NAIZ

Interkonexio elektrikoaren aurkako martxa egingo dute ostiralean Gatikatik Mungiara

Bizkaiko Golkotik igaroz, frantziar eta espainiar Estatuen arteko elkartruke elektrikoa bikoiztuko duen azpiegituraren aurkako martxa deitu du Interkonexio Elektrikorik Ez plataformak uztailaren 4an, Gatikatik Mungiara.

Obrak Gaitka inguruan, interkonexio elektrikoaren proiektua dela eta.
Obrak Gaitka inguruan, interkonexio elektrikoaren proiektua dela eta. ( Iñaki Berasaluce | EUROPA PRESS)

Interkonexio Elektrikorik Ez plataformatik, dei egi die herritar guztiei ostiralean Mungiako jaiak direla eta egingo den manifestazioan parte hartzera, Gatikatik Mungiarako bidea eginez. «Aurten inoiz baino gehiago, indarrak inposatutako, beharrezkoa ez den eta herrian bizitza hondatuko duen proiektu baten aurka protesta egiteko egiten dugu», adierazi dute.

Ohar baten bitartez azaldu dutenez, abiadura handian aurrera doan obra da, «kaltetutako jendeari entzun gabe bultzatua eta dagoeneko gure ingurua eraldatzen ari dena». Izan ere, Gatikan estazio bihurtzaile handi bat eraikitzen ari dira eta Jataben eta Lemoizen ere ari dira zangak irekitzen kableatuaren ibilbidean zehar, eta azken herri horretan ere hasi dira kableak itsasora ateratzeko prestaketa lanak. Instalazio handi honek biztanleen bizi kalitatea aldatuko duela dio plataformak.

«Hori sustatzen duen enpresak gezurra esaten du sistematikoki, benetako inpaktuak ezkutatzen ditu eta promesa hutsak plazaratzen ditu justifikaezina justifikatzeko. Panorama horren aurrean, ez dugu itxaropena galdu nahi, eta gurea dena defendatzen jarraituko dugu», diote.

Bizkaiko Golkotik igaroko den urazpiko interkonexioak frantziar eta espainiar Estatuen arteko elkartruke elektrikoa bikoiztea ahalbidetuko luke.

Plataformak gogoratu dunez, duela gutxi, Europako Batzordeak Natura 2000 sarean sartu du Jaizkibel-Capbreton itsas eremua bere aparteko biodibertsitateagatik. Euskal kostaldearen aurrean 1.500 km²-ko azalera du, eta babestutako espezieak ditu, hala nola izurde handia eta funtsezko ekosistemak, hala nola arrezifeak eta itsaspeko leizeak.

«Erabaki horrek are gehiago indartzen du gure ingurua zuzenean mehatxatzen duten megaproiektuen aurrean babesteko beharra. Ulertezina da, babes adierazpen ofizial horren ondoren, orain eremu hori bera interkonexio elektriko handiarekin zeharkatu nahi izatea, 2 GW-ko bi zirkuitu, izaki bizidun ororentzat kaltegarriak izango diren eremu elektromagnetikoak sortuko dituztenak. Ekosistema ez ezik, Europako ingurumen-politiken koherentzia ere arriskuan jartzen duen kontraesan nabarmena da» salatu du Interkonexio Elektrikorik Ez plataformak.

Izan ere, duela gutxi Europako Inbertsio Bankuak (EIB) jakitera eman zuen 1.600 milioi euro bideratuko zituela proiektuari. Hala, 2.800 megawattetik (MW) 5.000 MWra handituko da elektrizitatea trukatzeko gaitasuna.

Manifestazioa 18.30ean irtengo da Gatikatik eta 19.30ean iritsiko da Mungiara, bertan elektro-txaranga bat izango da zain kaleak jai giroan zeharkatzeko. 20:00etan txosnetara iritsiko dira eta bertan ekitaldia egingo dute.