortuan dauden azpikontratetako langileek subrogazio eskubidea izango dute hemendik aurrera.

Honez gain, euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatu du ELAk, eta 50 langiletik gorako enpresak Euskara Planak negoziatzera bultzatu ditu. Sexu Jazarpen protokoloan ere aurrerapausuak eman dira eta trans kolektiboarentzat eskubideak txertatu dira.

ELAren esanetan, azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker lortu da akordioa. «Beste sindikatuek sektore honetan sinatu dituzten hitzarmenetan baino eduki hobeagoak» lortu dituela gaineratu du.

Beste aldetik, LABek iragarri du ez dela ADEGI patronalaren «konplize» izango eta, beraz, ez du Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatuko. Ohar batean adierazi duenez, sindikatuak uste du «ELAk eraikuntzan erdietsi duen akordioak ez dituela langileon osasuna eta etorkizuneko lan baldintza egokiak bermatzen» eta «patronalarekiko otzan jokatu du, borrokari uko egin dio eta sektoreko langileen beharrak albo batera utzi ditu akordio bat erdiestearren».

Akordioaren edukiei dagokienez, horrek dituen «ustezko aurrerapausoak ez dira errealak izango sektoreko langile gehienentzat», LABen arabera. Izan ere, salatu dute «akordioak ez diola erantzuten eraikuntza sektorean dauden arazo handienei: hitzarmena ez da betetzen sektorearen zati handi batean, eta sektoreko lan-istripu eta heriotza kopurua ikaragarria da».

LABen ustez, hitzarmenak errealitate horri erantzun beharko lioke. Beraz, «argi dago edukiek ez dietela sektorearen errealitateari eta langileen beharrei erantzuten».