Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Memoria: kolektiboan eta demokratikoki eraiki beharreko «Legoa»

Memoria izan dute hizpide ostiral arratsalde honetan Sorturen 8. Nazio Konferentzian, Abadiñon, Lur Albizuk eta Olatz Dañobeitiak.

Lur Albizu, Olatz Dañobeitia eta Joseba Permach, Sorturen Nazio Konferentzian.
Lur Albizu, Olatz Dañobeitia eta Joseba Permach, Sorturen Nazio Konferentzian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Uste dut memoria dela herri bezala iragan luze-luze-luze horretatik zer gogoratu nahi dugun eta zer ez dugun gogoratu nahi. Nortzuk isildu nahi ditugun eta nortzuei eman nahi diegun ahotsa, eta zergatik egin nahi dugun hori». Horrela definitu du Olatz Dañobeitiak memoria. Eta memoria zein transmisioari lotuta galdegin du: «Memoria hori eraikitzeko zein espazio ireki nahi ditugu? Denbora eta elkarrizketa behar dira, eta kolektiboki egin behar dugu hori. Neoliberalismoaren eta niaren jainkotzearen aro honetan zaila da ariketa kolektibo hori egitea, baina mugimendu bezala badagokigu».

Sorturen 8. Nazio Konferentzian eman dituzte hausnarketa hauek Lur Albizuk eta Dañobeitiak ostiral arratsalde honetan, ‘Transmisioaren korapiloak’ hitzaldian Joseba Permachen gidaritzapean. Eta hitzartzez hitzartze, Lego bat osatzen joan dira, berain ustez memoria ez delako «puzzle» bat, belaunaldiz belaunaldi eta inguru ezberdinetatik eraikitzen den Legoa baizik, piezak jarriz, kenduz eta mugituz.

Albizuk kontatu du nola sarritan mahaigaineratzen den transmisioaren inguruko kezka, trnasmisioaren «beharra» ahoz aho dabilela, baina asko kostatzen dela zehatzera eramatea. Eta zehatzera eramateko, ariketa kolektiboki egiteak duen garrantziaz mintzatu da Dañobeitia: «Transmisioaz aritzen garenean ematen du norbaitek jada erabaki duela zer kontatu behar den, akaso ezker abertzalean ere norbaitek erabaki zuen, baina uste dut hori eztabaidagai jarri behar dugula, eta zer gogoratu nahi dugun, zergatik eta nola, kolektiboki pentsatzea dagokigula».

«Ahanztura soziala existitzen da, eta egia sozialak ere inposatzen dira», kontatu dute, eta gaineratu guztioi bururatuko zaigula kasu zehatzen bat. Izan ere, biak ados daude memoria ere botere harremanek zeharkatzen dutenaren ideian. Eta ondorioz, herri zein mugimendu bezala, zer eta nola kontatzen den oso ezberdina izan daiteke kontatzen duenaren gorputzaren eta boterearen arabera.

Praktiken bidez eraiki

Memoria «etengabean» egiten ari garenaren ideia nabarmendu du Albizuk, eta azpimarratu du politizatzeko garaian ere eragin handia duela. Ados agertu da Dañobeitia eta gehitu du memoria etengabe egite hori ez dela diskurtsoetan bakarrik egiten, praktikan ere egiten dela memoria. «Memoria munduko leku askotan izugarrizko herri mugimendua da, Euskal Herrian oraindik ez», esan du.

Kontatzen denaz aritu dira solasaldi ia osoan zehar, baina Albizuk isiltasunari ere leku egin nahi izan dio: «Askotan transmititu izan zaiguna isiltasuna izan da. Iruditzen zait belaunaldi bezala isiltasun batzuk jaso ditugula herentzian, eta horrek pisu handia du, gauza batzuk ulertzeko elementuak falta zaizkigu».

Bide berrietatik iritsi

Euskal gatazkaren inguruko memoriari dagokionean, Dañobeitiak kontatu du nola ikerketa feministatik gatazkaren inguruko ikuspegi ez hegemonikoak kokatzea lortzen ari den, Estatuak inposatu nahi duenaren aurrean. Eta bide horretatik hausnartu du nola ardatz batzuek lagundu dezaketen memoria beste espazio batzuetara zabaltzen.

Latinoamerikan memoria aztertzen ari direnek hiru joera nagusi identifikatu dituztela azaldu du, eta kontuan hartzekoak direla: «Bat, desitxuraketa, biktima bezala izendatzea Estatuko indar armatuak. Bi, esperientzia alderatziz bizitzea, giza eskubideak urratu dituztenak giza eskubideen aldarrikatzaile bihurtzea. Eta hori, moral pribatura jotzea, dimentsio etikoa ikuspegi indibidual pribatu batetik kolektibitzatu nahi izatea».

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela ondorioztatu dute amaieran: «Memoria kaletik, diziplina ezberdinetatik, subjektu eta gatazka ezberdinak aitortuz egin behar da, eta horrek eskatzen du ausartak izatea eta prest egotea gure buruari mugimendu bezala begiratzeko. Oraindik ez gara gai denataz hitz egiteko, ados, ez da ezer gertatzen. Baina ahalik eta era demokratikoenean egin behar genuke ariketa hori».