Urriza, senitartekoek emandako txapelarekin buruan, zaleak agurtzen.
Urriza, senitartekoek emandako txapelarekin buruan, zaleak agurtzen. (Maialen ANDRES | FOKU)
Urriza, bere azken partidako ekintza batean.
Urriza, bere azken partidako ekintza batean. (Maialen ANDRES | FOKU)
Urriza, azken partida jokatzeko grinatsu.
Urriza, azken partida jokatzeko grinatsu. (Maialen ANDRES | FOKU)
Galarretako zaleak agurtzen.
Galarretako zaleak agurtzen. (Maialen ANDRES | FOKU)
Urriza, kontzentratuta, partida zehar.
Urriza, kontzentratuta, partida zehar. (Maialen ANDRES | FOKU)
Partida bukatu berritan, kideen txaloak Urrizarentzat.
Partida bukatu berritan, kideen txaloak Urrizarentzat. (Maialen ANDRES | FOKU)
Saskiak gora, Urrizari pasilloa egin diote.
Saskiak gora, Urrizari pasilloa egin diote. (Maialen ANDRES | FOKU)
Harmailetan batu diren guztiak zutik eta txaloka agurtu dute Urriza.
Harmailetan batu diren guztiak zutik eta txaloka agurtu dute Urriza. (Maialen ANDRES | FOKU)
Erremontista guztiek sinatutako kamiseta bat eman diote.
Erremontista guztiek sinatutako kamiseta bat eman diote. (Maialen ANDRES | FOKU)
Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Berezko duen dotorezia eta apaltasunarekin agurtu du Javier Urrizak erremontea

Javier Urrizak bere azken partida jokatu du profesionaletan eta hain berezko duen elegantziarekin agurtu da Galarretatik. Barrua mugitzen duen omenaldia jaso du, Aurrera Dantza Taldeak eskainitako emanaldi xume eta hunkigarriarekin, azken aldiz xistera eskuan jarri eta saskian azken kolpeak emateko.

Aurrera Dantza Taldeak ekitaldi berezia eskaini zuen Urrizaren agurrean, azken aldiz saskia janzteko.
Aurrera Dantza Taldeak ekitaldi berezia eskaini zuen Urrizaren agurrean, azken aldiz saskia janzteko. (Maialen ANDRES | FOKU)

Lana, duintasuna eta kirola uztartzen dituen pilotaria izan da Javier Urriza. Larunbat honetan, Galarreta pilotalekuan, azken dantza egin du, berezko duen dotoreziaz, bai partidan zehar baita partida osteko omenaldi hunkigarrian ere. Une batez, pilotalekuko denbora geratu egin da, azken dantza honetan Urrizak bere azken pausoak emango zituela ezin sinetsita zeudenen artean eta beraz, bertan gertatu ziren ekintza guztiek berebiziko arreta bereganatu zuen.

Ez ziren soilik pilota baten hotsak, ezta txaloen oihartzunak ere. Javier Urrizak bere azken partida jokatu zuen profesionaletan, eta frontoi osoak bihotza estutu zuen: dantzari baten azken urratsa, maisu baten azken kolpea, pilotari handi baten azken agurra. Aurrera Dantza Taldeak eskainitako emanaldi sentikorraren baitan lotu du azken aldiz saskia bere eskuan.

Azpiroz bizkarzain eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a arerio izan dira bere dantzalagunak, duela egun batzuetako Sagardoaren Txapelketako finaleko errebantxa gisara. Partida gaizki hasi baina azkenerako, garaipen ederra eskuratu du iruindarrak, agurra are bereziago eginez. Utzi ditu tanto gogoangarriak, berezko duen jokamoldearekin, elegantziarekin, xume-xume baina era berean, zitalkeriaz. Irabaztea ere gustatzen zaiolako, noski.

1.200 partidatik gora jokatu eta 30 txapel jantzi ditu Urrizak 18 urte hauetan. Baina Urrizaren eragina ez da zenbakitan sartzen: estiloan dago, jarreran, isil-isilik lan eginez utzitako aztarnan. Berak erakutsi du pilotan garaipena ez dela beti tanto batekin neurtzen, baizik eta bihotzetik zenbat ematen den.

Hori horrela ulertu du Sebastian Lizasok ere, eta omenaldian bertso eder hau kantatu du frontoin isiltasuna nagusituz: «Izar izateko jaio, izar distiratsu berez / erremontean maisua, burutua zenbait amets. Historia egin duzu, garaipenez eta txapelez / irabaztean umila, galdu beti gizalegez. Erremontetik bazoaz, zaletuaren nahigabez / horra milaka aurrean, eskerrik asko esanez. Guztiok opa dizugu, benetan eta bihotzez / garbi jokatzen jarraitu, nahiz berri txuriz jantzi ez».

Txalo zaparrada amaigabeak hartu du bertsoa eta Urrizak ezin izan du emozioa gorde.

Emozioak dantzan

«Emozio asko, guztiaz aldentzen saiatzen nabil», aitortu du partidaren aurretik. Eta hala ere, zentratzea lortu du, irabazteko grinari eta ikusleei ikuskizun bat eskaintzeko nahiari eutsiz. Atzetik aurrera egin du bikote gorriak: sake zorrotzak, bi paretako kolpe dotoreak eta historia gordeko duen mozketa batekin amaitu du lehen seta, 15-12. Tanto bakoitzean, mende bateko kirol baten funtsa zegoen. Bigarren jokoa ere emaitza berarekin bukatu da, Urriza eta Azpirozen alde.

Urrizaren alboan egoteko eguna zen gaurkoa. Bat etorri dira zenbait kirolari: Koteto Ezkurra, Jokin Altuna, Imanol Lopez... Txapeldunak guztiak, beste txapeldun bati aitortza eginez: «Agurra zoragarria bada, zerbaitengatik izaten da beti», onartu du Ezkurrak. Duela zazpi urte utzi zuen erremontea Doneztebeko aurrelariak, honek ere arrasto handia utzita.

«Berak dena eman du kantxan. Oso pertsona apala, lasaia, umila... horrelako lagunak eta horrelako pertsonak asko gustatzen zaizkit», onartu du Imanol Lopez puntistak. Era berean, oroitarazi du biek 2002ko Munduko Txapelketan kointziditu zutela aurrenekoz eta Urrizak urrezko domina eskuratu zuela, baina kasu honetan palan.

Galarretara bertaratu diren gehienek nabarmendu dute erremontea zorteduna izan dela iruindarrak honen aldeko hautua egin zuelako. Palan ere etorkizun oparoa ikusten zitzaion baina azkenean, saskia eskuan zuela egin du ibilbide profesionala, ezin oparoagoa.

«Bere izenaren aurretik erremontea jarri du beti. Hutsune handia utziko du», azpimarratu du Joxe Mari Bengoetxeak, Oriamendi 2010 enpresako zuzendariak. Aritz Eskuderok ere hitz politak eskaini dizkio, Urrizaren izaera apala ezin hobeto deskribatzen duena. «Ni bigarren mailako pilotaria izan naiz eta berarekin kointziditu dudanean, parez pare tratatu izan nau, errespetuz. Lehendabizi pertsona da eta gero, kirolaria».  

Asebeteta

«Pozik eta asebeteta noa», esan du iruindarrak, partida bukatu eta segidan mikrofonoa eskuetan hartuta. «Hau da izan dezakedan oparirik onena, jasotzen dudan maitasun hau da garrantzitsuena», nabarmendu du, ehundaka pertsonen txalo artean. Partidan bezala, omenaldi saioa ere atzetik aurrera joan zen: Urriza lasai batetik hasi eta negar malkoak ezin eutsitakora igaro baitzen orduerdi pasatxo iraun zuen ekitaldian. Erremontistak –une zailenetan aurpegia eman izana aitortu zion Ansak–, familia, EITB edota Oriamendi 2010 enpresak parte hartu zuten bertan, zenbait oroigarri emanda.

Senitartekoek txapela bat jantzi diote, sekula jantzi duen bereziena izango du seguraski eta honen ondotik, ezin hitz sentikorragoak bota ditu, duela gutxi zendu zaion ama goraipatu asmoz: «Daukadan gauzarik garrantzitsuena da familia, nire euskarria dira. Nire aitarengatik daramat elastikoan Urriza abizena, berak erakarri zidan pilotara, baina ikusten ez den Torres da nire amarena, eta honek erakutsi zidan kemenez bizitzen. Dauden lekuan daudela, disfrutatzen egongo direla espero dut».

Bere azken hitzetan, Urrizak eskerrik beroenak eman dizkie guztiei: familiari, lagunei, zaleei, entrenatzaileei eta komunikabideei. Ez zuen lesioak, sasoi zailak edo geldialdiak aipatu gabe utzi, baina batez ere, pilotalekuaren berotasuna goraipatu zuen. Era berean, «konbentzituta» agurtzen dela azpimarratu du.

«Hau pilota da, hau erremontea da; tradizioa, kultura, ondarea. Noblezia, baloreak. Guztion artean hau dena helarazten jarraitu behar dugu», pilota modalitate hau bere izenaren gainetik jarri duen seme iruindarrak.

Eta euskarazko azken agurra, bihotzetik egina, ekitaldia jarraitu zuten bihotz guztietaraino iritsi da, izan Galarretan izan telebista bidez: «Zoragarria izan da zuekin batera 18 urte hauek elkarbizitzea. Beti bihotzean eramango zaituztedalako. Pilotalekuak betetzen jarraitu dezagun, pilotak bizirik iraun dezan. Gora pilota, gora erremontea, bizi erremontea»

Gaur Galarretan ez da soilik pilotari bat erretiratu. Ondare bat utzi duen eta belaunaldi oso bati erreferente bat. Javier Urriza ez da frontoitik alde egin duen bat. Javier Urriza betiko geratuko da, horman islatutako irudi batean, txaloen oihartzunetan eta dantzarako azken pausoa dotore eman zuen gizon apal batean.