
Jai Alai Summer Season txapelketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute asteazken honetan Donostiako Miramar Jauregian. Txapelketa hau lehiaketa formatuetan berritzeko asmoarekin sortu zen eta aurten ere berrikuntzak mantenduko ditu. Jokalariek euren ohiko posizioetatik kanpo jokatuko dute eta bikote berriak osatuko dira. Joko dinamika berri hauek ikuskizun berezi eta zirraragarria eskainiko dute bai zale beteranoentzat eta baita kirol honetara lehen aldiz hurbiltzen direnentzat ere.
Txapelketa uztailaren 10ean hasiko da Galarretan. Txapelketa hasiko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV.a-Ezkurra, Azpiroz-Ansa II.a, Segurola-Larrañaga eta Aldabe-Juanenea. Bi bikoteetan postuak lekuz aldatzen dira eta ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute eta atzelariek aurrelari gisa. Honela, Barrenetxeak aurrean jokatuko du eta Ezkurrak, atzean. Azpirozek ere aurrean jokatuko du eta Ansak atzean. Beste bi bikoteetan postuak mantentzen dira.
Bost jardunaldi jokatuko dira eta azkenekoan finala jokatuko da. Uztailaren 10, 12, 17 eta 19an jokatuko dira ligaxkako partidak eta 26an finala.
Lau bikotez osaturiko txapelketaren lehen fasean, denek denen aurka jokatu beharko dute. Lehenengo eta bigarren postuetan geratzen diren bikoteek jokatuko dute uztailaren 26ko finala.
Bigarren Mailakoa, lehenengo aldiz
Bestalde, lehenengo aldiz jokatuko den Bigarren Mailako Oriamendi Erremonte Txapelketa 2025 aurkeztu da ere. Erremontari txapelketaren ondorioz denbora egon dira jokatu gabe Galarretan eta berriz ere itzuliko dira frontoira hiru hilabete iraungo duen txapelketan. Uztailaren 10ean emango zaio hasiera eta irailaren 27an, Buruz Burkoarekin batera, jokatuko da finala.
Ondorengo bikoteek jokatuko dute txapelketa: Susperregi-Zubiri, Aiestaran VII.a-Martirena, Gurrutxaga-Apezetxea, Goikoetxea V.a-Aiestaran VI.a eta Jabalera-Eskudero.
Sagardoaren Txapelketan erabili den formatu berdina izango du. Bost bikotek osatuko dute txapelketa eta lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. 10 jardunaldi izango dituzte horretarako: Uztailaren 10, 12, 17, 19, 26, abuztuaren 9, 16, 23, 30 eta irailaren 6.
Hirugarren eta laugarren postuetan geratzen diren bikoteek jokatuko dute beraien arteko play-off partida bat. Bigarren geratzen dena, finalaurrekora sailkatuko da eta play-offa irabazten duenaren aurka jokatuko du finalerdia. Ligaxkako lehenengo sailkatuak zuzenean finalerako txartela lortuko du eta bertan finalerdietako irabazlea izango du aurrez aurre.
Play-offa irailaren 13an izango da, finalerdia irailaren 20an eta finala, irailaren 27an.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
