
Vivian Bruchez pente raide edo aldats tenteak kontzeptuaren egungo espezialista handienetako bat izateaz gain, garai bateko historikoen lekukoa era oso egoki batean hartu du. Horren isla da bere ibilbide luzea zein aberatsa. Ez gara luzatuko gai horrekin, baizik eta amaitu berri duen proiektu handi batekin. Hots, ekarpenaren bidean jarri duena.
Maiz entzun dugu Alpeetako 82x4000 xedea: mendilerro horretan dauden 82 laumilakoak. Horiek guztiak igotzea makina bat mendizaleren helburua izan da. Eta jarraitzen du izaten. Baina frantziarrak ukitu berria eman dio proiektuari. Laumilako guztiak igotzeaz gain, tontor horietatik guztietatik eskiatzen jaitsi ditu. Hori egiten lehena izan da. Kosta egin zaio arrakasta hori erdiestea; hain zuzen ere, 21 urte. Horri guztiari gehitu behar diogu 22 jaitsiera berri eta inoiz eskiatu diren lau gailur lortu dituela.
Grandes Jorassesetako Pointe Marguerite izan da azkena. Laumilako hori ekainaren 20an igo eta, ondoren, eskiatu zuen. Amaitu bezain laster adierazi zuen xede horrek asko eskatu diola: «Erronka handi eta eder horretan nire energia osoa jarri dut. Egoera ezberdinak bizi izan ditut, baina lasai asko baiezta dezaket erabat bete nauela. Deant du Geant edo Aiguilles du Diablen bezala, Pointe Margueriten ere ezin izan nuen tontorretik bertatik eskiatu. Gailurra zapaldu eta pixka bat beherago eskiak jarri nituen; ahalik eta gailurretik gertuen. Eta hori etikarengatik, errespetuarengatik eta edertasunarengatik egin dut. Tontor bakoitzean arima bat aurkitu nuen; baita istorio bat ere».
Ekarpena
Nahiz eta helburu horrek 21 urte eskatu dizkion, alpinista eta eskiatzaile honek adierazi du, berez, azken 15 urteotan buru belarri ibili dela laumilako horietan. Hain zuzen ere, Jeremie Heitzen ‘La Liste’ pelikula ikusi zuenetik. Gar hori batez ere Mont Blanceko mendigunean sendotu zen; izan ere, eremu horretan makina bat laumilako daude: «Modu batera edo bestera esanda, nire kanpaleku nagusia Chamonix izan da. Alderdi horretan egitasmoak bestelako abiadura hartu zuen. Etxetik bertatik ateratzen zara, eta oso teknikoak diren jarduera oso interesgarriak egin daitezke».
Jakina, nortasun handia duen proiektu horretan hainbat kide ondoan izan ditu. Eskaladarako, adibidez, gutxi gorabehera 30. Eta horien guztien artean bati aipamen berezia egin dio: «Tom Lafaillek asko lagundu nau azken bost urteotan; hots, helburuak forma sendoa hartu zuenean. Baina badira beste asko, eta horientzat ere nire esker beroenak. Galdetu didate egin ditudan jaitsiera berrien inguruan. Ezin dut bat aukeratu. Asko bete nauena da ordura arte eskiatu ez ziren lau gailur horien gaia da. Den-denak Mont Blancen eta Grandes Jorassesen artean. Ezusteko ederrak hartu ditut!».

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz
