NAIZ

Nagore Laffage oroitu dute Iruñean, bere oroimenari sortutako abesti berri batekin

Datozen sanferminetan 17 urte beteko dira Nagore Laffage hil eta Euskal Herri osoa hunkitu zuen hilketa matxista gertatu zenetik. Astearte iluntze honetan omenaldia egin diote urteroko legez, eta propio berarentzat sorturiko abestia aurkeztu dute Kai Etxanizek eta Aurora Beltranek.

Nagore Laffageren heriotzaren urteurrenean egindako omenaldia.
Nagore Laffageren heriotzaren urteurrenean egindako omenaldia. (Jagoba Manterola | FOKU)

Sanferminen bezperetan, urtero bezala Nagore Laffage oroitzeko ekitaldia egin dute astearte arratsalde honetan Iruñean, aurtengoan berezitasun batekin: Kai Etxanizek Aurora Beltranekin batera abesti bat egin dio Nagoreren oroimenari.

Hamazazpi urte dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela 2008ko sanferminetan. Urtero bezala, Lunes Lilas taldeak omenaldia antolatu du neska gaztea gogoratu, «justizia erreparatzailea eta ez patriarkala» aldarrikatu eta festak inolako erasorik gabe pasatzeko eskatuz.

Musikaren presentziak egin du berezi aurtengo ekitaldia. Izan ere, Aurora Beltran, Kai Etxaniz eta Drogasek hartu dute parte. Beltranek ‘Chicas fuertes’ abestia kantatu du guztiz hunkituta, eta «dominarik jarri gabe» egunero feminismoaren bidean dabiltzan horiei eskaini die kantua. El Drogasek ‘Sin reverencias’ abestu du.

Jarraian heldu da ekitaldiko unerik bereziena, Nagoreren auziarentzat propio sortutako kantua. Etxanizek eta Beltranek abestu dute, errepika gogoangarriarekin: «Pongamos que esta vez llegas a casa a salvo / que ves amanecer, y el tiempo no ha parado/ que el miedo no nos sienta bien/ que tiene que cambiar de bando/ tú sabes que no tiene que doler/ que el amor no te hace daño/ que no ha pasado».

Berdintasunerako bidea

«Emakumeek erabakitzeko eta ezetz esateko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugu. Bizitzaren esparru guztiak berdintasunean gozatzeko eskubidea eskatzen dugu, baita kalea eta gaua ere», egin dute aldarri Lunes Lilaseko kideek.

Indarkeria matxista existitzen dela azpimarratu dute, eta horren biktima izan zela Nagore. Azken hamazazpi urteetan testuingurua aldatu dela onartu dute, aurrera urratsak eman direla, eta mugimendu feministak egindako lana txalotu dute. Eta adibidetzat jarri dute Iruñean Emakumeendako irekitako arreta zerbitzua, «azpimarratu nahi dugu Nagoreren izena jarri nahi diogula». Halere, adierazi dute baliabide gehiago behar direla eta ezin dela «atzera» egin, «emakume zaurgarrienengana iritsi behar dugu, politika publikoak behar ditugu. Dirua gastu sozialetara bideratu behar da, ez gerrara», amaitu dute.

Hamazazpi urtean «mina aldarri» bihurtzeko bidea egin dutela azaldu dute, eta aurtengo sanferminetan ere ez dutela inolako erasorik onartu aldarrikatu dute, «ez eraso matxistarik, ez homofoborik ezta arrazistarik ere».

Jarraian Asun Casasolak, Nagoreren amak, hartu du hitza eta eskertza hitzak besterik ez dituela aitortu du, «eskerrik asko bidea gurekin egin duzuen eta urte guzti hauetan babestu gaituzuen guztiei».

Amaitzeko, Lunes Lilas taldekoak Gazari begira jarri dira, eta Yala Nafarroak txupinazoa botatzea poztekoa dela nabarmendu dute, genozidioarekin bukatzea eskatzearekin batera.