NAIZ

Zabala kementsu batek Altuna kaleratu eta Peio Etxeberriaren aurka lehiatuko da finalerdietan

Javi Zabalak ezustekoa eman du San Fermin Torneoko final-laurdenetan, Mungian jokatutako partidan Altuna –egungo Buruz Buruko txapelduna– mendean hartu ostean. Peio Etxeberria du zain finalerdietan, larunbatean Ezkurdia kanporatu baitzuen zenoztarrak, partida ikusgarri batean.

Zabalak finalerdietarako txartela lortu du, Altuna mendean hartuta.
Zabalak finalerdietarako txartela lortu du, Altuna mendean hartuta. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bero sapa izan da asteburuan Bizkaiko pilotalekuetan izandako lehietan. Bai herenegun Sopelan, bai atzo Mungian, beroari neurria ondoen hartu zionak irabazi zuen. Partidek luze jo dute eta igande honetan, boladako dema eskaini dute Zabala eta Altunak III.ak. Amezketakoak belauneko minez amaitu du, 17-19koan zabalean irrist egin ondoren. «Belauneko kanpoko aldean zerbait» zuela esan du Jon Apezetxea Aspeko kirol arduradunak, txosten medikoa berari ez dagokiola gehituta. «Garbi igarri dut belaunak klak egin didala eta beldurtu egin naiz», esan du Altuna III.ak.

Hala ere, partida bukatzeko moduan egon da gipuzkoarra –bi tanto ere egin ditu, azken txanpa apur bat estutzeko, 18-20 eta 19-21–, baina azkenean Javier Zabalak eraman du garaipena, pronostikoak hautsita. Ikusteko dago zein lesio mota daukan Altunak eta udako sasoia zenbateraino baldintzatuko dion.

Elkarren aurkako aurreko partida Buruz Burukoan jokatu zuten, final laurdenetan hura ere, eta orduan Altunak 15-7ko aurkako markagailua irauli zuen. San Fermin Torneoko txapela defendatzeko lehen partida zuen atzokoa amezketarrak, Buruz Buruko txapelketa irabazi ostean bere aurreneko partida serioa izanik. Indartsu hasi du partida, baina minutuak pasa ahala ahultzen joan zen. «Hankak makal, pilota batzuk ere bota ditut eta oro har, Zabala nagusi izan da eta, beraz, zoriondu besterik ezin dut egin», esan du porrota onartuz gipuzkoarrak.

Dema parekatua

5-1eko hasierako partziala alde izan du Altunak, jokoa erabat menderatuz. Deseroso sumatzen zitzaion Zabalari, baina errioxarrak atera du kemena berandu baino lehen partidan sartzeko. 5-3ra estutu du aurreneko txanpa, baina ez du lortu Amezketako aztiaren jokoa guztiz neutralizatzea. Sakearekin arriskatu nahi zuela kontatu du partida amaitu zenean, baina hor ere pilatu ditu akats batzuk (9-6ko sakean pasa egin du, esaterako; partidan zehar hiru pasa egin ditu guztira).  

Horren ostean, baina, Altunaren akatsak ere ohikoago bilakatu dira (10-7rako txapara bota du) eta errioxarrarentzat bizigarri izan dira. Ondo moztutako batekin eta txokotik zabalera ederki errematatuta, 10-9an jarri eta segidan, hamaikana berdindu du. Berdinketa gakoa izan da, hortik aurrera markagailua joan-etorriko izan delako, Altunarengan zenbait zalantza sortuta. 13-14an txapara bota du pilota eta horren ostean egindako putza oso adierazgarria izan da. Amezketarra ez zegoen kontent eta Zabalak egoera aprobetxatu du.

Horma-biko bikainarekin 17-16koa egin eta markagailua iraultzea ere lortu du (17-18) eta bigarren atsedenaldi luzetik bueltan, lehen aldiz, bi tantoko aldea lortu du. Altunak min hartu du orduan baina, amezketarraren ustez, horrek ez du baldintzatu garaipena. Zabalaren kemena aztiaren trikimailuei gailendu zaie.

FITXA TEKNIKOA:

ALTUNA III.A 19

ZABALA 22

Partidaren iraupena: 61:04 minutu. Pilotakada kopurua: 250. Sakez egindakoak: 1 Altunak eta 2 Zabalak. Faltak: 1 Altunak eta 3 Zabalak. Egindakoak: 11 Altunak eta 15 Zabalak. Galdutakoak: 7 Altunak eta 8 Zabalak. Markagailua: 21-0, 1-1, 5-1, 5-2, 5-3, 6-3, 8-3, 9-4, 9-6, 10-6, 10-7, 10-9, 10-10, 10-11, 12-11, 12-12, 12-13, 13-13, 13-14, 13-15, 14-15, 15-15, 16-15, 17-15, 17-16, 17-18, 17-19, 17-20, 17-21, 18-21, 19-21, 19-22.  Gertaerak: San Fermin Torneoko final-laurdenak, Mungiako udal pilotalekuan jokatuta, harmailak beteta, San Pedro festetako giro onean.