NAIZ

Bilboko eta Pasaiako portuko uretan inoiz baino tenperatura altuagoak neurtu dituzte: 26 gradu

Estatuko Portuak erakundeak Bilboko eta Pasaiako portuetako uretan inoiz baino tenperatura altuagoak daudela berretsi du, 26 gradu Pasaiako buian eta 23 Bilbokoan. Estatu espainoleko erregistrorik altuena 30 gradukoa izan da, Balear Uharteetan.

Pasaiako portuko bokalea.
Pasaiako portuko bokalea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Uraren tenperaturak ekainerako erregistratutako balio maximoak gainditu ditu, bai Mediterraneo itsasoan, bai Kantauri itsasoan, Estatuko Portuen neurketa sareek ohar batean jakinarazi duenez. Hala, erakunde horrek egindako neurketaren arabera, zehazki 26,2 ºC-ra iritsi da Pasaiako buian, ekainaren 30ean, eta 23,4 ºC-ra Bilboko portuan, iragan ekainaren 20an.

Datu hauen arabera, Dragonerako buian, Balear Uharteetan, lortu da erregistrorik altuena. Izan ere, ekainaren 30ean, 17.00etan, 30,55 gradura iritsi zen ura bertan. Horrela, hilabete honetan izan den tenperaturarik altuena izan da erregistroak daudenetik.

Buia horrek berak urteko errekor absolutua zuen aurretik, 2024ko abuztuan 31,87 ºC gradura iritsi zelako. Estatuko Portuek kanpoko buia sare bat dute, ur sakonetan, eta kostaldeko beste bat.

Ur sakonetan, 23,39 gradu Bilbon

Kanpoko sarean, ur sakonekoan ere, Atlantikoko itsasertzean, ekainaren 30ean lortu ziren balio errekorrak: Bilboko buiak 23,93 ºC erregistratu zituen eta Villano-Sisargasekoak (A Coruña) 19,99 ºC, biak arratsaldeko 20.00etan.

Kosta sareak, portu eta hondartzetatik gertuen dagoenak, ere balio errekorrak eman ditu egun hauetan: Mediterraneoaren kasuan, Tarragonako buia 28,8 ºC-ra iritsi zen ekainaren 29an, eta Bartzelonakoa 27,6 ºC-ra hurrengo egunean.