NAIZ

Petronorren instalazioek eragiten dute ingurumen inpaktu handiena Euskal Herrian

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batek egindako kalkuluaren arabera, Europan industriak sortzen dituen emisioen %60 energiaren sektoretik dator. Euskal Herrian Bizkaia da ingurumen inpaktuaren bolumen handiena duen lurraldea, eta Petronor inpaktu gehien eragiten duena.

Petronorren instalazioak, Muskizen.
Petronorren instalazioak, Muskizen. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Industrial Europan sortzen dituen emisioen ingurumen inpaktuaren %59,5 energiaren sektoretik dator, EHUko ikertzaile talde batek egindako kalkuluaren arabera.

Ekopol ikerketa taldeak Amalur EIS ingurumen informazioko tresna garatu du. Honi esker, ingurumen eraginak edozein mailatan kalkulatu eta azter daiteke.

Euskal Herriari dagokionez, azterketak ondorioztatu du Bizkaia dela ingurumen inpaktuaren bolumen handiena duen lurraldea (guztizkoaren %52). Petronorrek Musikzen dituen instalazioak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inpaktu handian sortzen dutenak, guztizkoaren %25.

EHUk azaldu duenez, ikertzaileek garatutako analisi sistema kutsatzaileen emisio eta transferentzien Europako erregistroko datuetan oinarritzen da, eta bizi-zikloaren analisiaren ikuspegia aplikatzen du. Lanean, 2007-2022 aldian EAEko industria instalazioetan bildutako emaitzak ere aztertu dira.

Amalur EIS sistemak ingurumen inpaktuak prozesatzen ditu, 2007-2022 aldian Europako 31.388 industria instalazioek lurzorura, airera eta uretara egindako isturketei buruzko datuak biltzen dituen Europako erregistroaren informaziotik abiatuta, eta bere azkerketan klima aldaketa bezalako gaiak hartzen ditu kontuan, besteak beste.

Alemania, inpaktu handiena duen herrialdea

Gorka Bueno EHUko ikertzaileak azaldu duenez, garatutako sistemak aukera ematen du «kutsatzaile industriaren emisioen datuak ingurumen inpaktu bihurtzeko eta zenbatzeko. Oso tresna baliotsua da jasangarritasunerako trantsizioa monitorizatzeko, batez ere Europan», adierazi du.

Sistema horren bidez egindako azterketaren emaitzen arabera (inpaktu handienak zein instalaziok eta zein sektore ekonomikotan sortzen dituzten zehazteko aukera ematen du), klima aldaketa da Europan ingurumen inpaktu osoan pisu handiena duen faktorea (%68,6).

Gainera, energiaren sektorea da industria jarduerek sortutako inpaktu osoaren %59,5en erantzulea.

Parametro horiekin lotutako eskualde inpaktu handienak Alemaniako Düsseldorf, Kolonia eta Brandenburgo eskualdeetan biltzen dira. Alemania da inpaktu handiena duen herrialdea (guztizkoaren %20,3), euskal unibertsitatearen ikerketaren arabera.

Euskal Herrian, Bizkaiak bolumen handiena

Euskal Herrian, Petronorrenak dira inpaktu handiena sortzen duten industria instalazioak (instalazioek ekoitzitako guztizkoaren %25).

Ikerketa honen arabera, gainera, «mineralen industriako sei planta nagusiek, batez ere zementu fabrikek, inpaktu osoaren %16,9 hartzen dute, eta zazpi zentral termikoek guztizkoaren %17 (bigarren kutsatzaileenak Total Energiesen ziklo konbinatuko biak dira, Castejonen, Nafarroan)».

Hondakinak tratatzeko sektorea hurrengoa da intzidentzian, inpaktu osoaren %12,5ekin (Galindoko hondakin uren araztegia bosgarren planta kutsatzaileena da, Zabalgarbiko erraustegia hamabigarrena eta Artigasko zabortegia 23. postuan dago).

Geografiari dagokionez, Bizkaia da ingurumen inpaktuaren bolumen handiena biltzen duen lurraldea (guztizkoaren %52, aztertutako multzoan gehien kutsatzen duten 25 instalazioetatik 10ekin).

Nafarroak, bestalde, zazpi instalazio ditu, inpaktu osoaren %23,7 hartzen dutenak; Gipuzkoak, berriz, bost instalazio ditu (%17,8), eta Arabak hiru instalazio (%6,3).

Ipar Euskal Herrian, eragina nabarmen txikiagoa da, guztizkoaren %0,5 bakarrik, EHUren azterlanaren arabera.