NAIZ
Bilbo

Euskal ekonomia «sendoa» den arren, tentsio geopolitikoaz ohartarazi du Laboral Kutxak

Ekonomiaren magnitude nagusiak ikusita, eta inflazioaren portaera alde batera utzita, Hego Euskal Herriko datu ekonomikoak positiboak direla nabarmendu du Laboral Kutxaren azken txostenak. Hala ere, munduko ekonomiaren egoera gero eta konplexuagoa eta zalantzagarriagoa dela ohartarazi du.

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako negozio garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga ikerketa zuzendaria.
Ibon Urgoiti Laboral Kutxako negozio garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga ikerketa zuzendaria. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Laboral Kutxaren ikerketa zerbitzuak 2024ko ‘Euskal Ekonomia’ txostena argitaratu du; astearte goiz honetan aurkeztu dute Ibon Urgoiti negozio garapeneko zuzendariak eta Joseba Madariaga ikerketa zuzendariak Laboral Kutxaren Bilboko egoitzan.

2024ko egora globalean, ekonomia nagusien portaeran egon den desoreka nabarmendu du txostenak. «Gainera, tentsio geopolitikoek gora egin dute, eta ziurgabetasun politikoa sekulakoa izan da, 2024aren amaieran Estatu Batuetan egin diren hauteskundeen aurrean», dio.

Hain zuzen ere, AEBren kasuan, haren ekonomiaren indarra azpimarratu du: BPGd-ak %2,8ko hazkunde tasa izan du, eta lan merkatua sendoa izan da. Horren ondorioz, eta prezioen %3ko hazkunde tasa kontuan hartuta, FEDek atzeratu egin ditu tasen jaitsierak.

Aldiz, eurogunean ahultasuna «egiturazkoa» bilakatzen ari dela nabarmendu du txostenak. «BPGd-aren %0,8ko hazkunde txikia, energia kostu handiek industria -sektorean eragindako krisialdiaren ondoriozkoa, eta Txinaren eta beste eragile batzuen lehia direla eta, inflazioak %2rantz egin du eta, horren eraginez, EBZ interes tasak jaisten hasi da ekitaldiaren erdialdean», argudiatu du.

Hego Euskal Herrian, aldiz, ekonomiaren dinamismoa «askoz handiagoa» dela dio Laboral Kutxaren txostenak. Izan ere, 2024an, Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordinak %2,2 egin zuen gora. Nafarroan ere antzeko portaera izan zuen, %2,7 hazi baitzen. Espainiar Estatuan, berriz, nabarmen handiagoa izan zen barne produktu gordinaren hazkundea: %3,2koa, hain zuzen.

Lan merkatuko magnitude nagusiek 2024an izandako bilakaera bat dator aipatutako barne produktu gordinaren datuekin, Nafarroan enpleguaren hazkunde tasa %4,6koa eta %2,2koa izan da eta EAEn, berriz, %0,8 txikitu da. Langabezia tasa %8,1ekoa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2023koa baino 4 hamarren handiagoa, eta Nafarroan %7,6koa, portzentajezko 2,3 puntu txikitu ondoren.

Prezioetan, urteko batez besteko hazkunde tasa %3,6koa izan da abenduan EAEn eta %2,7koa Nafarroan. Inflazioa EBZren helburuaren gainetik egon arren, irmoki egin du behera, %2ranzko bidean.

«Laburbilduz, magnitude nagusiak ikusita, eta inflazioaren portaera alde batera utzita, datuak, oro har, positiboak direla esan daiteke», nabarmentzen du Laboral Kutxaren txostenak.

Aurreikuspenak 

Hala ere, Laboral Kutxaren arabera, 2024aren amaieran Donald Trumpek AEBko hauteskundeak irabazi izanak baldintzatu egin dezake etorkizuneko bilakaera ekonomikoa; «hainbeste, ezen AEBko administrazioaren begirada protekzionistak munduko joko ekonomikoaren arauak aldatzea ekar baitezake».

«Muga zergez gain, AEBko agintariaren negoziazio modu berezia aintzat hartzen badugu, haren atzera-aurrerekin, zalantzaz jositako agertokia dugu, argi eta garbi. 2025eko bigarren erdian sartu ahala, munduko ekonomiaren egoera gero eta konplexuagoa eta zalantzagarriagoa da, dezelerazio ziklikoaren, tentsio komertzial berrituen eta ezkutuko arrisku geopolitikoen ondorioz».

Hala eta guztiz ere, Laboral Kutxaren aurreikuspenen abiapuntuan Hego Euskal Herrian «ekonomia sendo» bat dagoela jasotzen du txostenak eta %2ko hazkunde tasa espero du datorren urterako lau herrialdeetan. 2026rako, aldiz, desazelerazioa aurreikusten du, %1,8rainokoa Nafarroan eta %1,7rainokoa EAEn.

Enpleguari dagokionez, %1,4 (Nafarroan) eta %1,5eko (EAEn) hazkundea aurreikusten du kooperatibak 2025erako; 2026rako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %1,3ra jaitsiko litzateke, eta portzentaje berean mantendu Nafarroan. 

«Zenbait aldagai makroekonomikok egun erakusten dutenerresilientzia gorabehera, munduko ekonomiaren egoera ahul samarra da. Merkataritza tentsioek, nazioarteko zatiketa politikoak eta abian dauden arrisku geopolitikoek zuhurtzia handiz jokatzera behartzen dute, ekonomia eta enpresa politikako erabakietan», ohartarazi du.

Nolanahi ere, «Nafarroak eta Euskadik hazkunde posizio positiboetatik eta lan merkatu sendo samarretatik egiten diete aurre erronka horiei, baina kutsatzeko arriskua dago oraindik ere, hurrengo hiruhilekoetan nazioarteko ingurunea gehiago korapilatzen bada», laburbildu dute Laboral Kutxako arduradunek.